Egunkaria auzia

Deklarazioak amaitu ondoren ere fiskalak ez du auzipetuen aurkako zigorrik eskatu

Gaur guardia zibilen perituei hainbat galdera egin dizkie Carballok, baina azalpenak ez zaizkio nahikoak iruditu; auzibidean kasua artxibatzeko eskaera egin zuen. Defentsak ere ez du zigorrik eskatu; herri akusazioak bai, lehengo eskaera berak. Bi perituk esan dute 'Egunkaria'-k akziodunen datu base faltsua zeukala. Kazetaren sorreran herritarren artean egindako diru bilketa ETArekin lotu dute guardia zibilek. Defentsaren lekukoek gaur ere berretsi dute 'Egunkaria'-k eta auzipetuek ez zutela ETArekin harremanik. Auzipetuei atzemandako agirien itzulpenetan akats ugari daudela diote defentsaren perituek. Otsailaren 1ean segituko du epaiketak parteen informeekin, eta 3an bukatuko da.

2010eko urtarrilaren 27a
21:02
Entzun
Bukatu dira Egunkaria-ren aurkako epaiketako auzipetuen, bi aldeetako lekukoen eta perituen deklarazioak, eta Miguel Angel Carballo Espainiako fiskalak jakinarazi du lehengoari eusten diola; hau da, ez du Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuen aurkako zigorrik eskatu. 20:23an eman du horren berri, Auzitegi Nazionaleko aretoan. Auzibidean kasua artxibatzeko eskaera egin zuen fiskalak, deliturik ikusten ez zuela argudiatuta -Espainiako auzitegiak ez zuen eskaera aintzat hartu-, eta berdin segitzen du -gaur ez zaizkio guardia zibilen perituen azalpenak nahikoak iruditu-.

Defentsak ere orain ez du zigorrik eskatu. Aldiz, Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek bai; lehengo eskaerei eutsi diete -12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak-.

Otsailaren 1ean (astelehena) abiatuko da berriro epaiketa, herri akusazioen informeekin. Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak jakinarazi du 2an eta 3an jarraituko dutela saioek, beste parteen txostenekin. Gaur zortzi bukatuko da epaiketa, otsailaren 3an. Epaiaren zain geratuko dira orduan.

2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak Egunkaria, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, ETArekin lotura izan zuelakoan. Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi eta Oleagaz gain, Pello Zubiria, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen) eta Inma Gomila atxilotu zituzten.

=b'Egunkaria'-k eta auzipetuek ez zutela ETArekin harremanik berretsi dute gaur ere lekukoek=b

Espainiako Auzitegi Nazionaleko aulkian eseri dira gaur berriro auzipetuak, bosgarren saioan, eta lehendabizi defentsaren lekukoak hasi dira deklaratzen. Hainbat izan dira lekukotza eman dutenak, eta guztiek ziurtatu dute Egunkaria-k eta auzipetuek ez zutela ETArekin harremanik.

Goizean Nerea Azurmendi El Diario Vasco-ko kazetari eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea izan da deklaratzen lehena, defentsaren lekuko gisa. Azurmendik ziurtatu du ETAk eta KASek ez zutela inolako esku-hartzerik izan Egunkaria-n, eta berak bizi izandakoan oinarrituta ziurta dezakeela hori.

Sebastian Barinagarrementeria Egin argitaratzen zuen Orain S.A.ko kudeatzaile ohia izan da hitza hartzen hurrena. Orain S.A.k Egunkaria-rekin harreman "erabat komertziala" izan zuela esan du eta, euren errotatiban ez ezik, zenbait produktu El Diario Vascon-n botatzen zituztela. Egunkaria Sortzen indartzean Orain S.A.k euskara hutsezko egunkaria plazaratzeko zuen proiektu propioa baztertu zutela ere azaldu du Barinagarrementeriak.

Ildo bertsukoak izan dira Simeon Barroso Apika informatika enpresako buruaren eta Ander Larrañaga Antza inprimategikoaren deklarazioak.

