Euskal presoak. 'Parot doktrina' Estrasburgoko Auzitegian

Denak Estrasburgora begira

Gaur egingo du Ines del Rio presoaren egoerari buruzko auzi saioa Europako Giza Eskubideen Auzitegiko sala handiak'Parot doktrina' ezarrita espetxealdia luzatu zaien preso guztien etorkizuna dago jokoan

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Praktikan dozenaka presoren espetxealdiak egun batetik bestera luzatzea ekarri duen 197/2006 doktrinaren etorkizuna betirako argitzeko bide luzea azken txanpan sartuko da gaur: Europako Giza Eskubideen Auzitegiko sala handiak gaur egingo du Parot doktrina deritzon irizpideari buruzko auzi saioa. Estrasburgon egingo da bista, eta hara begira jarriak dira begi guztiak: Euskal Herrikoak, eta Espainiakoak. Estrasburgora bertara Euskal Herriko zein Espainiako hainbat eragile joango dira. Euskal Herrian, mobilizazioak egingo ditu Herrira-k (informazioa, www.herrira.org orrian).

1. Gaurko bista

09:15ean hasiko da saioa. Defentsarako abokatuek eta akusazioarenek bere argudioak aurkeztuko dituzte, gehienez ordu erdiz. Azalpenen ondoren, epaimahaiak nahi adina galdera egin ahalko dizkie aldeei. Gero, auzia epaiaren zain geratuko da.

2. Epaimahaia

Europako 17 herritako ordezkariek osatuko dute epaimahaia: Dean Spielmann Luxenburgoko ordezkaria izango da epaimahaiburua, eta Guido Raimondi italiarra presidenteordea. Espainiako ordezkaria Luis Lopez Guerra izango da. Doktrina indargabetzeko aho batez agindu zuen sala txikiko epaimahaikide ere izan zen, auzian nahasita dagoen estatuak mahaikide izateko eskubidea duelako. Letonia, Liechtenstein, Monako, Austria, Zipre, Albania, Irlanda, Turkia, Belgika, Txekiar Errepublika, Herbehereak, Moldavia eta Bosnia Herzegovinako epaileak izango dira gainontzeko epaileak.

Akusazio lanetan arituko diren Espainiaren abokatuak Francisco Sanz Gandasegi, Isaac Salama, Jaime Requena eta Javier Nistal izango dira. Del Rioren defentsan arituko dira, berriz, Mark Muller, Michael Ivers eta Sudhashu Swaroop abokatu britainiarrak eta Euskal Herriko Didier Rouget eta Amaia Izko.

3. Oinarria

Unai Parot presoari kaleratze eguna iristen ari zitzaiola-eta, presoa espetxean edukitzeko neurria hartu zuen Auzitegi Gorenak 2006an. 1973ko Zigor Kodea oinarri hartuta, preso batek legez bete zezakeen espetxealdiak 30 urteko muga zuen. Muga horri espetxe onurak ezarrita, urtetan murrizten zen espetxealdia. Gorenaren agindutako aldaketak, onurak ezartzeko beste modu bat jarri zuen martxan: zigorra 30 urteko mugari murriztu ordez, presoak izan zezakeen zigor bakoitzari aplikatu zitzaien zigor luzeak zituzten euskal presoei, ordutik aurrera. 30 urteak oso osorik betetzea ekarri zien horrek.

3. Argudio nagusiak

Estrasburgoko sala txikiak iaz doktrina indargabetzeko aginduz eman zuen epaiaren argudioak erabiliko ditu Del Rioren defentsak gaur ere. Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 5.1 eta 7. artikuluak urratzen ari direla. «Legerik gabe zigorrik ez», dio horietako lehenak. Legeak argia izan behar duela ohartarazi dute abokatuek, eta askatasunerako eskubidea urratzen ari dela.

1987tik dute preso Del Rio, 2008ko uztailean zen kaleratzekoa, baina, ordura arteko jarraibideak aldatuta, 2017ra atzeratu zioten irteera eguna. Arau berria atzera eraginez ezarri zaiola ere salatu dute abokatuek, eta horrek nazioarteko zuzenbidearen oinarri nagusietakoa hausten duela. Delitua egin zen unean indarrean zen araua ezarri behar zaio zigortuari, aldaketak zigortuaren onurarako ez badira.

Akusazioen esanetan, ordea, doktrinarekin ez da ez legerik ez zigorrik aldatu, zigorrak betearazteko irizpidea baizik. Hasierako zigorra aldatu ezean, ez dela eskubiderik urratu dio.

4. Nori eragingo dio?

Auzitegiak Del Riori buruzko erabakia hartuko badu ere, dozenaka dira doktrina ezarrita egoera berean dauden euskal presoak, eta, praktikan, 71ri eragingo die. 54 dira kaleratze eguna igaro arren preso segitzen dutenak. Beste 17ri doktrina ezarri diete, baina oraindik ez dute lehenago ezarria zuten espetxealdia bete. Dagoeneko kalean dauden beste 22ri ere aplikatu zieten doktrina; batzuek zigorra luzamendu eta guzti beteta askatu zituzten, eta beste batzuk forma arazoengatik.

Horiez gain, GRAPOko zazpi kideri eta 14 preso arrunti ere eragin diezaieke epaiak.

5. Noiz iritsiko da epaia?

Epaimahaiak urtebeteko epea du deliberatzeko, baina oinarrizko giza eskubideak urratzen ari ote direnari buruzko erabakia denez, prozesua azkartuko dela espero da. Adituek sei eta bederatzi hilabeteko tartea aipatzen dute.

6. Bete beharrekoa da?

Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiak derrigorrean bete beharrekoak dira. Kalte-ordainik ordaindu beharra izango balitz —sala txikiak Del Riori 30.000 euroko kalte-ordaina emateko agindu zuen— Espainiak hiru hilabeteko epea izango luke zorra kitatzeko. Auzitegiak presoak aske uzteko aginduko balu, hala bete beharko luke Espainiak, eta jarraipen batzorde batek egiaztatuko luke hala egiten dela.

7. Nola beteko da?

Espainiak ez du Europaren sententziak bere ordenamendu juridikoan txertatzeko prozedurarik. Ez dago Europaren agindua nola bete behar den agintzen duen araurik. Horrek arazoak ekar ditzake. Auzitegiak doktrinaren ezarpena legez kanpokoa dela ebatziko balu, presoen kaleratzeak ezartzeko eskaerak egin beharko lituzkete horien abokatuek, banan-banan. Doktrina ezarri zaien preso guztiak denbora gutxira askatzea litzateke prozedura ohikoena, baina Espainiak luzamendu trikimailuak bila ditzakeen beldur dira abokatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.