Debeku eskaerak atzera bota ditu Pedrazek

Espetxe politikaren aldaketa aldarrikatzea legezkoa dela dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Euskal presoen eskubideen alde gaur Bilbon egingo den manifestazioa baimendu du Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Hala ere, Guardia Zibilari, Espainiako Poliziari eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari eskatu die «beharrezko segurtasun neurriak hartzeko». Hala, manifestazioan zehar «delituzko» adierazpen, pankarta edo leloren bat entzun edo ikusiz gero deialdia bertan behera utz dezaten eta ekintza horien egileak atxilo ditzaten eskatu die epaileak poliziei.

Jesus Alonso fiskalaren ikuspuntuarekin bat egin du, beraz,Santiago Pedrazek. Aldiz, ETAren biktimen zenbait elkartek eta PPk eginiko debeku eskaerak ez ditu aintzat hartu. Fiskalarekin bat eginez, epaileak autoan dio «manifestazioaren antolaketan ETA edo beste erakunde terroristarik dagoela esateko oinarririk» ez dagoela. Horien gorazarrerik dagoenik ere ezin dela esan dio, «ezta euren metodoen edo kideen gorazarrerik edo biktimen gutxiespenik ere».

Babes zabala

Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren eta Ertzaintzaren txostenak aztertu ditu Auzitegi Nazionaleko epaileak. Txosten horietan deitzaileek ezker abertzalearekin edo legez kanpoko eragileekin duten «lotura» aztertu da. Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren irudiko, agerikoa da lotura hori; Espainiako Poliziarentzat, aldiz, ezin da frogatu. Hala ere, nabarmendu du gaurko manifestazioan egingo den aldarrikapena «Askatasunaren aldarrikapena» dela.

«Ideien bat-egite hori» onartzen badu ere, epaileak dio legezkoa dela euskal presoen eskubideak edo «espetxe politika aldatzea» aldarrikatzea. Pedrazek nabarmendu duenez, legez kanpoko eragileez gain, aldarrikapen horiekin bat egin dute alderdi politiko eta gizarte eragile «askok»; 4.500 atxikimendu aipatzen ditu. Horiek guztiek ezker abertzalearekin edo legez kanpoko eragileekin lotura duten edo ez ezin dela frogatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.