Ondoren, Jonan Fernandezen eta Iñaki Zubeldiaren lekukotzen ardatza auzipetuekin zuten harremanaren ingurukoa izan da. Esaterako, Fernandezek agertu du Oleaga Elkarri-ko bazkidea eta Auzmendi bazkide laguntzailea zirela. Halaber, agertu du 80ko hamarkadan Tolosako Udalerako HBko zerrendakide independenteak izan zirela Otamendi eta biak, baina ziurtatu du berak bezala Otamendik ez zuela indar politiko horrekin harreman organikorik.

Imanol Igeregi Ikastolako kooperatibako buruak ere deklaratu du eta, besteak beste, adierazi du Xabier Oleagak indarkeriaren kontrako jarrera duela eta honek proposatu zuela ETAk Bixente Lizarazu futbol jokalariari egindako mehatxuen harira gaitzespen oharra plazaratzea.

Jakin taldeko Joxe Azurmendi pentsalari eta idazlea eta Joseba Intxausti historialari eta idazlea aritu dira hurrena. Bata zein bestea Egunkaria Sortzenen aritu zirela agertu dute, eta Martin Ugaldek eta Karlos Santamariak proiektu hartan izandako inplikazioa azpimarratu. Azurmendik, adibidez, agertu du Egunkaria-ren 11 oinarriaren muina Santamariak askoz ere lehenago Jakin aldizkarian argitaratutakoetan zegoela. Torrealdairen lagun gisa ere hitz egin dute biek. Azurmendik agertu du espetxetik irten zenean torturatu egin zutela aitortu ziola Torrealdaik, negar artean, hiru orduko hizketaldi luzean.

Intxaustiren lekukotzarekin amaitu dira defentsak eskatutako lekukoen deklarazioak. Astelehenean mintzatu ziren besteak: Iñaki Zabaleta Egunkaria Sortzen taldeko partaidea, Imanol Murua Uria kazetako langile ohi eta Egunkaria Sortzeneko kidea, Jose Luis Zinkunegi jesuiten burua, eta Fernando Berridi El Diario Vasco-ko gerente ohia. Egunkaria sorreratik bertatik independentea eta plurala zela berretsi zuten.

Defentsaren perituen txandan, itzulpenetako akatsak agerian

Ondoren, defentsaren perituak hasi dira. Kaligrafiako perituen agerraldia tramite hutsa izan da. Itzulpen arlokoekin, aldiz, gorabehera gehiago ari da jazotzen. Lehenik eta behin Auzitegi Nazionalean guardia zibilenitzulpenen egokitasuna berretsi zuten itzultzaileekin nahasmena izan da. Deklaratzera deitu dutena ez da izan, agi denez, Egunkaria auziko itzulpenen egokitasunari oniritzia eman ziona, eta, ondorioz, balioztatu gabe geratu da Auzitegi Nazionaleko itzultzaileek egindako txostena.

Nahasmen horren ondoren, Bego Montorio itzultzailea, defentsaren peritua, hasi da deklaratzen. Itzulpenetan hainbat akats atzeman dituztela agertu du, adibidez, "ene uste apalean" "en nuestra opinion en la estanteria" gisa itzulita; "elkarrizketa" "negociacion" gisa, "banaketa" "votacion" eta horrela. Montoriok esan du hainbat pasarte zentzua aldatuta daudela, eta batzuetan jatorrizkoetan ez dauden ideiak sartzeko gogoa ere sumatu dutela.

