EUSKAL PRESOAK

"Denbora gure kontra doa"

Frantziako Gobernua euskal presoen alorrean ematen ari den pausoez eta Espainiakoaren jarreraz balorazioa egin du Etxerat elkarteak.

Velez eta Errazkin, Etxerat elkarteak bere egoitzan eginiko agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon olano
2018ko apirilaren 10a
07:52
Entzun

Etxerat elkarteak agerraldi bat egin du gaur goizean, Hernanin (Gipuzkoa), bere iritzia plazaratzeko Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren eta Frantziako Justizia Ministerioaren arteko lan esparruak orain arte emandako emaitzez, eta Espainiako Gobernuak "salbuespeneko politika eta euskal preso politikoen gehiengoa lehen graduan mantentzeaz".

Asteburuan ETAren armagabetzearen urteurrenaren harira eginiko foroan, Parisekin elkarrizketan ari den ordezkaritzak lan esparru horren bilana egin zuen. Egoera "desblokatua" dela adierazi zuen Bake Bideko bozeramaile Anaiz Funosasek, baina gaineratu zuen oraindik badela lana; "urgentzia" egoera azpimarratu zuen Jean-Noel Etxeberri bakegileak, eta urrunago eta lasterrago joan behar dela berretsi.

Horiekin ados agertu dira gaur Urtzi Errazkin eta Patricia Velez Etxerat-eko bozeramaileak. Balorazio positiboa egin dute lan epazio horrek emandako emaitzen inguruan, eta gogorarazi bederatzi presori kendu dietela DPS estatusa oraino. "Fruitutxoak" ematen hasi da lan espazio hori, Errazkinen hitzetan. Hala ere, adierazi dute denbora euren "kontra" doala, eta horren erakusle direla, batetik, gora doala gaixo dauden presoen kopurua, eta, bestetik, Ibon Goieaskoetxearen senideek bisitara bidean Tolosan (Okzitania) izandako auto istripua.

Espainiaren jarreraz, ordea, ezkorrago dira Etxerat-eko ordezkariak. Egoera "justu kontrakoa" dela uste dute: "Ez da batere mugitzen". Salatu dutenez, Espainiak presoei eskatu izan die espetxeko onurak indibidualki eskatzeko, baina administrazioak erantzun kolektiboa eman die.

Bestalde, Xabier Sagardoi presoari asteburua etxean igarotzeko emandako baimenaz galdetuta, Errazkin "pozik" azaldu da Sagardoik aukera hori izan duelako, baina ez du uste Espainiako Gobernuaren jarrera aldaketa bati erantzuten dionik, eta ohartarazi du Sagardoik lehenago jaso behar zuela baimen hori; izan ere, bigarren graduan betetzen ari da espetxealdia, eta sei urteko zigorretik bost bete ditu jada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.