Igeldoren desanexioa

«Desegin dezake gure nahia?»

Herri bihurtzeko bidea beti arazotsua izan denez, epaiaren albistea ez da ezustea izan bizilagunentzat; baina ondoeza eragin du.

Igeldoko plazan, udaletxe izaniko eraikinean —gero, eskola—, desanexioaren aldeko ikurrak. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Igeldo
2014ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Gandor txuriz beteta ageri da itsasoa: negu mina. Arrea, eta ederra. Talaia bikaina da Igeldo hura ikusteko. Hutsik zen atzo 15:30ean plaza. Taberna bat irekita; bezero bakanak. Bakardade horretan, Begoña Gandarias, Igeldoko bizilaguna. Bazuen, ordurako, azken orduaren berri. «Dena dira trabak». Harriduraren gainetik, ernegazioa. «Nik pentsatzen nuen gerta zitekeela;finean, dena da interesa».

16:00ak pasatxo. Lehendabiziko irriak eta algarak, negar hotsak. Ikastetxetik irteten hasi ziren umeak, eta gurasoak haien bila, atarira. Askok ez zekiten EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Igeldo herri izendatzeko dekretua —eta, beraz, prozesua — bertan behera utzi zuenik. Berehala zabaldu zen: bolo-bolo. «Bertan behera utzi dute», esplikatzen zioten elkarri. Aski zen horrekin. Igeldon, urte asko daramatza desanexioari buruzko gaiak lehen lerroan, eta, azken hilabeteotan, herri galdeketa egin eta Gipuzkoako Foru Aldundiak desanexioa onestea ebatzi zuenetik, horren inguruan hariztatuta daude herriko gorabehera gehienak.

Suminduenen artean, Iñaki Aizpurua. «Prozesu hau ez zen judizializatu ere egin behar. Hau ez zen gertatuko herriaren iritzia errespetatu izan balute». Ebazpenak ez dituela ezustean hartu esan zuen. «Esperientzia luzea daukagu horrelakoetan. Aukeretako bat zen behin auzitara jota desanexioa bertan behera geratzea, eta halaxe gertatu da». Abiatutako bidearen emaitzan, hala ere, baikorra da oraindik: «Epai hau ez da horren garrantzitsua, eta, gainera, ez da irmoa».

Ikastetxeko atarian bertan, emakume gazte bat, bi mutil koskorren ama: Itsaso Garmendia. «Arrasatekoa naiz ni, baina Igeldon bizi naiz, eta nire semeak hemengoak dira». Atzoko ebazpen judizialak ez duela ezustean hartu zioen hark ere —«Hein batean, espero nuen»—, baina gaitzesgarri deritzo. «Legezkoa izango da akaso, baina Igeldoko gehiengoaren kontra doa», esan zuen. «Izan ere, guk eman dugu gure iritzia», oroitarazi zuen. «Demokratikoki egindako galdeketa bat izan zen. Epai batek desegin dezake hori? Desegin dezake gure nahia?».

Itxaropen zapuztua

Laura Izagirre ere, ikastetxeko beste guraso bat, saminduta zegoen. Hantxe izan zuen albistearen berri, neska-mutilen zalaparta artean. Ez zuen ondo hartu: «Tristura; horixe sentitzen dut orain. Atzetik, haserrea etorriko da». Herri galdeketako emaitza zuen hark ere gogoan: desanexioaren alde egin zuten bizilagun gehienek. «Ez dute errespetatu herriaren hitza». Oroitarazi zuen urte ugari daramatzatela udalerri izatearen aldeko prozesuan murgilduta —«Hogeitik gora badira»—, eta bidean izandako eragozpen ugarien berri izan arren oraingo abagune honek aparteko itxaropena eragin ziola: «Esperantza neukan. Pentsatzen nuen hauxe zela gure momentua».

Suminduen saminaren aurrean, ahots mutuak ere bai. Presa saihestu ezina erakutsi nahi zuten gurasoak: «Oso berandu nabil». Gaiari buruz mintzatu nahi ez zuten pertsonak: «Ez naiz Igeldokoa. Beraz, bost axola». Itsaso arreari erreparatuko diote, gaur, berriz ere, denek. Gandor harroei. Talaia ederrak hor segituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.