Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Debatea igarota, kanpainari ekin diote berriro alderdi politikoek

Azken txanpan sartu da kanpaina, eta alderdiei hiru egun soilik geratzen zaizkie hautesleak erakartzen saiatzeko.

Oskar Matute, EH Bilduko kideek inguratuta, Zamudion (Bizkaia). BERRIA
Oskar Matute, EH Bilduko kideek inguratuta, Zamudion (Bizkaia). BERRIA
gotzon hermosilla
2024ko apirilaren 17a
15:00
Entzun

EITBk antolatutako eztabaidak ekarritako parentesiaren ostean, kanpainari ekin diote berriro hautagaiek, nork bere aldetik eta bakoitzak gai bat aukeratuta euren mezuak gizarteratzeko. Kanpaina azken txanpan sartzen ari da, eta alderdiei hiru egun baino ez zaizkie gelditzen hautesleak erakartzen saiatzeko.

EH Bildu, inbertsio funts publiko baten alde

Zamudioko Teknologia Parkea (Bizkaia) aukeratu du EH Bilduk ekonomiaren inguruko bere proposamenak plazaratzeko. Oskar Matute EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen ordezkariak «finantza gaitasuna eta giharra izango duen inbertsio funts publiko bat sortzea» defendatu du, «inbertsio egokiak egiteko ikuspegi eta planifikazio estrategikoa izango duena». Matuteren iritziz, Eusko Jaurlaritzak eratutako Finkatuz funtsa ez da nahikoa: «Errealitateak erakutsi du ez dela tresna eraginkorra, finantza zuzkidura eskasa du eta». Azaldu duenez, funtsa sortu zenetik, baliabide ekonomikoen herenak baino ez ditu aktibatu, «hiru operazio bakarrik egiteko, eta horietako bik, Kaikuren eta CAFen kasuek, ez zeukaten xedetzat arriskuan zeuden enpresei errotuta eustea, baizik eta Kutxabanken desinbertsio prozesuek utzitako hutsunea betetzea».

Euskaltelen egoitzaren aurrean egin dute agerraldia. Izan ere, EH Bilduren iritziz, telekomunikazio enpresa horrekin gertatutakoa «Urkulluren gobernuen politika industrialik ezaren, ikuspegi estrategikorik ezaren eta lidergo ekonomikorik ezaren ondorioa» da, eta, halaber, horren guztiaren «adibide paradigmatikoa».

Bestelako proposamenak ere egin ditu EH Bilduk: Finantzen Euskal Institutua banku publiko bilakatzea «enpresei eta instituzioei finantza gaitasun handiagoa emateko», eta Kutxabanki buruzko debatea berriro irekitzea, «euskal ekonomiari eta industriari egiten dion ekarpenaz, gure herrian daukan inbertsio ahalmenaz eta haren kontrol publikoaz eztabaidatzeko». Halaber, kapital pribatua ere mobilizatzearen garrantzia nabarmendu du Matutek, «inbertsio pribatua suspertzeko neurriak hartzeko, eta, adibidez, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak inbertsio produktibora bideratzeko sare industrialaren barruan».

Deslokalizazioaren kontra borrokatzea eta «ekosistema industrial indartsu bat finkatzea» ere funtsezkotzat jo du Matutek. Haren ustez, horretarako funtsezkoa da ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren aldeko «apustu irmoa» egitea eta alor horretan inbertsioa gutxienez BPGren %3ra igotzea.

PSE-EE, garraio publikoaren defentsan

PSE-EEk berriro aukeratu du garraio arloa bere kanpaina ekitaldirako, eta berretsi egin ditu joan den astean Bilbon azaldutako proposamenak. Oraingoan, baina, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriolak ere parte hartu du ekitaldian. Sozialistek sail horretan egindako lana defendatu du, eta Mugikortasun Jasangarriaren Legea jarri du horren adibidetzat, «instituzioen arteko lankidetza sustatu eta herritarrei zerbitzu hobea emango dien garraio sistema bat lortzeko tresnak eskura jartzen dituena».

