Diasporako euskal jairik handiena bertan behera utzi dute

Boiseko Jaialdi festibala bost urtetik behin egiten dute, eta aurtengo uztailerako zegoen programatuta. Azkenean, 2021eko uztailaren 27tik abuztuaren 1era egitea erabaki dute, "ardurak eraginda".

Irrintzi konpartsako erraldoiak, Boiseko Basque Blocken, 2015eko Jaialdian. URTZI URRUTIKOETXEA
Edu Lartzanguren.
2020ko apirilaren 6a
20:26
Entzun

Boiseko (AEB) Jaialdi festibalak milaka pertsona elkartzen ditu bost urtetik behin. Bertako euskaldun eta euskal jatorriko herritarrez gain, kanpoko 30.000 jaialdizale erakartzen ditu. Aurten egin behar zuten, uztailaren amaieran, baina, ikusita koronabirus kasuak asko ugaritzen ari direla Idahon eta Ameriketako Estatu Batuetan oro har, jaialdia urtebetez atzeratzea erabaki dute, "mundu osoan ditugun lagun eta senideekiko maitasunak eta ardurak eraginda", antolatzaileek mezu baten bidez adierazi dutenez.


Aurtengo Jaialdi festibalaren afixaren detaile bat.

1987. urtean egin zuten lehen aldiz jaialdia, eta bost urtetik behin egiteko ohitura 1990etik gorde dute. Orain arte ez da inoiz bertan behera geratu.

Boiseko Kivitv telebistari eginiko adierazpenetan, Jaialdiren antolatzaile batzordeko Amy Wrayk esan du "zaila" izan zaiela erabakia hartzea. "Baina ez dakigu zer gertatuko den COVID-19ak eragindako egoerarekin, etxean eta atzerrian, eta ez dugu arriskuan jarri nahi jaialdizaleen osasuna". Aurtengoa urte "latza" dela gaineratu du antolatzaileak. "Baina euskaldunak herri zaharra dira, eta lehen ere gainditu dituzte ekaitzak".

Dantzaz, musikaz, bertsoez eta janaz gozatzeko biltzen dira jaialdizaleak Boisen. Antolatzaileek eman dituzte jarraibideak egun aldaketaren inguruan. Sarreren dirua itzultzeko bideak erabakitzen ari dira oraindik.

Koronabirusak sorturiko egoera bereziak ez dio eragingo bost urtetik behin, zeroarekin eta bostarekin amaitzen diren urteetan, ospatzeko ohiturari: 2021ekoa salbuespena izanda, hurrengo jaialdia ez dute egingo 2026an, baizik eta 2025eko uztailaren azken astean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.