Desberdintasun sozialak «eraikiak» direla azaldu du Ikuspegik txosten batean

Aniztasunaren inguruko monografiko sorta bat argitaratuko du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak, eta lehen zenbakia kaleratu dute. «Berdintasunik eza» izan dute hizpide, eta ikuspuntu ezberdinetatik heldu diote gaiari.

Txostenaren aurkezpena, gaur goizean. IKUSPEGI
jone arruabarrena
2023ko martxoaren 14a
14:40
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako «aniztasunari buruzko hausnarketa soziologikoa egitea». Hori izan du helburu Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak, egin duen azken ikerketarekin. Azterlanaren emaitza argitaratu du gaur behatokiak Zabaldu #1 monografikoaren bidez, EHUk antolatu duen Dimentsioak desberdintasunetik jardunaldian. Monografiko sorta baten lehen atala da, eta «berdintasunik eza» landuko dute zenbaki horretan. Aniztasuna aztertzeko, «kolektibo, gizarte talde eta pertsona jakin batzuei eragiten dieten desberdintasun ardatzak» hartu dituzte mintzagai Ikuspegiko ikertzaileek.

Desberdintasunak, aniztasunak eta diskriminaziorik ezak gorroto delituekin daukan loturan sakondu dute ikuspegi ezberdinetatik: «Generoa, LGTBI, desberdintasun ekonomikoa, immigrazioa, ijitoak, erlijio aniztasuna, ezgaitasuna edo adina».

Luis Sanzo Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saileko Estatistika Organo Bereziaren arduradun ohiak ekarri du «desberdintasun ekonomikoa» edo pobreziak eragindako bereizkeria txostenera. Azaldu duenez, 2008-2012 aldiaz geroztik gora egin dute nabarmen desberdinkeria adierazleek arlo horretan. Aberatsenen eta pobreenen arteko desberdintasuna ere handitu dela dio txostenak, eta horrek, era berean, parte hartzearekin lotu du: «Desberdintasunaren hazkundea partaidetzaren beherakadarekin lotzen duen adierazleari dagokionez ere, emaitzak argigarriak dira: euskal gizartean guztira eskuragarri dauden diru sarreren kasuan, %3,88koa zen biztanleria %10 behartsuenaren ekarpena 2008an, eta, 2020an, % 3,18koa besterik ez». Txostenaren arabera, desberdinkeria adierazleak geroz eta handiagoak dira, gehiago direlako «atzerritar jatorriko pertsonak, seme alabak dituzten emakume bakarrak eta nukleorik gabeko pertsona anitzeko etxeak».

Askotarikoak edo desberdinak

Imanol Zubero soziologoak izan du aniztasunaren kontzeptuaren inguruan idazteko ardura. «Aniztasunak ez du per se desberdintasuna adierazten. Edozein desberdintasun sozialki eraikia da», azaldu du txostenean. Izan ere, azaldu du denborak aurrera egin ahala desberdintasuna gauza «natural» edo «normaltzat» hartzen dela, «gizartea sortu aurreko egitatetzat».

Andrea Ruiz de Balzola Begirune fundazioko kideak osatu ditu ondorioak txostenaren azken kapituluan: «Zer esan nahi dute, berez, orinek edo azalaren koloreak? Ezer ez. Baina espezie gisa forma ematen diguten eta garen hori bihurtzen gaituzten gizarte prozesuen bidez, halabeharrez, esanahi bat hartuko dute, eta sailkatzeko erabiliko ditugu». Era berean, azaldu du desberdintasun horietako batzuek azkenean desberdinkeria justifikatuko dutela.

Hain zuzen, desberdinkeria hori arlo juridikotik aztertu du txostenean Jon Mirena Landak, «berdintasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako araudia» aztertu eta berrikusita. Ondorioztatu duenez, legeak jokabide jakin batzuk zigortzeko ez ezik «prebenitzeko» ere erabiltzen da, eta horrek diskriminazioaren aurkako araudi osoa «arriskuan» jar dezake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.