Amaitu da Altsasuko gazteen aurkako epaiketa. Bi aste eta 11 saioren ostean, defentsaren azken ondorioekin bukatu da, eta akusatuak epaimahaiaren ebazpenaren zain geratu dira. Defentsak adierazi du fiskaltzak eskatzen dituen zigorrak «neurrigabeak» eta «ezohikoak» direla, «hildakoak eta balak egon direnean salbu». Gazteek, berriz, uko egin diote azken hitza hartzeari.
Herenegun Amaia Izko eta Jaime Montero abokatuek egin bezala, atzo Jose Luis Galanek eta Eva Gimbernatek ere gazteen absoluzioa eskatu zuten, eta ukatu euren defendatuek bi guardia zibilen eta euren bikotekideen aurkako erasoan parte hartu izana. «ETAk bere amaieraren berri ematean, haren jarduna ahaztu behar ez den arren, gauza bat da terrorismoa ez ahaztea, eta beste bat kontakizun bat asmatzea eta zigor motak behartzea», azaldu zuen Galanek. Izan ere, bere esanetan, akusazioak «terrorismo adjektiboa behartu du propaganda asmoekin». Gazteei lesio eta mehatxu terroristak leporatzen dizkiete, eta horrek «alarma» sortu du herritarren artean.
Gimbernaten arabera, Altsasuko auzia «zentzugabekeria juridiko bat» da. Ospa mugimenduarekin dituzten ustezko harremanez, Galanek defendatu du «guztiz legitimoak» liratekeela, «tiroka defendatzen ez badira». Gimbernatek gehitu du «guztiz partzialak» direla Alde Hemendik mugimenduarekin eta ETArekin lotzen dituzten txostenak ere. Gauzak horrela, Galanek epai «justu bat» eskatu du: «Ebazpenak zenbat eta justizia gehiago lortu, orduan eta elkarbizitza handiagoa». Gimbernaten esanetan, lesioak kontuan izanik, ez litzateke lesio arinen delitu edo falta bat baino gehiago izango.
Defentsaren ondorioak amaituta, Altsasuko gazteak epaiaren zain daude
Defentsako abokatuek gazteen absoluzioa eskatu dute. Terrorismo adjektiboa behartuta «propaganda» egin izana salatu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu