DBHri urtebete kenduko diote batxilergoak beste ikasturte bat izan dezan

Batxilergoa hiru urtekoa izango dela berretsi du Espainiako Gobernuak; DBH murriztuta ere, 16 urte arte derrigorra izango da eskolaNafarroan ez da oposiziorik izango aurten, baina Jaurlaritzak eutsi egingo dio deialdiari

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Hezkuntza sistemaren egituran PPk egin nahi dituen aldaketak ari dira argitzen pixkana-pixkana. Batxilergoa DBHren bizkar luzatuko du Espainiako Gobernuak: urtebete kenduko dio DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari, eta batxilergoari jarriko dio bat gehiago. Nolanahi ere, aldaketa horrek ez du eraginik izango derrigorrezko eskola aldian: 16 urtera arte nahitaez joan beharko dute gaztetxoek eskolara, orain arte bezala. Hori berretsi du Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak. Aurten bertan onartu nahi du lege aldaketa hori.

Autonomia erkidegoetako hezkuntza kontseilariekin bildu ondoren eman zuen aldaketaren berri ministroak, atzo. Lehen bilera zuten kontseilariek eta ministro berriak. Madrilen izan ziren Hegoaldeko bi ordezkariak ere: Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria.

Mariano Raxoik inbestidura saioan plazaratu zuen PPren asmoa: batxilergoa hiru urtekoa izatea —bi dauzka gaur egun—. Ezinegona eragin zuen neurriak, ez zegoelako argi nola egingo ote zuen Raxoiren gobernuak: DBH murriztuta edo hezkuntza sistemari beste ikasturte bat jarrita. Bide errazaren alde egin du; besteak beste, ikasturte bat gehiago jartzeak aldaketa handiak egin beharra eta gastu handia lekarkeelako. Wert ministroak adierazi du analisi «zorrotza» egingo dutela DBH murriztu eta batxilergoa handitzeak lekarkeen gastuaz.

Bide errazena hartu du Espainiako Gobernuak, baina hezkuntza komunitateak gutxien babesten duena. Zelaa sailburuak berak egin du aldaketaren kontra: «DBHko 4. maila ezabatzeak kalte egingo dio unibertsitatez kanpoko hezkuntzari». Lanbide Heziketako ikasleekin, curriculum dibertsifikatua daukatenekin eta lanbide hastapenekoekin zer gertatuko den argitzeko eskatu du.

Handiak dira zalantzak. Bi kontu daude kontrajarrita. Batetik, DBHri urtebete kenduta, mailarik errepikatzen ez dutenek 15 urterekin amaituko lukete aldi hori; bestetik, ordea, PPk dio 16 urtera arte derrigorrezkoa izango dela eskolara joatea, orain arte bezala. Wertek atzo bertan adierazi zuen: «Aldaketak ez du esan nahi 16 urtetik behera jaitsiko dugunik derrigorrezko eskola aldia». Gaur egun, DBHn amaitzen da nahitaezko aldia; batxilergoa eta Lanbide Heziketa borondatezkoak dira.

Azken orduan aldaketarik egiten ez badute, derrigorrezko aldia lausotuago geratuko da: alegia, ikasleek nahitaez hasi beharko dute batxilergoan edo Lanbide Heziketan, nahiz eta lehen ikasturtearen ondoren nahi dutenek soilik jarraituko duten. Beste ondorio bat ere izango du: etorkizunerako aukera lehenago egin beharko dute ikasleek. Gaztetxoei lehenago aukeraraztea ez da berria; PSOEko gobernuaren azken legeak hiru bidetan zatitzen zuen DBHko azken urtea, hurrengo ikasketen arabera. PPk beste urrats bat egin du: hurrengo ikasketen aurrekari ez, irakats aldi berriaren zati izango da DBHko azken ikasturtea zena, laugarrena.

Egoera bereziak sor daitezke, beraz, irakats aldi batzuk hastea derrigorrezkoa izango delako baina amaitzea ez. Zer egingo duten ez du argitu Wertek: «Konpontzeko moduari buruzko argibideetan ez naiz sartuko. Banaketa honakoa izango da: hiru urte DBHk eta hiru batxilergoak». Legea aurten bertan eraman nahi du gobernuak Espainiako Kongresura, bigarren seihilekoan; beraz, 2013-2014ko ikasturtea izango da indarrean jartzerako. Kongresuan gehiengo osoa du PPk, eta badaki legea onartzea ziurtaturik duela.

Oinarrizko araua izanik, Hego Euskal Herrian bete beharrekoa izango da. Zelaak «etsita» hitz egin du, argibiderik ez duelako jaso; lehenago ere agertu izan da ekimenaren aurka. Nafarroako kontseilaria, Iribas, ez da aurka agertu, xehetasunak jakin zain. Ministroak badaki hezkuntza komunitatean oro har ez dutela begi onez hartu neurria. «Ahal denik eta kontsentsu handiena nahi dugu, eta horrek denbora behar du».

Oposizioak, «arriskuz kanpo»

Batxilergoa luzatzeaz ez ezik, aurtengo oposizioei buruz ere aritu ziren atzoko bileran. Erabakia: aurten ez dute deialdirik egingo. Nafarroan hala gertatuko da, sindikatuek aurreikusi zutenez; azken asteetan galdetu diote horri buruz kontseilariari, baina erantzun argirik ez die eman. Jaurlaritza izango da salbuespena: eutsi egingo dio deialdiari. «Euskadi arriskuz kanpo dago», esan du Zelaak. Espainiako Gobernuak murrizketak agindu aurretik deitu zuen Jaurlaritzak deialdi berrira.

Madrilen nahia zen aurten ez egitea oposiziorik, baina Jaurlaritzak zuen azken hitza, eskumena harena zelako. Langileekin sinatutako hitzarmenean jasota zeukan hark oposizioetara deitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.