PSE-EEren ekitaldia
Iñaki Arriola (ezk.) eta Aroa Jilete, PSE-EEren ekitaldian. BERRIA

Arriolak «garraio sare publiko, irisgarri, eraginkor eta integrala» defendatu du, eta harekin bat etorri da Aroa Jilete Arabako zerrendaburua. Jiletek hizpide izan du berriro Altsasu (Nafarroa) eta Miranda Ebro (Espainia) lotzeko aldiriko trenaren proposamena.

Botoa emateko deia egin du Jitelek: «Ezin gara etxean gelditu. Ezin dugu onartu eskuina agintean dagoen autonomia erkidegoetan gertatzen ari dena,  eskubideak eta askatasunak murrizten ari baitira. Eta, bestalde, ezin ditugu erakundeak subiranista eta independentisten esku utzi».

EAJk «lehentasuntzat» jo du osasungintza

Osasungintzari buruzko topaketa bat egin du EAJk Gasteizen, eta han, Imanol Pradales lehendakarigaiarekin eta Joseba Diez Antxustegi Arabako zerrendaburuarekin batera, osasun arloan eskarmentua eta prestakuntza duten hautagai jeltzaleak izan dira. Pradalesek esan du EAJrentzat «lehentasun nagusia» dela osasungintza, eta iragarri du zenbait neurri hartuko dituela agintea eskuratuz gero: etengabeko arretako guneen mapa «goitik behera» aztertzea, 277 milioi euro jartzea Donostiako, Basurtuko eta Usansoloko ospitaleak handitzeko, hamabost miloi euro inbertitzea Gasteizko osasun zerbitzua hobetzeko, Gasteizko Alde Zaharrean anbulatorio berria irekitzea hiru urteko epean, eta abar.

EAJren ekitaldia
EAJren hautagaiak, osasungintzari buruzko topaketan. BERRIA

«Euskal gizarteak merezi du, eta profesionalek ere ahalik eta azpiegiturarik eta ekiporik onenak merezi dituzte», azaldu du Pradalesek. Esan duenez, «herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena bermatzea» da haren alderdiaren konpromisoa.

Sumar, «ezker baliagarria»

Bizkaiko Ezkerraldera jo du Sumarrek, Sestaora hain zuzen, eta, langile tradizio joria duen eskualde horretan, ezkerreko balioak aldarrikatu ditu Alba Garcia lehendakarigaiak. Sumar «ezker konfederaleko boto baliagarri» gisa aurkeztu du Garciak: «Geu gara ezker baliagarriena, etorkizun oparoa duena. Ezin dugu alferrik galdu Eusko Jaurlaritzaren jarduera baldintzatzeko dugun aukera».

«Gogoko dugu Ezkerraldera etortzea, ezinbestekotzat jotzen dugu-eta langileen ondoan egotea», adierazi du Garciak. «Kale hauek industriaren eraispen basatiaren lekuko izan ziren 80ko hamarkadan, eta, gaur egun, Sestao da langabeziak gehien zigortutako herrietako bat».

Alba Garcia
Alba Garcia, Sestaon. BERRIA

Sestaok eta Ezkerraldeak dituzten arazo nagusiak aletu ditu Garciak, eta, bereziki, langabezia eta etxebizitza aipatu ditu. Etxebizitzak «espekulatzeko» erostea debekatzearen alde agertu da.

«Kultur aniztasuna» sustatu nahi du Elkarrekin Podemosek

Kultura izan da Elkarrekin Podemosek Errenterian (Gipuzkoa) egindako ekitaldiaren ardatz. Ahal Dugu-ko koordinatzaile Pilar Garrido «kultur aniztasunaren» alde agertu da, eta artea eta kultura hedatzeko plan bat proposatu du, aniztasun hori kontuan hartuko duena.

Herritar guztiek kulturarako sarbidea izatea, emakumeen parte hartzea aintzat hartzen duten kultur ekitaldiak sustatzea eta antzeko neurriak proposatu dituzte Elkarrekin Podemoseko hautagaiek. Miren Etxebeste zerrendako kideak esan du Jaurlaritzak «lidergoa» hartu behar duela kultur adierazpenak sustatzeko politiketan, eta Kultura Saila erabili behar duela horretarako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.