Euskal preso eta iheslariak

«Denon ardura da giza eskubideen alde lan egitea, ez gutxi batzuena»

Arlo askotako 25 herritarrek adierazpen bat sinatu dute, presoen giza eskubideak errespetatzeko eskatzeko

Giza eskubideen aldeko adierazpenaren sinatzaileetako batzuk atzo, Donostiako San Telmo museoan egindako prentsaurrekoan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
Donostia
2014ko martxoaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Alderdi, erakunde, ideologia eta arlo askotako hainbat herritarrek bat egin dute giza eskubideen defentsan. «Siglak atzean utzi», eta adierazpen bat kaleratu dute, euskal preso eta iheslarien giza eskubideak errespetatzeko eskatzeko: «Alderdikeriak alde batera utzi behar dira, bakea erabat gauzatzeko bidean aurrera egin nahi bada».

Adierazpenaren sinatzaileak «etxearen goxoa» utzi, eta plazara atera dira konponbiderako bidean haien «aletxoa» jarri asmotan: «Denon ardura da giza eskubideen alde lan egitea, ez gutxi batzuena». Hori dela eta, apirilaren 12rako Herritar Topaketak antolatu dituzte, giza eskubideen alde ahalik eta sare «indartsuena eta eraginkorrena» osatzeko. Herritar guztiak deitu dituzte jardunaldi horretan parte hartzera.

Adierazpena atzo eguerdian aurkeztu zuten Donostian, San Telmo museoan. 25 lagunek sinatu dute adierazpena, eta horietatik gehienak izan ziren atzoko agerraldian. Guztien izenean hitz egin zuten Eneko Olasagasti zinema zuzendariak, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak eta Teresa Toda kazetari eta preso ohiak.

Adierazpenean azaltzen dutenez, sinatzaileek ez dute ulertzenkonponbidea lortzeko Espainiako eta Frantziako gobernuek ez egitea «legearen barruan egin daitekeena». Ez dute ulertzen «urratsik ez egitea» pertsona guztien eskubideak errespetatuak izan daitezen. Eta ez dute ulertzen konponbidea «elikatu» beharrean, «oztopoak jartzea». «Ez ulertzeaz gain, ez dugu onartzen. Ezin dugu zain segitu», diote adierazpenean. Horri aurre egiteko elkartu dira alderdi edo ideologia desberdineko herritarrak. Uste dute giza eskubideen defentsan lan egitea, «zilegi» ez ezik, «beharrezkoa» ere badela.

Legeak aldatzeko beharra

Bakea lortzeko «ezinbestekotzat» jo dute «gutxieneko batzuk» adostea. Nabarmendu dute presoak preso daudela epaituak izan direlako, epaitu gabe espetxean daudelako edo zigor bat betetzen ari direlako. Baina askatasuna ukatu zaielako ez zaiela beste eskubiderik ukatu behar. Haien esanetan, presoek espetxe legediaren aukerak onartu dituzte, eta errespetatu egin behar dira beraien eskubideak: «Presoen eskubideak errespetatu behar dira beraien ingurune sozial afektibotik gertuen dagoen espetxean zigorra betez, gaixotasun larriak dituztenak kaleratzeari bide emanez eta bizi osorako zigorra ahalbidetzen duten neurriak indargabetuz».

Presoen arazoan ez ezik, iheslarienean ere urratsak egin behar direla uste dute, haiek herriratzeko bideak bilatuz. Azkenik, diote giza eskubideak urratzen dituzten legeak aldatu egin behar direla. Horiek dira adierazpenean proposatzen dituzten gutxienekoak. Galdera bat egiten dute gero: «Zergatik ezin dugu ados jarri gutxieneko horietan?».

«Nitasunetik gutasunera»

«Ni neu naiz, ez naiz zu, ez naiz bera». Esaldi horrekin eman diote hasiera manifestuari. Izan ere, haren sinatzaileek «beren burua besterik» ez dute ordezkatzen. «Nitasunetik» egin dute lehen urratsa, eta «gutasunera» pasatu dira adierazpenean. Orain, gu horretara gonbidatu nahi dituzte giza eskubideen defentsan lan egiteko «borondatea» duten herritar guztiak. Azkarragaren arabera, gizarteak izan behar du konponbidea eta akordioak eskatzen dituen mugimenduaren burua.

Apirilaren 12rako jarri dute lehen hitzordua. Ez dute zehaztu non egingo duten topaketa. Hala ere, jakinarazi dute ziurrenik Gipuzkoako herriren batean egingo dutela. Jardunaldi horietan ez ezik, herriz herri ere hausnartuko dute giza eskubideen defentsan egin beharreko hurrengo urratsen inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.