De Andres Arabako PPko presidente izendatu dute, Alonsoren ordez

Arantza Quirogak uko egin dio legebiltzarreko eserlekuari.Alonsok dio ez duela moldatuko elkarbizitza lantaldeari buruzko mozioa

Erredakzioa
Gasteiz
2015eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Joan den asteazkenean Arantza Quirogak EAEko PPko presidente karguan dimisioa eman eta gero, azkar egin dira mugimenduak alderdi barruan. Quirogak kargua utzi eta biharamunean aukeratu zuten Alfonso Alonso presidente, eta, atzo arratsaldean, Arabako PPren zuzendaritzak Javier de Andres izendatu zuen Arabako PPko buru, Alonsoren ordez.

EAEko PPko zuzendaritza hartu berritan, Arabako aginte makila utziko zuela jakinarazi zuen Alonsok —2004tik egon da kargu horretan—, eta hark proposatu zuen De Andres ordezko gisa. Joan den legealdian, Arabako ahaldun nagusia izan zen Javier De Andres (Gasteiz, 1967). Aurtengo foru hauteskundeetan galdu zuen aginte makila, eta oposiziora igaro zen. Arabako Batzar Nagusietako PPko bozeramaile da ordutik. Arabako PPko idazkari nagusi ere izan da orain arte.

Arabako PPk lurraldeko presidente berria aukeratu duen egun berean, legebiltzarkide akta utzi du Quirogak. Politika utziko zuela iragarria zuen, eta atzo bertan egin zion uko Eusko Legebiltzarrean duen eserlekuari. Mahaiak gaur tramitatuko du haren eskaria. Quiroga 1998an aukeratu zuen aurrenekoz legebiltzarkide, Gipuzkoatik, eta lau legegintzaldi eman ditu Eusko Legebiltzarrean. Epe horretan, Eusko Legebiltzarreko presidente izan zen 2009tik 2012ra, PP eta PSEren arteko akordioari esker.

Quirogak legebiltzarrean utzitako eserlekua nork beteko duen erabaki beharko du orain EAEko PPk. Hauteskunde zerrendari jarraituz gero, Manuel Mitxelena gipuzkoarrari dagokio haren lekua hartzea. Izendapena ahalik eta azkarren egin nahi du PPk, osteguneko osoko bilkuran Quirogaren eserlekua hutsik egon ez dadin.

Elkarbizitzarako urratsik ez

Bakeaz eta elkarbizitzaz mintzatu da Alonso Radio Euskadi irrati katean, eta adierazi du bere asmoa ez dela elkarbizitzaren inguruko proposamen berririk aurkeztea, ez behintzat Espainiako bozak igaro arte. Quirogaren mozioari «gabeziak» ikusten zizkiola esan du Alonsok, besteak beste, ETA hitza ez zelako agertzen, eta horrek «ezker abertzalearen manipulazioa» ahalbidetzen zuelako. «Argi dago lantalderako mozioak hutsuneak zituela, Quirogak segituan bota baitzuen atzera eta ezker abertzaleak gustuko baitzuen».

Alonsok ohartarazi du PPk ez duela ETArekiko exijentzia jaitsiko eta EH Bilduri «urratsak» eskatuko dizkiola «terrorismoaren gaitzespenari» dagokionez. Politika egiteko ETAren indarkeria gaitzestea ezinbesteko baldintza dela gaineratu du EAEko PPko buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.