Manu Robles Arangiz fundazioak antolaturik, Herve Kempf kazetariak (Frantzia, 1957) Aski da oligarkiaz, gora demokrazia izeneko mintzaldia egin zuen ostiral gauean Baionan. Demokraziaren oinarriak zangopilaturik daudela dio Kempfek, eta haren funtzioa oligarkia txiki batek ordezkatu duela. Gizakiek eragin duten krisialdi ekologikoak eta klima aldaketak berak ohitura aldaketen behar larria islatzen dutela dio. Sistema politikoak bultzatzen ez duen aldaketa hori aberastasunak bertze molde batez partekatuz egin behar dela dio.
Mintzaldiaren izenburuan demokraziaren beharra islatzen duzu, eta oligarkiaren boterea gaitzetsi. Oligarkia batean bizi ote gara?
Demokrazia eri dago. Oligarkia batek agintzen du haren izenean, eta hortik heldu da mintzaldiaren izenburua. Hain dago eri non galde dezakegun ez ote garen oligarkia sisteman murgildu. Jende multzo txiki batek eztabaidatzen du egoera, eta ondoren erabakiak hartzen ditu eta gizarteari inposatu. Eritasun horren adibide ugari daude. Gogora dezagun 2005ean Frantziako herritarrek, Herbehereetakoek eta irlandarrek ezezkoa eman ziotela Europako konstituzioari. Erreferendumaren emaitzak saihesteko, Lisboako Ituna egin zuten, eta hori inposatu. Ez zuten kontuan hartu herritarren erabakia. Politikaren gordegietan enpresen lobby-ak daude, eta haien interesak defenditzen dituzte. Botere politikoak haiei begira daude, eta herritarren nahiei muzin egiten diete. Frantziaren kasuan nabarmena da, aski da ikustea Sarkozyren ingurua. CAC 40 eta enpresa handietako buruzagiak dira haren aholkulari eta lagun. Gisa berean, erabat kontrolatzen dituzte hedabideak, bereziki telebista nagusiak. Kasu batzuetan, enpresa handiak dira horien jabe, eta, bertze batzuetan, gobernuak berak erredaktoreburuak inposatu ditu, haien irizpideak hobesteko. DSK aferan ere argi gelditu da hedabideen funtzioa. Hedabide horiek entzunez bazirudien Dominique Strauss-Khan eta Nicolas Sarkozy zirela Frantziako presidente izateko hautagai bakarrak. Funtsean bozkatu beharrik ez zegoen, aski zen zundaketa bat aintzat hartzea.
Demokrazia utzi eta oligarkian sartu garela erran daiteke?
Ez naiz ausartzen erratera horrela denik sistema gisa, baina banketxeen boterea izugarria da. Adibide xume bat emanen dut. 2011n Londresko enpresek banatu dituzten bonusak 2010eko heinera heldu dira. 16.000 milioi euro banatu dituzte haien enpresaburuentzako gainsarietan. Grezia eta Irlanda kinka ezin larriagoan daudelarik, merkatuek Espainia, Portugal edo Italia bera inarrosten dute, eta haiek, berriz, etekin lotsagarriak banatzen dituzte. Herritar horiek gorriak ikusten dituzte: haien lanak galdu dituzte, edo hilabete sariak apaldu dizkiete. Langabeziak gora egiten du, erretreta hartzeko adina gora doa eta hilabete saria apalduko da. Milaka gutxi batzuek dirua mugitzen segitzen dute, deus gertatuko ez balitz bezala, eta izugarrizko dirutza banatzen dute haien artean. Finantzarien boterea neurriz kanpokoa bihurtu da, eta erabaki politikoak baldintzatzen dituzte.
Nora doa sistema hori orduan?
Hazkunde materiala sistema horren obsesioa da, gero eta gehiago ekoiztea, gero eta gehiago irabaztea. Horretarako, herri ondasunak salgai bihurtzen dituzte; hala nola hezkuntza sistema, osasun sistema, kultura... Aski da begiratzea Greziari inposatu diotena. Guztia pribatizatzea, alegia. Gehiago kontsumitzea, bertzerik ez dute proposatzen. Baina horrek muga bat dauka: ekologian duen eragina. Klima aldaketa ez da desagertu, gero eta gehiago higatzen da biodibertsitatea. Baina azpiegitura erraldoiak egiten segitzen dute, zentzurik ez duen hirigintza sistema hedatzen jarraitzen dute. Ikuspegi horretan kokatzen da AHTarena. Hori ez da gizartearen interesa, baina balio du diruaren mugimendua sustatzeko eta enpresa handiek etekinak egiteko.
Aipatu duzun pribatizazio ereduan obragintza ere partekatzen da eragile publiko eta pribatuen artean. Zer suposatzen du horrek?
Gizarteak beharko lituzkeen azpiegiturak egiteko orduan, estatua ez da eragile bakarra. Enpresa pribatuak obragintzaren oinarrian daude. Dirua irabaztea da haien helburua. Xedeak diru galerak eragiten baditu, ez dute enpresek ordainduko, estatuak baizik. Adibide nabarmena da Pau-Langon autobidea. Egin zutelarik espero zuten 10.000 auto ibiltzea egunero xedea errentagarria izateko. 4.000 baino ez dabiltza. Estatuak ordaintzen du falta den parte hori. Ez zegoen horren beharrik, baina egin dute, erabat suntsituz natura gune paregabeak. Herritarrek pairatuko dute naturaren suntsiketa, eta, gainera, haien sakelatik ordaindu.
Krisialdia ikusi ez duten mailegu etxeek Junk bond edo zabor bonuen pareko ezarri dituzte zenbait estaturen bonuak. Ez ote du horrek sistema ekonomiko guztia inarrosten?
Herritar gehienek pentsatzen dute agintariek herri nahiak dituztela helburu, baina ez da horrela. Gutxi batzuen onura bilatzen dute, eta horrek kalteak eragiten baditu, izan dadin herritar gehienengan edo estatu batzuetan, bost axola. Herri interesen alde egiteko banketxeen interesak alde batera utzi beharko lituzkete, eta ezin dute. Baliatzen dituzten diskurtsoak adierazgarriak dira. Merkatuak lasaitu behar direla diote. Baina nor dira merkatu horiek, banketxeak eta oligarkia hori ez badira? Oligarkiak ez du epe luzerako ikuspegirik. Logika ero batek itotzen ditu herriak, ez du guztien interesa helburu, ontasunen legez besteko banaketa atxikitzea eta handitzea dira horren helburuak.
Ba ote da bertze eredurik?
Gero eta gehiagok ikusten dute ekologia krisialdia saihetsezina dela. Ez zen hori gertatzen duela hamar urte. Sistema kapitalista amaiturik dago. Guztiak hobe bizi gaitezke ingurumena errespetatuz eta aberastasunak egokiro banatuz. Eta oligarkiak, berriz, eskuin muturra sustatzen du, herritarren beldurra haien interesen arabera baliatzeko.
Herve Kempf. Kazetaria
«Demokrazia eri dago, eta oligarkia batek agintzen du haren izenean»
Herritarren ezina eta itolarria handitzen doan heinean banketxeen eta enpresaburu handien etekinak handitzen direla dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu