Jose Ricardo de Prada Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuaren ustez, «egokia» da Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatu izana. «Ondo iruditzen zait normalizazioarekin lotura duen guztia, eta funtsezkoa da askatasun politikorako eskubideak egonkortzea», esan du. «Ez badira demokraziaren aurka aritzen, joko politikoan aritzeko eskubidea dute». Sorturi dagokion epaiaren bidea babestu, eta bide horrek gehiago ere eman dezakeen ustea duela plazaratu du, gainera: Bateragune auziagatik preso dituzten bost lagunei zigorra kentzeko aukera dagoela dio.
Bilduri buruzko auzia hartu du aukera plazaratzeko abiapuntutzat: epaileek zioten oinarri batzuk ez zirela nahikoa Bildu zigortzeko. Auzitegi Nazionaleko epailearen ustez, litekeena da Auzitegi Konstituzionalak Bateragune auzian ere «bide horri» eustea: oinarri horiek ez baziren nahikoa Bildu legez kanpo uzteko, ez dira nahikoa izango Bateragune auzian epaitutakoak zigortzeko ere.
Euskal gatazkarekin lotutako hainbat erabakitan «gaizki» jokatu izan dela ere adierazi du magistratuak: «Indarkeriak min handia eta biktima asko eragin ditu, baina zuzenbide estatua hondatzeaedo kaltetzea ere ekarri du». Hainbat jurista egoera horrekin «kezkatuta» daudela adierazi du De Pradak Bilbon, Sabino Arana Fundazioak antolatuta ETAren amaierari eta zuzenbideari buruz egindako mintegian.
Zuzenbidearen oinarrietara itzultzearen aldeko apustua egin du horregatik; gaizki egindakoa zuzendu beharra dagoela esan du. «Kilometro kontagailua hutsean jarri behar da lehenik».
Berdintsu mintzatu da Joaquin Gimenez Auzitegi Goreneko epailea. Indarkeriak biktima asko eta «gorroto eskola bat» sortu dituela adierazi du, eta horrek «suntsiketa juridikoa» ere eragin duela. Horri buruz hausnartzeko deia egin du, eta gorrotoa alboratuta errespetuan oinarritutako adiskidetzea lantzeko eskatu du.
Gimenezek ere oniritzia azaldu dio Sorturen aldeko epaiari, eta «zaintzapeko legeztatzea» zentzuzkoa iruditzen zaiola adierazi du: «Inor ez da demokrata egiten egun batetik bestera; horretarako, jarrera batzuk izan behar dira denbora luzean».
Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuaren ustez, Sorturen epaiak bat egiten du «garai berriarekin», eta egokia dela deritzo. Presoei buruz, zigorra bete beharko dutela esan du.
Iñigo Lamarca arartekoak ETAren aurkako borrokak egindako «gehiegikeriak» eta «egon behar ez zuten salbuespeneko arauak» salatu ditu.
Sorturen legeztatzea
De Prada epaileak dio aukera dagoela Bateragunekoei zigorra kentzeko
Zuzenbide estatua «kaltetuta» dagoenez «gaizki egindako bidea desegiteko» eskatu du Auzitegi Nazionalekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu