Rafaela Romero. Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria

«Denok ulertu dugu auzia denon artean konpondu behar dugula»

Batzar Nagusietan egindako lanaz gustura —bereziki, giza eskubideen gainean lortutako adostasunagatik—, «Gipuzkoako parlamentua» hurrengo legealdian ere gidatzen jarraitzeko prest da lehendakari sozialista.

KOLDO ALDABE.
Koldo Aldabe.
Donostia
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari izendatu zutela lau urte betetzera doanean, legealdiaren balantzea eta egoera politikoaren azterketa egiteko hartu gaitu Rafaela Romerok (Quintana de la Serena, Extremadura, Espainia, 1972); orain euskaraz orain gaztelaniaz mintzatu da.

Zer moduz euskara ikasketak?

Nire lanaren alderik onena izan da euskara ikasteko aukera izatea. Denbora izan dut ikasteko; irakasle bat niretzat, eta hori aprobetxatu beharra neukan. Noski, hobetu egin behar dut oraindik, Gipuzkoako parlamentua eramateko, batzarkideekin mintzatzeko eta abarrerako euskara asko erabiltzen dugu eta.

Indarkeria amaitzen denean euskarak askatasunarekin bat egingo duela uste duenetakoa al zara?

Patxi Lopezen adierazpen horiek testuingurutik atera dira. Esan zuen euskararentzat eta euskalgintzarentzat onuragarria izango dela indarkeriarik ez egotea.

Gorabehera handiko legealdia izan al duzu lehendakari gisa Batzar Nagusietan?

Legealdi lasaia izan dela esango nuke. Hasieran izan nituen tira-bira batzuk zenbaitekin, baina nahikoa erraz gainditu ditugu desberdintasunak.

Egindako lanaz gustura?

Balantzea baikorra izan da. Alderdi guztien artean adostasunak eta akordioak izan ditugu, parlamentuan eztabaidak hobetzeko. Zertarako? Giza eskubideak behar diren moduan defenditzeko edo gure erakundea kanpora ezagutarazteko. Adibidez, indarkeria guztien biktimekin lan egiteko edo eurek jasandakoarekin Memoria publiko demokratikoa eraikitzeko, baina biktima guztiekin, desberdintasunik eta bereizketarik egin gabe.

Saiatu gara balio demokratikoak lantzen, sakontzen, defendatzen. Berdintasuna, aniztasuna, elkarkidetza, guztien arteko elkarrizketa, indarkeriaren aurka, emakumeen eskubideen alde.

Uste dut hori dela politika zuzena, zintzoa; nire ustez, parlamentuek politika hori egin behar dute, eta ez liskarrezko politika.

Zein erabaki azpimarratuko zenituzke legegintzaldi honetan?

Giza eskubideak oro har lantzea, baina, bat nabarmendu beharko banu, biktimekin egin dugun lana litzateke, baina biktima guztiekin eta alderdi guztien artean. Aralarretik hasi eta PPraino, ados jartzeko ahalegin handia egin behar izan dugu guztion artean. Eta pozik nago.

Aldaketarik antzeman duzu Batzar Nagusien jardunean, batzarkideen jarreretan?

Bai, Euskadiko eta Gipuzkoako politikagintza aldatu egin da. Elkarrekin hobe lan egiteko prestatuago gaude. Jarrerak ere asko aldatu dira, batzuenak gehiago besteenak baino, baina elkar hobe ezagutzen ikasi dugu. Batez ere denok ulertu dugu auzi hau denon artean konpondu behar dugula; normalizazio politikoaz ari naiz. Eta asko aurreratu dugu 2006ko prozesuaren ondotik.

Batzar Nagusiak gidatzen jarraitzeko prest zaude?

Ni prest nago lan egiteko lehendakari gisa edo batzarkide gisa. Baina Gipuzkoako herritarrek esango dute. Eta, gipuzkoarrek aukeratzen banaute eta Batzar Nagusiek izendatzen banaute, prest nago bide horretan lan egiteko; eta, aukeratzen ez banaute, batzarkide gisalan egiteko.

Horretarako lagungarri gertatuko zaizu PSE-EEk eta PPk Jaurlaritzako ituna beste erakundeetara ere hedatzea. Uste duzu hauteskundeen ostean lotuko dutela akordio hori?

Nik lehendakariari eta nire idazkari nagusiari bestelako zerbait ulertu nion. Gauza bat da aldaketa egonkortzea, eta oraindik ez dugu behar beste lortu; denbora gutxi igaro da oraindik, eta lan ugari geratzen zaigu egiteko; eta beste gauza bat da akordio hori hauteskunde hitzarmenetara eramatea. Hedabide batean irakurri dut Aralar eta EAJ planifikatzen ari direla Gipuzkoarako balizko akordio bat, baina hori ez da abiatu Gipuzkoarako proiektu komun batetik, baizik eta ados jarri direlako Miguel Buen Gipuzkoako ahaldun nagusi izan ez dadin. Uste dut jarrera hori ez dela egokia, ezta PPren eta PSEren artean hitzarmen orokor bat egitea erebeste alderdi batzuetako hautagaiei agintzeko aukerak eragozteko. Hori ez da Gipuzkoan ohituta gauden politika mota.

Ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartuko balu, aukera gutxiago zeneukake lehendakari izateko.Zeuk ikusten duzu ezker abertzalea hauteskundeetan?

Erantzun merkea dirudi, baina auzitegien esku dagoela esango dizut. Haiek erabakiko dute ezker abertzalea, Batasuna, zehazki, alderdi berriarekin eta estatutu berriekin hauteskundeetan egon daitekeen edo ez. Zein proiektu politiko aurkezten duten, zeintzuk diren estatutuak, zein jarrera duten indarkeriarekin…

Ezker abertzaleak urratsak egin ditu bide horretan?

Bai, egiten ari da. Zintzoak dira urrats horiek? Dirudienez, bai. Erakundeetan egon nahi dutelako da? Bai, baina baita euskal gizarteak urrats hori egitera behartu egin dituelako ere. Arrazoiak anitz dira, baina urrats hori egin dute. Garaiz dabiltza hauteskundeetan egon daitezen? Proposamen politikoa egiten dutenean ikusiko da, eta, batez ere, maila politikoan ari naiz ez juridikoan, ETAren agiriak jartzen dituen baldintzak onargarri diren edo ez argitzen dutenean. Esaten badute ETA ez dela nor baldintzak ezartzeko, baizik eta herritarrek jarri behar dituztela, normalizazio politikotik gertuago egongo gara.

Dena den, Batasuna hauteskundeetan egotea berri ona litzateke?

Bai, horrek esan nahiko lukeelako barneratu egin dutela besteok duela 25 urte barneratu genuena, eta, gainera, bide soilik politikoetatik eta demokratikoetatik defendituko dituztela euren helburuak, eta jarrera eraikitzailea izango dutela herri honetan bakea izan dadin, bai politikan eta bai gizartean. ETA desagertuz gero, normalizazio politikoa lortuko dugulako, baina baketzea ez. Hemen bakea politikoki eta sozialki landu behar da, eta horretan haien zain naukate, denon artean bake soziala eraiki dezagun lagun dezaten haiek ere. Horretarako, haien zain nago. Bueno, beste batzuen zain ere banago.

Zeintzuk dira beste horiek?

Hemen askok perspektiba galdu dute indarkeriazko urte hauetan guztietan; gatazkaren agente bihurtu dira, eta ez dute beharbesteko distantziarik indarkeriak erasandako gizarte baten baketze prozesu bat garatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.