Iazko uztailaren 18an hustu zuen Poliziak M-15 mugimenduak Arriagan ezarritako kanpalekua. Atzo egindako agerraldian, mugimenduko kideek ohartarazi zuten urtebete geroago ez direla desagertu, eta desobedientzia zibila abian jartzeko eskatu zieten erakunde zein «gizarte eragile boteredunei».
Eskari hori «bereziki» alderdi eta sindikatuei egina dela zehaztu zuten: «Gizadiaren ongizatearen defentsa tinkoa egin dezatela eskatzen diegu, jasaten ari garen gehiegikerien eta legedia injustuaren aurka desobedientzia zibila abian jartzetik hasiz». Horrez gain, protesta egiten duten herritarrak «babesteko» eskatu diete erakunde eta gizarte eragileei. «Ezinbestekoa dugu erakundeek gizartearen defentsan erabiltzea eskura dituzten baliabideak, eta ez ezkutuko espekulatzaileen mesedetan».
Aldarrikapen jardunaldia
Atzo betetzen zen Bilboko kanpaldia desegin zuteneko urteurrena. Egun horretan Polizia «Bilboko alkatearen aginduak betez» aritu zela gogora ekarri, eta agenteek izandako jarrera gaitzetsi zuten. «Kanporatu gintuzten indar polizialek zaborretara jaurti zuten aurrean aurkitu zuten guztia: dendak, dokumentazioa, material grafikoa eta hainbeste lan kosta zitzaigun ortu ekologikoa».
Ekintzaileek azaldu dutenez, mugimenduak Arriagatik «alde egiteko eta lan batzordeetan antolatzeko erabakia» hartuta zeukanean heldu zen plaza husteko agindua. Euren iritziz, horrek «agerian» uzten du «agintarien nagusikeria eta demokrazia falta». Plazatik kanpo egonda ere, jardunean jarraitzen dutela argi utzi nahi izan zuten atzo, Ez dugu alde egin, kontzientzia bihurtu baizik lelodun afixaren bidez.
Hala, kanpaldia hustean gertatutakoa salatu, eta «mundu justu eta baketsu bat» eskatzeko «topagune eta aldarrikapen jardunaldia» egingo dute uztailaren 28an Arriaga plazan. Desobedientziari buruzko dokumentua landu, eta gaur arte egindakoaren azterketa egingo dute. Halaber, jasotako isunak ordaintzeko, ogia egin eta salduko dute, poesia CD batekin batera. «Sormena eta kulturaren aldeko jarduna aldarrikatzen dugu, geure eskubideen aldeko borrokarekin batera».
Desobedientzia zibila abiatzeko deia egin du M-15 mugimenduak
Hilaren 28an topaketak egingo dituzte Arriaga plazan, «mundu justu eta baketsu bat» eskatzeko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu