'De Miguel auziko' kideak «mafia» baten moduan aritzen zirela dio fiskalak

Epaiketako behin betiko ondorioen berri eman du Josu Izagirrek. Esan du ia auzipetu guztien arteko lotura EAJko kide izatea zela

Alfredo De Miguel —argazkian, eskuinean—, atzo, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE.
Erredakzioa
Gasteiz
2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Behin betiko ondorioen azalpenen fasean sartu du De Miguel auziko epaiketa, Arabako Lurralde Epaitegian, eta Josu izagirre fiskal nagusiarena da auzipetuak «mafia» baten moduan aritzen zirela erakunde publikoetatik dirua lortzeko. «Trama kriminal bat» osatu zuten haiek, Izagirreren arabera, eta kontratu publikoak-eta erdiesteko ez zieten uko egiten «koakzioei». Aipatu du ia auzipetu guztiak EAJko kideakizatea zela haien arteko lotura. 26 auzipetuen artean EAJren ABBko hiru kide ohi daude: Alfredo De Miguel —bigarren arduradun nagusia zen; Arabako foru diputatua ere izan zen—, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano.

Izagirrek esan du auziaren jatorria abokatu batek fiskaltzari emandako informazio «sendo» batean dagoela: grabazioetan eta De Miguelen mezu elektroniko batean. Hain zuzen, foru diputatua zen garaiko mezua da, bere kontu ofizialetik bidalitakoa, eta, operazio bategatik, ehun mila euroko eskaera egin zuen. Fiskalak adierazi du grabazioak «legezko eta baleko froga» direla, eta auzipetu guztiek horiek entzun ondotik deklaratu zutela, baina haietako hamabostek ez zituztela erantzun fiskaltzaren galderak .

Defentsak epaiketan zehar froga baliogabetzeko eskatu zuen, baina Izagirrek gogoratu du Espainiako Auzitegi Gorenak esana duela froga baten ondoren akusatua isilik geratzen bada, zigor aretoa akusatua errudun gisa hartzeko moduan dagoela.

Izagirreren ustez, hasieratik ikusi zen «erakunde kriminal bat» osatzen zutela eta «boterea zeukan jendea» zela. «Inpunitatez» aritu izana egotzi die.

Ustelkeria kasu handiena

2005-2009 artean delitu batzuk egitea leporatu die Izagirrek, eta, haren esanetan, EAEn ustelkeriaz sekula egin den epaiketarik handiena izan da. De Miguelentzat eskatu du kartzela zigorrik handiena: 29 urteko eta bederatzi hilekoa. Telleriari eta Otxandianori, bakoitzari hamahiru urte eta zazpi hilabetekoa. Sei auzipeturentzat absoluzioa galdegin du.

Abenduaren 19ra arte segituko dute ondorioen berri ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.