Desadostasuna, zabor artean

Astelehenaz geroztik greban daude Txorierriko zabor biltzaile eta kale garbitzaileak. Urazca enpresarekin akordiorik egin ezean, ez dute baztertu greba mugagabea egitea.

Derio
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Langileen eskaera onartzea. Hori da konponbidea Txorierriko (Bizkaia) kale garbiketa eta zabor bilketa kudeatzen dituen Urazca enpresaren eta langileen arteko gatazkan. Langileek deitutako grebaren ondorioz zakarrez lepo daude Derio, Sondika, Loiu, Lezama, Larrabetzu eta Zamudioko kaleak.

Izan ere, 2009an amaitu zitzaien Txorierriko zabor biltzaile eta kale garbitzaileei enpresarekin egindako hitzarmena. Urazcarekin duten akordioa bi urte luzatzeko, plataforma bat eratu zuten langileek. Enpresak, ordea, lau urtekoa egitea eskatu du.

Manuel Cejudo Txorierriko ELA arduradunak salatu du bi urtekoa hitzartu eta lau urterako luzapena idatzi duela Urazcak. «Irtenbideak hiru urterako akordioa izan beharko du». Adostasunik ezean,ez dute baztertzen aste bateko greba mugagabea hastea.

Besteak beste, soldatetan KPIa gehitzea nahi dute. «KPIa igotzen bada eta gure soldata ez, enpresa dirua irabazten ari da», dio langileetako batek.

Diru saria ez handitzeko arrazoia Txorierriko mankomunitatearen aurrekontu murrizketa da, Urazcaren aburuz. Ondorioa, berriz, langileen greba eta gutxieneko zerbitzuen eskaintza da. «Kaleak garbitzen, bederatzi kamioi eta hogei pertsona aritzen dira, eta zaborra pilatzen, zortzi». Egunotan, ordea, bost langile eta hiru ibilgailu bakarrik dabiltza.

Cejudoren iritziz, enpresa eta udala dira egoeraren erantzuleak. Izan ere, Derioko Udalak beste zerbitzu batzuk kontratatu ditu grebak eragindako zikinkeria garbitzeko. «Egin dutena legez kanpokoa da. Salaketa jarriko diegu langileak legez kanpo ordezkatzeagatik», esan du ELAko ordezkariak.

Astelehenean hasi zuten lanuztea, eta Cejudok argi du bi aldeek akordioa sinatu bitarte iraungo duela. «Gure eskaerak badituzte, orain haiei dagokie fitxa mugitzea».

Aldekoak eta kontrakoak

Alderik alde kaleetan tamaina eta forma guztietako zakarrak dauden bitartean, herritarren artean era guztietako iritziak daude.

Piedad Francok, esaterako, ez du begi onez ikusi zabor biltzaileen jarrera: «Herria nazka-nazka eginda dago; paper mordoa dago lurretik... Merkatu ingurua penagarri zegoen herenegun». Jose Antonio Pastorrek, ordea, garbitzaileak babestu ditu. «Mobilizazioetara jotzen badu, langileak beste irtenbiderik ez duelako da. Beraz, ni alde nago». Urazcako auzian udalek esku hartu beharko luketela uste du Ana Mari Larraurik: «Herritarren arazoak konpontzea haiei ere badagokie».

Atzo eta gaur, mobilizazioetan dabiltza grebalariak. Egoera aldatu artean, adierazi dute kontzentrazioak egin eta grebari eutsiko diotela.

Bada, baina, planto sistemarekin bat egin ez duen langilerik. Horietako bat da Jabi Indurain derioarra. Bederatzi urte daramatza Urazcan lanean, baina egun Derioko Udalak kontratatutako Inbisa enpresarentzat lanean dihardu. «Kontua ilun dago. Irtenbidea enpresak dioena onartzea da. Denok onartu behar dugu zerbait egoerari buelta emateko», dio.

Enpresak eta langileak ados jartzeko hitzak mahai gaineandaude jadanik. Orain, hitzarmen bilakatzea baino ez da falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.