=bGuardia zibilen bi perituk esan dute faltsua zela 'Egunkaria'-ren akziodunen datu basea=b

Guardia zibilen bi perituren adierazpen harrigarriekin ekin diote arratsaldeko saioari. "ETAk zenbateraino eragin zuen Egunkaria-ren administrazio kontseilua izendatzeko orduan?", galdetu dio Dignidad y Justicia herri akusazioko abokatuak peritu bati, eta honek erantzun du Egunkaria-k ez zuela akziodunik eta datuak faltsutu egiten zirela. "Boterea gutxi batzuen esku zegoen". Beste batek gauza bera, AVT herri akusazioko abokatuaren itaunari ihardetsiz: "Datu baseak faltsutu egiten ziren". Baina ez dute argitu ETAk agintzen zuenik, akusatzen duten bezala. Ez dute ustezko datu base faltsurik erakutsi, nahiz eta kazeta itxi zutenean goitik behera miatu zituzten honen egoitzak.

Egunkaria-k urtero egin zituen akziodunen batzarrak, eta bilerok publiko egiten zituen aurrez. Hain justu, 2002ko ekainaren 15ean egin zuen azken batzarra -bere XII.a-, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean, eta Txema Auzmendi administrazio kontseiluko idazkaria, Martxelo Otamendi kazetako egunkaria, Iñaki Uria kontseilari ordezkaria eta Joan Mari Torrealdai administrazio kontseiluko lehendakaria eseri ziren mahaian (hau da orduko argazkia; 2002ko ekainaren 16ko Egunkaria-n argitaratu zuten, 14. orrialdean). Parkean egindako lehen batzarra izan zen hura, eta akziodunek egoitza bisitatu zuten, 2002ko ekainaren 16ko Egunkaria-ren 15. orrialdean ikus daitekeen bezala.

1990ean euskarazko egunkariaren proiektua abian jartzeko dirua biltzeko Euskal Herrian 185 batzorde sortu ziren, eta ekimen hura ere ETArekin lotu dute perituek, "ohikoa delako ETA eta KAS inguruan herritarren dirua biltzea".

Udaletxe proiektua izeneko dokumentuan "ezker abertzaleko" erakunde batzuen finantziazioaz hitz egiten dela azaldu dute guardia zibilen perituek: "Egunkaria, Argia-...". Haien arabera, Egunkaria-k 1990-1998 urte artean Udaletxe proiektuko enpresa batzuekin "harreman estua" izan zuen: Antza inprentarekin, Argia aldizkariarekin, Apika informatika enpresarekin...

"Zertan oinarritzen zarete esateko ETAk, KAS erakundearen bidez, Egunkaria-ren sorreran parte hartu zuela esateko?", izan da akusazioko abokatuaren beste galdera bat, eta haiek Jose Mari Dorronsoro eta Carmen Gisasola etakide ohiei atzemandako ustezko paperak aipatu dituzte. Dorronsorok eta Gisasolak urtarrilaren 12ko saioan, ordea, esan zuten ETAk ez zuela kazetaren sorreran parte hartu -gauza bera zioen Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis ETAko buruzagi izandakoak-.

Guardia zibilen arabera, ETAk erabaki zuen Martxelo Otamendi zuzendari izendatzea, eta Xabier Oleaga zuzendariorde jartzea proposatu zuen. Egunkaria Sortzen taldeko kideek astelehenean eta gaur bertan berretsi dute taldeak hartzen zituela sorrera garaiko erabakiak, ETAren esku-hartzerik gabe.

Erakunde armatuak Egunkaria-ko berri Xabier Alegriaren bidez zuela uste dute guardia zibilek. "Zeinek informatzen zuen Alegria?", galdetu die akusazio abokatuak. "Lehenik Joxemik [Zumalabek;1993an hil zen] eta gero Uriak".

Perituek diote Txema Auzmendiren izena ez zela inoiz ageri ETAren paperetan, baina hasieratik egon zela administrazio kontseiluan idazkari bezala eta, ondorioz, guztia jakin behar zuela.

Fiskalaren ondoren, defentsa hasi da perituei galdezka, 19:22an. Ia ordubetez aritu dira guardia zibilak Jose Mari Elosua, Iñigo Iruin eta Felix Cañada abokatuen galderak erantzuten. "Ez gara euskararen zabalkundea kriminalizatzen ari. ETAk komunikabideekiko duen kontrola salatzen ari gara", esan du perituetako batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.