Kaletik Gaztetxera dinamikako militanteak

Alaitz Zengotitabengoa Altzerreka - Ander Sarriugarte Garcia: «Durangon piztu zen gaztetxearen aldeko grina ez da desagertuko konponbide bat izan arte»

EAJk okupazioaren kontra proposatutako neurria baliatuta, Durangoko Kaletik Gaztetxera dinamikako kide bat epaitu dute. Erabakiaren zain dauden arren, martxan da herriko gaztetxearen proiektua eta prest daude hura defendatzeko.

Alaitz Zengotitabengoa Altzerreka eta Ander Sarriugarte Garcia, Durangoko gaztetxe berrian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Alaitz Zengotitabengoa Altzerreka eta Ander Sarriugarte Garcia, Durangoko gaztetxe berrian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena.
Durango
2025eko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bata bertzearen gainean pilatutako aulkiak sarreran, obrako materiala eraikin guztian barrena eta barra inprobisatua txoko batean. Martxan da Durangoko gaztetxe berria (Bizkaia): Kaletik Gaztetxera dinamikaren barruan, herriko gazteek ekainaren erdialdean okupatu zuten eraikina, eta auzolanean ari dira proiektuari forma ematen. 

Bien bitartean, okupazio horrengatik prozesu judizial batean murgilduta daude: gaztetxeko kide bat epaitu zuten ekainaren 25ean, eta erabakiaren zain daude —gehienez hamabortz eguneko epean emanen du ebazpena epaileak—. Izan ere, epaiketa azkarra izan zen. Zertaz? EAJren proposamen bat abiapuntu hartuta, Espainiako Diputatuen Kongresuan Prozedura Kriminalen Legea aldatu zuten iaz, eta, bertzeak bertze, etxegabetzeak 48 orduan egiten ahalko dira aurrerantzean, baldin eta jabeak kautelazko eskaera bat egiten badu. Prozedura hori baliatu zuten gaztea epaitzeko, eta lehenbiziko aldia izanen da hori gaztetxe bati aplikatzen diotena. Baikor daudela aitortu dute Alaitz Zengotitabengoa Altzerreka (Durango, 2002) eta Ander Sarriugarte Garcia (Durango, 2003) gaztetxeko batzarreko kideek. Elkarrizketarako prest daude, baina baita borrokarako ere: «Bota ahal gaituzte, baina Durangon piztu zen gaztetxearen aldeko grina ez da desagertuko».

EAJk proposatutako okupazioaren kontrako neurria aplikatu dute Durangoko gaztetxearen kontra. Arau horrek, bertzeak bertze, okupazioa bide azkarretik epaitzea dakar. Zer ekarriko dio horrek gaztetxeei? 

ALAITZ ZENGOTITABENGOA ALTZERREKA: Langileon eskubide politikoetan emandako atzerapauso gisa identifikatzen dugu, estatuaren autoritarismoaren beste aurpegietako bat da, egungo krisi testuinguruan ageri dena. Izan ere, uste dugu honek okupazioaren kontrako kriminalizazioan gehiago sakontzen duela. Batetik, gizarteko sektore kaltetuenak gehiago zapaltzen ditu: etxebizitzara sarbiderik ez dutenak eta okupaziora jo behar dutenak, hain zuzen. Bestetik, horren guztiaren kontra antolatzen den oro, izan gazteak izan beste eragile batzuk, are gehiago zapaltzen ditu. Gainera, arazoaren erroa desplazatu egiten du, hau da, jabetza pribatua gutxi batzuen eskuetan dagoela seinalatu beharrean, arazoaren irtenbidea seinalatzen du: kasu honetan okupazioa. 

Durangoko gaztetxea izan da arau berri horren ondorioak pairatzen lehenbizikoa. Mugarri bat izan daiteke hau Euskal Herriko bertze gaztetxeendako? 

ANDER SARRIUGARTE GARCIA: Bai, noski. Gaztetxeak legearen aurrean babesgabe uzten gaituelako. Lehen zaila bazen gaztetxe bati eustea, orain are zailago; eta, seguru, ikusiko ditugu husteak edo ondo ateratzen ez diren proiektuen adibide gehiago. 

Uste dugu inportantea dela azpimarratzea neurri horrek gaztetxeen biziraupenari egiten dion kaltea, baita hori babestu duen alderdi bakoitzak kalte horri dagokionez duen erantzukizuna ere. Izan ere, garrantzitsua da seinalatzea EAJk duen erantzukizuna, baina baita beste alderdi guztiek dutena ere; guztiek babestu zutelako neurria, baita Euskal Herrian nagusi den EH Bilduk ere. 

Zer-nolako garrantzia du babesgabetasun legal horri komunitate moduan erantzuteak? 

ZENGOTITABENGOA ALTZERREKA: Ezinbestekoa izan da guretzat herriko gazteen aldetik jasotako babesa: bai epaiketaren egunean, eta bai manifestazioan edo batzarretik antolatutako bestelako ekitaldietan. Epaiketa egunean, adibidez, Defentsa Komunitateagaz prentsaurreko bat egin genuen, ikusten dugulako gaztetxeen arteko elkarlana ez dela zerbait espontaneoki gertatzen dena, edo zerbait sinbolikoa; kontzienteki antolatzen den zerbait baizik. Guk argi dugu: Durangok gaztetxea behar du, eta Euskal Herrian espazio horien defentsa antolatzeko beharra dago. Defentsa eta elkartasun horren adierazle dira kurtso honetan izan diren hainbat borroka prozesu: Gernikako gaztetxe berria, Etxarri II gaztetxearen defentsa...

