Azpiegiturak

Deskargako autobidea martxorako zabaltzea espero du Gipuzkoako Aldundiak

Goienak aurreratu duenez, autobidearen %85 egina dago. Aldundiaren aurreikuspenak bete egingo dira, neguan eragozpenik sortzen ez bada.

Deskargako autobideko lanak. JESUS KORTABARRIA
2018ko abenduaren 14a
15:10
Entzun

Deskargako autobidea (Gipuzkoa) martxoan irekiko dute. Hori da, behitzat, Gipuzkoako aldundiak espero duena. Foru gobernuak Goienari azaldu dionez, aurreikusitako epeak bete dituzte orain arte autobideko lanek eta, neguan eragozpenik ez bada, martxoan prest egongo da Deskarga eta Bergara (Gipuzkoa) arteko bide berria.

Tarte horrek 5,2 kilometro ditu, baina zailtasun ugari dituela nabarmendu du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegitura diputatuak. Adierazi duenez, obra guztiaren %80 mendiari eusteko lanak dira.

Deskarga eta Bergara arteko autobidearen lanak EH Bilduren foru gobernuak hasi zituen aurreko legealdian. Lanak etetea erabaki zuen 2015ean, obren gainkostua altuegia zela iritzita. Kontratua eten zuen enpresa eraikitzaileekin. Lanak geldirik egon dira bi urtez. EAJ eta PSE-EEren koalizio gobernuarekin, lanak berriro hasi ziren 2017an.

Autobidea irekitakoan, Beasain (Gipuzkoa) eta Bergara arteko bidea 11 minututan egin ahalko da, aldundiaren arabera.

Foru gobernua aztertzen ari da errepide berria ordainpekoa izango den ala ez. Europako Batzordearekin ere ari da gaia lantzen. Momentuz, N-1ean —Etzegaraten eta Andoainen (Gipuzkoa)— jarrita dauden arkuen antzekoa ipini dute Deskargan, ibilgailuei kobratu ahal izateko.

Autobidearen irekiera beste urrats bat izango da Beasain eta Durango (Bizkaia) autobidez lotzeko proiektua garatze aldera. Lehen pausoa 1998an eman zen, Beasain eta Ormaiztegi (Gipuzkoa) arteko autobidearekin. 2005ean ireki zen Ormaiztegi eta Zumarraga (Gipuzkoa) lotu zituen tartea; 2012an, Urretxurainokoa (Gipuzkoa); eta 2015ean amaitu zuten Deskarga zeharkatzen duen bide berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.