«Demokrazia biziberritu», baina nola?

Sanchezek aldaketa nahia erakutsi du, baina aldaketak non nahi dituen zehaztu gabe. Hala, presidente izateko sostengua ematen diotenek gogoratu diote badela nondik hasi: CGPJz gain, hor direla 'mozal legea' eta sekretu ofizialena.

Sanchez, asteleheneko agerraldian, Madrilen. BORJA PUIG DE LA BELLACASA / EFE
Sanchez, asteleheneko agerraldian, Madrilen. BORJA PUIG DE LA BELLACASA / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko maiatzaren 4a
05:00
Entzun

Bost eguneko hausnarketa epearen ostean, «lohiaren makinari» aurre egiteko «demokrazia biziberritzeaz» aritu da behin eta berriz Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez. Oraingoz, baina, ez du kontzeptu horretan sakontzeko urratsen berri eman, eta CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia izan du kasik hizpide bakarra, proposamen zehatzik gabe. Hori ikusirik, adierazitakoaren esanahia argitzeko eskatu diote presidente izateko sustengua ematen dieten alderdietako kideek, eta benetako aldaketa baterako «ausardia» exijitu, «hauteskundeei begirako taktizismoetatik» harago. Izan ere, gogoratu diotenez, bada zeregina estatuan «demokrazia biziberritzeko» benetan. Hala nola, EH Bilduk eta EAJk mozal legearen eta Sekretu Ofizialen Legearen erreformak izan dituzte hizpide, baita nazio auziari erantzun beharra ere.

Sanchezen hausnarketa epearen ostean, Espainiako Gobernuko eta PSOEko kideek indar berezia egin dute Espainiako botere judizialaren organo gorena berritzeko asmoan. Nahi hori, ordea, ez da berria. Moncloak azken urteetan izan duen buruhauste nagusietako bat da, CGPJk bost urte baitaramatza jardunean. Horren arrazoi nagusia zera da, Espainiako Kongresuaren hiru bostenen babesa behar dela hura berritzeko, eta PPk uko egin diola horri. Zergatik? Aldaketarik ezean, 2013an —azken aldiz berritu zenean— parlamentuan zen gehiengo kontserbadorea mantentzen delako CGPJn, besteak beste Auzitegi Nazionaleko, Goreneko eta Konstituzionaleko magistratuak hautatzeko eskumena duen organoan.

Eta horrek zuzenean eragin die, Sanchezen inguruari ez ezik, baita bestelako eremu politiko eta sozial batzuei ere. Horren erakusgarri nagusietako bat da Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiari «terrorismo delitu bat» leporatu diezaiokeen prozesu judiziala martxan egotea. Edo, Euskal Herrira begira, Eusko Jaurlaritzak euskal presoei onartutako gradu progresioen inguruan Auzitegi Nazionalak duen jarrera, eta auzitegi horrek berak azken hilabeteetan martxan jarritako prozesuak, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren aurka besteak beste. «Togak mendekurako tresna». Hala definitu du Sare Herritarrak afera.

Hala, benetako aldaketa bat sustatzeko eskatu dio EH Bilduk Sanchezi. «Ekiteko garaia da, eta muga jartzekoa eskuin atzerakoiari, agenda demokratizatzaile ausart batekin», adierazi zuen EH Bilduko eledun Mertxe Aizpuruak. Koalizioko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik, berriz, azaldu du Espainiako Estatuak 1978tik behar duela demokratizazio prozesu bat, eta horrek nazio auziari irtenbide bat ematea ere eskatzen duela, estatuaren «errealitate plurinazionala» onartzetik hasita. 

Oraingoz, baina, Podemosek aurkeztu du CGPJn aldaketak egiteko proposamen bakarra, organo horretako kideak aukeratzeko beharrezko gutxiengoa gehiengo osora murrizteko. PSOEk ez du zehaztu hori den jorratu nahi duen bidea, eta «mekanismo berriak» aztertuko dituztela esan besterik ez du egin. Izan ere, diputatuek esku artean eduki dute lehen ere antzeko proposamen bat, baina Sanchezek albo batera utzi zuen, Europako Batasuna erne erreparatzen ari zitzaiolako aferari, besteak beste. Eta Bruselak erreforma bat nahi du epaileen kargu nagusien izendapenak batik bat epaileen esku utziko lituzkeena. Espainiako Estatuan, baina, horrek ildo eskuindarren nagusitasuna ekarriko luke: epaileen bi elkarte nagusiak kontserbadoreak dira, eta bi horietako kideak dira elkarteren batean afiliatuta dauden epaileen hiru laurden.

Auzitegietatik harago

«Estatuaren demokratizazioa» ezin da izan botere judizialaren erreformara hutsa, zenbait alderdik Sanchezi gogoratu diotenez. Eta, bide horretan, batzuek indar berezia egin dute Herritarren Segurtasunareko Legearen erreforman. Afera mahai gainean izan zuten aurreko legealdian, eta inbestidura blokeko alderdiek 30 bilkura baino gehiago egin zituzten. Zirt edo zart egiteko garaian, baina, desadostasunak nagusitu ziren, eta ERCk eta EH Bilduk uko egin zioten Barne Gaietarako Batzordean mozal legearen erreforma hura babesteari. Izan ere, PSOEk baztertu egin zuen zalantzan jartzea, besteak beste, gomazko pilotak erabiltzea, Espainiaren hegoaldeko mugetan migratzaileak iritsi ahala kanporatzea eta agenteekiko «desobedientzia» arau hauste gisa erregistratzea.

Duela urtebete baino gehiago izan zen hori, eta orain ere alderdi horien beren arteko akordio bat beharko litzateke hura aurrera ateratzeko. Ikusi beharko da, ordea, PSOE prest ote dagoen EH Bilduk, ERCk, Sumarrek eta Podemosek eginiko eskaerari erantzun eta orduan eman ez zuen pausoren bat emateko.

Antzera 1968ko Sekretu Ofizialen Legearen eta CNIren Kontrol Judizialerako Legearen erreformekin ere. Aurreko legealdietan bezala, EAJk aurkeztu du horiek aldatzeko proposamena, eta otsailean onartu zuten tramiterako. Orduan, PSOEk bat egin zuen aldaketa beharrarekin, baina ez duela bi urte Sanchezek berak erakutsitako indarrarekin. Pegasusauzia pil-pilean zela, honela mintzatu zen: «Funtsezkoa da oinarri demokratiko eta konstituzionaletara eta nazioarteko estandar onenetara egokitzea araudia». Eta, jarraian, Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektua ere aurkeztu zuen; hori bai, bazkideen eskaeretatik urrun.

Hala, azken egunetako adierazpenei ironiaz erantzun zien EAJren eledun Aitor Estebanek aste hasieran: «Pentsatzen dut orain ziztu bizian joango dela Sekretu Ofizialen Legearena, eta ez dutela beste legealdi bat atzeratuko, baina agian gehiegi pentsatzea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.