Borroka horretan ezinbestekoa da guretzat beste batzarrakaz termino politikoetan eztabaidatzea: gaztetxeek zer funtzio bete behar duten edo zelan sortu harremanak beste gaztetxeakaz. Eta, hain zuzen, horretara dator bihar, uztailak 12, Gernikan Gaztetxeak aurrera lelopean antolatuko den egitaraua.

«Gaztetxeen arteko elkarlana ez da zerbait espontaneoki gertatzen dena, edo zerbait sinbolikoa; kontzienteki antolatzen den zerbait baizik»

ALAITZ ZENGOTITABENGOA ALTZERREKAKaletik Gaztetxera dinamikako militantea
Ekainaren hondarrean izan zen epaiketa: fiskaltzak absoluzioa eskatu du. Herriko alkateak, ordea, erran zuen uste zuela epaiketaren ostean gaztetxetik aterako zintuztetela. Zer espero duzue zuek? 

SARRIUGARTE GARCIA: Oraindik ez dago argi bide judizialak non bukatuko duen, baina argi dago gaztetxea indartsu dagoela, eta inoiz baino gazte gehiago batzen ari dela. Gaztetxearen proiektua martxan dago, ez da stand by egoeran gelditu prozesu judizialagatik; eta gu baikorrak gara, uste dugu badaudela baldintza batzuk etorkizunean gu hemen gelditzeko. 

Halere, gu botatzera etorriko balira, baditugu irakaspen batzuk eta badakigu espazioak defendatu behar direla. Nahi duten espazio guztietatik bota ahal gaituzte, baina Durangon piztu zen gaztetxearen aldeko grina ez da desagertuko konponbide bat izan arte.

Adierazpen horiek egitearekin batera, alkateak adierazi zuen Galtzaretako eraikina gazteendako izatea nahi zuela. Baina eraikin hori mankomunitateko gizarte zerbitzuek erabiltzen dute orain, eta, bertze eraikin bat erosteko asmoa duten arren, ez dago argi noiz eginen den lekualdaketa. Zer berme eskaintzen dizue horrelako proposamen batek? 

ZENGOTITABENGOA ALTZERREKA: Ez digu inongo bermerik ematen. Ikusi dutenean gaztetxearen aldeko mugimenduak indarra eta dimentsioa hartu duela, beren burua behartua ikusi dute adierazpenak egitera. Esperientziaz ikusi eta ikasi dugu udalak ez duela inolako borondaterik gazteoi espazioak emateko, eta horrelako promesa faltsuak presionatuta sentitzen direnean bakarrik egiten dituztela. 

Kasurik onenean, aukera horrek aurrera egingo balu, oso argi adierazi zuten ez dela gaztetxe bat izango, udalaren kontrolpeko espazio bat baizik, eta, ondorioz, udalaren interesei erantzungo lieke. Guk argi esaten dugu hori ez dela Durangoko gazteen interesak bermatuko dituen espazio bat, guk testuinguru despolitizatuari erantzungo dion espazio bat nahi dugu: jendeagaz politika egiteko, jendea politizatzeko, bakoitzaren ezinegon politikoak asetzeko… 

(ID_15130599) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-07-09, Durango. Durangoko gaztetxeko kideak
Alaitz Zengotitabengoa Altzerreka eta Ander Sarriugarte Garcia, Durangoko gaztetxearen atarian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zuek elkarrizketarako prest zaudete?

ZENGOTITABENGOA ALTZERREKA: Bai, prest gaude bilerak egiteko udalagaz, baldin eta elkarrizketa hori egiten bada gazteok eskatzen dugun terminoetan. Argi dugu bitartean borrokan jarraitu beharko dugula, udalak ezer ez digu erregalatuko, eta, zerbait lortzen badugu, borrokatuz eta presioa eginez lortuko dugu.  

Alkatearen jarrera ez ezik, Poliziarena ere salatu duzue, ezta? 

SARRIUGARTE GARCIA: Hori da. Polizia hor egon da, aurreko gaztetxea galdu genuenean eta bitartean. Uste dugu jarrera horrek Poliziaren funtzioari berari erantzuten diola: gutxi batzuen onerako jarduten dute, askoren interesekoa den espazio baten aurka egin behar bada ere, eta, horretarako, behar den biolentzia guztia martxan jartzen dute. Behin eta berriro bizi behar izan dugu, bai guk eta bai beste batzar askok. 

«Gutxi batzuen onerako jarduten du Poliziak, askoren interesekoa den espazio baten aurka egin behar bada ere, eta, horretarako, behar den biolentzia guztia martxan jartzen dute»

ANDER SARRIGUARTE GARCIAKaletik Gaztetxera dinamikako militantea
Ez da lehenbiziko aldia Kaletik Gaztetxera dinamikako militante bat epaitegietara iristen dena: apirilean bertze lauk ere epaiketa bat izan zuten, abenduan okupatu zenuten eraikinaren hustuketa dela eta. Nolakoak izan dira azken hilabeteak? 

ZENGOTITABENGOA ALTZERREKA: Azken hilabete honetan jende asko batu da batzarrera, eta eztabaida batzuk izateko edo indarrak batzeko baliatu dugu. Hori posible izan da inguruan izan ditugun beste borroka eredugarri batzuengatik, eta, hain zuzen, Durangotik zabaldu nahi dugun mezua zera da: gaztetxeen aldeko borrokak indartsu jarraitzen du eta borrokak merezi du. Dei egiten diegu Euskal Herriko beste gazte langileei auzoetan eta herrietan antolatzera, euren interesen alde borrokatzera, eta gaztetxerik ez dagoen lekuetan horrelako espazioak zabaltzera. Borroka ez da bukatu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.