politika

Demoen mugimenduari amaiera ematea erabaki dute

Lapurdiko Biltzarraren erabakien erregistroa itzuliko diote estreinatzear dagoen Baionako artxibategiari; demoen mugimenduaren azken ekintza izanen da.

2010eko ekainaren 5a
20:39
Entzun
Erregistroa Paueko artxibategian ebatsi zuten 2000 urtean. Beren eskaeretako bat zen euskal departamenduaren alde. Izan ere, ikasle, irakasle eta ikerlariek Euskal Herriari buruzko artxiboekin lan egin nahi zutelarik, Pauera joan behar zuten. Beste eskaeren artean, euskararen ofizialtasuna eta presoen euskal herriratzea zuten demoek. Egin bide horren balorazio baikorra egin dute goizean egin prentsaurrekoan, eta orain demoetan parte hartu dutenek beste bideetatik segituko dutela militatzen azaldu dute.

Amaiera “ospatzeko” asmotan ekainaren 19an Azken Demo dantza antolatua dute. Bestara parte hartu nahi duenak dei dezake: 0 (033) 5 59 25 65 52

Historia apur bat

Ipar Euskal Herriko artxiboko lehen harria 2007ko urrian jarri zuten. Historia luzea, eta politikoa izan zuen artxiboko lehen harri horrek.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako artxiboak Pauen izan dira Frantziako iraultzaren ondorioz, XVIII. mendetik honat. Berrehun urte berantago, Ipar Euskal Herriko ikerlariak geroz eta kezkatuago zeuden. Maite Lafourcade zuzenbidearen historia irakasle ohiak eskakizun bat abiatu zuen 1998an, Ipar Euskal Herriko artxiboa sortzeko eskatuz. "Ikerlari, euskaltzain, politikari, idazle eta hainbat jende garrantzitsuk izenpetu zuten. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian ikaragarrizko efektua egin zuen eskakizunak han, batez ere Lasserre lehendakariari. Behar zen desmartxa abiarazi zuen horren ondotik".

1999an egin zituzten lehen bilerak, Ipar Euskal Herriko artxiboaren proiektua burutzeko asmoz. Eta historia Demoek markatu zuten. 2000. urteko ekainean, Lapurdiko Biltzarraren erregistroa Paueko artxibotik hartu zuten. "Demoen ekintza sinbolo azkar bat izan zen", Peio Etxeberri-Aintxart Demoen kidearentzat. "Bi gauzen aldetik: lehena euskaldunen artxiboa Euskal Herrian aldarrikatzea; gero, aktetan idatzia denarengatik, Lapurdiko Biltzarrak, euskal herritarren izenean, hiru probintziak loturik atxikitzea eskatu baitzuen, eta euskal departamendu bat sortzea aldarrikatu".

Atxilotuak eta aldarrikapenak

Ekintzaren ondotik, 15 Demo atxilotu zituzten, eta horietarik lauk 75 eguneko espetxe zigorra bete zuten. Baina Euskal Herriko historialari baten sustengua irabazi zuten Demoek, eta Baionan artxibo bat sortzeko eskatu zuten hainbat pertsonalitatek, 2001ean. Bi urte berantago, garaiko Frantziako Kultura ministroak, Catherine Tascak, Baionan artxibo bat zabalduko zela iragarri zuen.

Demoen historian, berriz, zenbait datu emateko, kalkulatu dute hamar urte horietan ehun bat ekintza burutu dituztela, 16 auzi eta 60.000 eurotik gora isun ordaintzera kondenatu dituzte 150 bat demo Frantziako epaitegiek. Ez dira, hala ere, denak ordaindu. Orotara 200 bat dira demoen ekintzetan parte hartu dutenak. Demo batek bi hilabeteko presondegi zigorra bete behar izan du, eta beste batzuk baldintzapeko zigorretara kondenatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.