Dietak kendu bai, baina bere soldata igo du Barcinak

Nafarroako Kutxatik jasoko ez dituen dieten dirua berdintzeko, 23.000 euroko igoera izango du presidenteak

joxerra senar
iruñea
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Nafarroako Kutxako eta sozietate publikoetako dietak kendu bai, baina gobernuko goi kargudunei soldata igo egingo die Nafarroako Gobernuak. Hala, Yolanda Barcinak, urtean 69.535 euroko soldata oinarria jaso ondotik, 92.712 euroko soldata jasoko du, eta, beraz, %25eko soldata igoera izango du; Roberto Jimenez eta Alvaro Miranda presidenteordeek %20ko soldata igoera izango dute, eta 80.679 euro jasoko dituzte urtean; kontseilariek 75.933 euro jasoko dituzte, aurten baino 11.390 euro gehiago (%15), eta departamenduko zuzendariei gehienez %15 igoko diete.

Duela hilabete Diario de Noticias egunkariak kaleratu zuen Yolanda Barcinak, Miguel Sanzek, Alvaro Mirandak eta Enrique Maia Iruñeko alkateak, ordura arte inork ezagutu gabeko batzorde ilun bati esker dieta bikoitzak jasotzen zituztela Nafarroako Kutxatik.

Auziak hautsak harrotu ditu, eta gobernua «behin-behinean» dieta horiek kentzera behartu du. Auziak asaldura handia eragin du iritzi publikoan, austeritatea eta gastu murrizketa iragartzen duten gobernuko arduradunek ezkutuan dieta oparoak jaso dituztelako. Iragan astean, TVEri eskainitako elkarrizketan Barcinak bere jarrera zuritu nahi izan zuen eta adierazi zuen dietak kentzea aztertzen ari zirela afera publiko egin aurretik.

Atzo, herritarren sumina baretu nahian, errealitatea itxuraldatu nahi izan du gobernuak eta propaganda ariketa egin du, soldata igoera dena «soldata jaitsiera» gisa aurkeztuz. Horretarako, aurrezki kutxatik eta sozietate publikotatik jaso dituzten dietak orain arteko soldatari gaineratu dizkiote, eta datorren urtean Barcinak %43 gutxiago eta kontseilariek %26 gutxiago kobratuko dutela diote. Barcinak ( 23.178 euroko igoera) zein kontseilariek izango dute soldata igoerari «konpentsazio osagarria» deitzen diote, eta beste organoetan dituzten ardurak saritzeko dela diote.

Urtean 162.000 euro

Albisteak balio izan du jakiteko urtero batez beste zenbat diru jaso duen presidenteak dietei esker: dietetan 92.500 euro kobratzen zituen, eta, hala, 162.000 euro jasotzen zituendenera.

Nafarroako Gobernuak 2012ko aurrekontu proiektua onartu du, eta Parlamentura igorri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.