Radarren teknologia gero eta hobea dela dio Luis Murgia Hego Euskal Herriko Automobil Klubeko errepide segurtasuneko eta mugikortasuneko aholkulariak, eta horren adibide dela Irura eta Ordizia artekoa. Dena den, nabarmendu du batzuetan radarren helburua ez dela istripuak murriztea, baizik eta dirua biltzea.
Zer iruditzen zaizu Ordizia eta Irura artean jarri duten radarra?
Egia esan, teknologia aldetik radarrak gero eta hobeak dira. Alde horretatik hau bilakaera horren barruan dago. Gainontzean, egia da N-1eko inguru horretan beti izan ohi direla zirkulazio arazoak. Horrek hori konponduko duen jakiteko, itxaron egin beharko da. Gidariek adiago egon beharko dute; gaur egungo radarrekin, ondotik pasatu ondoren abiadura igo daiteke eta. Hemendik aurrera, berriz, hemeretzi kilometroan egon beharko dute adi. Kontuan hartuta, Irurara iritsi aurreko irteeraren bat hartzen dutenei ez diela eragingo, agian kilometro kopuru handiegia aukeratu dute eraginkorra izateko.
Batzuek salatzen dute radarrek duten helburu bakarra dirua biltzea dela. Ados zaude?
Uste dut kokapenaren arabera dagoela hori. Adibidez, Andoaingo ikastola inguruan dauden radarretan, bat erabilgarria da, bihurgune arriskutsuaren aurretik dagoelako; baina kontrako bidekoa bihurgune arriskutsuaren ondoren dago. Beraz, helburua leku horretan dauden istripu kopurua gutxitzea bada, ez du balio. Gehiago du dirua biltzeko xedea.
Zuk uste duzu radarrek istripu gutxiago izateko balio dutela?
Zerbait lagunduko dute. Baina berriro ere kokapenaren garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Radar gehienak autobia eta autobideetan daude jarrita. Istripu asko —eta gehienetan larrienak— haatik, bigarren mailako bideetan gertatzen dira. Beraz, kontraesan bat dago hor. Maiz galdetzen zaie zirkulazio arduradunei zergatik ez dituzten horietan jartzen, eta esaten dute ez liratekeela errentagarriak izango. Hor demagogia eta kontraesan handia dago, beti defendatzen baitute helburua ez dela dirua biltzea. Askotan, gainera, dituzten ezaugarri teknikoengatik radarrek leku mota bat eskatzen dute, eta horietan jartzen dituzte. Komenigarritasunari erreparatzen diote radarra jartzeko, ez eraginari.
Zer iruditzen zaizu Espainiako Gobernuak autobideetan gehienezko abiadura 120 kilometrotik 110era jaitsi izana?
Helburua erregaia aurreztearen garrantziaz jabetzea eta ohartaraztea izan bada, argi dago lortu duela. Albisteak izandako oihartzunaren ondoren, argi dago denak gehiago ohartuko garela horretaz. Beste kontu bat da neurri horrekin kontsumoa gutxituko ote den.
Eta gutxituko da?
Uste dut badirela askoz neurri eraginkorragoak. Gurpilen presioa maizago begiratuko bagenu, adibidez, gehiago lortuko zen. Gainera, neurriak autobideetan dabiltzan autoei eragiten die soilik, eta ez autobusei eta kamioiei.
Bestelako neurri batzuk hartu beharko liratekeela uste duzu, beraz?
Argi dago baietz. Gurpilena horietako bat da. Baina beste asko egon daitezke. Normalean autoetan pertsona bakarra joan ohi da. Zergatik ez dituzte autoak partekatzearen aldeko neurriak sustatzen? Adibidez, partekatzen dutenek beherapenak izatea bidesarietan.
Autogintza sektorearen erronketako bat da ahalik eta gutxiena kontsumitzen duten autoak egitea.
Bai, zalantzarik gabe. Eta horretan ari dira. Halako erabakiekin neurri batean zalantzan jartzen ari dira haien lana. Eta hori ez da bidezkoa. Izan ere, adibidez, seigarren martxaren bidez autoek gutxiago gastatzen dute. Baina 110eko abiadurarekin martxa hori ezin da erabili.
Gaur egun, gainera, gero eta autobia eta autobide gehiago egiten ari dira.
Ez al da kontraesankorra?
Abiaduraren inguruan ere badago erakundeen alde bikoitz bat. Errepidean dabiltzan ibilgailuen abiadura mantsotzearen alde egiten dute. Trenarekin, berriz, AHTaren onurak defendatzen ari dira. Nik uste, gaiaz benetako gogoeta bat egin behar dutela.
Luis Murgia. Automobil Klubeko aholkularia
«Demagogia handia egiten dute batzuetan zirkulazio buruek radarren inguruan»
Ordizia eta Irura arteko radarrak gidariei adiago joan behar izatea ekarriko diela dio Luis Murgia RACeko aholkulariak. Haren arabera, ordea, eraginkorra izateko, tarte laburragoan jarri beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu