Joseba Olazabal

«Dena egina emanez gero, jendeak ez du galdetzen; bestela, bai»

Joseba Olazabalek urteak daramatza etxe ondoko autobideagatik kexaka. Aski ezaguna da jada, mendaroarra biolina jotzen aritzen baita protestan errepidearen ondoan. 2.000 euroko isuna jarri berri dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Protesta, ordea, ez da berehala eta behin betiko geldituko.

jarraia174517.jpg
2019ko abenduaren 1a
10:34
Entzun

A-8 errepidea etxe ondoan eraiki zioten Joseba Olazabali (Mendaro, Gipuzkoa, 1964). Hamaika arazo sortu dizkio egoerak, kutsadura kasurako, baina azken urteetan zarata jarri du jomugan, eta soinua baretzeko panelak ditu helburu. Protestarako, originaltasuna erabili du lanabes: errepidetik ikusten den txoko batean biolina jotzen du, eta besteak beste kartelak jartzen ditu, 2016. urtetik. Aldunditik iritsi zaion 2.000 euroko isunak ez du lagundu egoera hobetzen.

Urteak daramatzazu errepide nagusi baten ondoan bizitzen. Zaratarena, ordea, azken urteotan bihurtu da kexa nagusi. Aurretik ez al zen arazo?

Francoren azken urteetan eraiki zuten errepide hau, eta istripu asko gertatu zen gerora; kamioiak ere erortzen ziren errepidean behera, gure etxera. Nire aita zenak neurriak hartu zituen, baina beldurrez bizi ginen etxean. Gogoratzen dut duela urte batzuk gereziz betetako kamioi bat erori zela errepidean behera; herri guztia ibili zen gereziak jaten.

Noiz bilakatu zen zarata arazo?

Orain dela bost bat urte, istripu bat gertatu zen A-8an, eta pertsona bat hil zen. Leku arriskutsua da gure etxe ondoa, eta pertsona argiren batek pentsatu zuen sakanguneak jartzea zela konponbidea. Abiadura aipatzen zuten istripuak gertatzeko arrazoi nagusi moduan. Etxean nengoela, zarata arraro batekin esnatu nintzen goiz batean. Ez nekien zer zen. Eskutitz bat bidali nuen diputaziora, eta erantzun zidaten demostratu egin zutela sakanguneekin istripuak gutxitzen zirela. Euria egiten zuen bakoitzean istripu bat egoten zela ikusi nuen; argazkiak atera, eta Bidegira bidaltzen nuen. Hogei bat bidaliko nizkien, eta ez zidaten kasurik egiten.

Sakanguneak kendu egin dituzte, hala ere. Eraginik izan al zenuen erabaki horretan?

Kartel bat jarri nuen istripu kopuruarekin. Urtarriletik martxora 38 zenbatu nituen. Egunkari batek kasu egin zidan, eta, argitaratzearekin batera, obretan hasi ziren. Fresatu egin zuten errepidea, eta zarataren arazoak okerrera egin zuen.

Orduan bilakatu al zen zarata kexen muina? Eta originaltasuna lanabes hartu duzu aldundiak kasu egiteko?

Help, Trump izan zen lehenengo kartela [Lagundu, Trump]. Galdetzen zidaten ea zergatik idatzi nuen hori. Esan nien Trumpek hesiak jarri nahi dituela Mexikon, eta, aldundiek ez badute hesirik jarri nahi, Trumpek jar ditzake. Umorearekin jarduten dut. Jarri nuen panpina bat ere, nik egina, estralurtar itxurakoa. Dena egina emanez gero, jendeak ez du ezer galdetzen, baina dena egina ematen ez badiozu, beti galdetuko du: tipo hori zergatik dago hor? Bada, zaratagatik.

Biolina jotzeak egin zaitu ezagun, dena den. Nolatan sortu zitzaizun ideia hori?

Eszedentzia eskatu nuen ama zaindu ahal izateko. Horrez gain, eskumuturra gaizki daukat, eta medikuak esaten zidan ariketaren bat egin behar nuela inguru hori indartzeko. Orduan hautatu nuen biolina. Gero, errepidea fresatu ondoren, bilera bat eskatu nion aldundiko arduradunari, baina tontakeriak besterik ez zidan esan. Ordurako, hiru hilabete neramatzan biolina etxean jotzen. Orduan erabaki nuen berdin-berdin zela etxean entseatzea edo errepide ondoan jotzea.

Kartelak jarri izanak ere sortu dizkizu arazoak, ezta?

Duela bi urte-edo, espediente bat bidali zidaten, esanez hamar egunen buruan hortik joateko edo gorriak ikusiko nituela, gutxi gorabehera. Kartelak kendu egin nituen orduan, baina, handik hiru hilabetera, itzuli egin nintzen berriro. Hurrena, abisatu gabe, etxe ondora etorri ziren. Hesiak jarri zituzten nire bizilekutik autobidera joateko bidean, moztu egin zidaten ohiko lekura joateko modua. Errepidearen beste aldera pasatu nintzen, dena den.

Isuna iritsi zitzaizun azaro erdialdean. Zer leporatzen dizute?

Istripuak sor ditzakedala jendea distraituz. 2006an egin zuten errepideen legea, eta atal batean jartzen du errepidetik 50 metrora, ez ezker, ez eskuin, ezin dela ezer eraiki, ez eta kartelik jarri ere. Nire etxea muga horren barruan dago, ordea. Legez, nahi badute, ezin dut ezer egin etxean bertan ere.

Zer etorkizun dago isunaren ondoren?

Helegitea jarri dut, baina badakit herrian jendea hasi dela mugitzen. Itsulapikoak ere erosi dituzte, finantzaketa kolektiboa egiteko. Nik ezin ditut ordaindu 2.000 euroak, baina ondorio gogorrak ditu ez ordaintzeak. Helegitearen erantzunaren zain nago, baina jendea mugitzeko prest dago.

Protestak jarraituko al du?

Egoera konpondu arte ez dut joko biolinik, baina bertan jarraitzen dut aterkiarekin eta ahoan benda bat jarrita. Ikusiko dugu hori ere debekatuko ote didaten.

Panelak jarriz gero, konponduko al litzateke gatazka?

Panel horiekin zarata baretzen duten ikusi beharko genuke lehenengo. Hortik aurrera, beste hamaika arazo sortzen ditu autobideak berak. Esaterako, egunero kutsadura ugari irentsi behar izaten da nire etxean bizitzearren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.