Rafa Diez libre da. 2009031275 presoa izateari utzi dio LABeko idazkari nagusi ohiak, 08:25ean atzean utzita El Duesoko espetxea (Kantabria, Espainia). Espainiako Gobernuaren debekuaren ondoren, ekitaldirik ez dute egin kartzela atarian, baina Diezek jendetza zuen zain, ikurrinak eta LABeko banderak eskuan. Han ziren, besteak beste, Bateragune auzian zigortutako gainerakoak —Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez—, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, Iñigo Iruin abokatua, Amaia Muñoa ELAko ordezkaria eta ezker abertzaleko hainbat kide, senide eta lagunez gain. Bideoa: Diez kartzelatik irten denekoa (Jagoba Manterola / Argazki Press).
[Youtube]https://youtu.be/J0K31eAzlFI[/Youtube]
Autoan eraman dute Diez, eta Euskal Herrian sartu eta berehala egin dute ekitaldia, Muskizko Pobeña auzoan. Bertan, hizpide izan ditu, batez ere, ezker abertzalearen estrategia aldaketa eta burujabetza. "Oso harro" azaldu da ezker abertzalearen barnean sustatutako estrategia aldaketarekin: "Estatuko batzuek nahi zuten ezker abertzalea zatitzea, indargabetzea, uste zutelako prozesu politikoa neutralizatuta zegoela horrela. Horregatik espetxeratu eta zigortu gintuzten, baina gaur esan dezakegu: ez zuten lortu, eta ez dute inoiz lortuko ezker abertzalearen proiektu politikoa bertan behera uztea". Bideoa: Rafa Diezen hitzaldia (LAB sindikatua).
[Youtube]https://youtu.be/qZQAswhrpQc[/Youtube]
Bestalde, burujabetzarako bidean eman beharreko pausoez jardun du. Uste du "Lizarratik abiatu zen trena, Loiola eta Ibarretxe planei jarraituz, noraezean" gelditu dela, baina "baikor" azaldu da: "Badago indarra burujabetzara bidean lan egiteko". Sindikalismoa "giltzarri" jo du aldaketa sozialerako eta burujabetzarako bidean, eta eragile sozialak ere aipatu ditu (Gure Esku Dago, Sare...): "Indarrak badaude, eta horretarako batu behar dira minimo batzuk".
"Anbizio falta" sumatzen du Diezek, eta dei egin du indar horiek egituratzera eta "borondate komun bat" osatzera: "Herri estrategia bat behar dugu". Ildo horretan, esan du ez dagoela "eliteko Maltzagarik": "Benetako Maltzaga sindikalismoan dago, Gure Esku Dago-n, gutun sozialean".
Gainera, gogoan izan ditu Kepa del Hoyo hildako euskal presoa eta haren senideak, Imanol Vicente El Dueson espetxekide izan duen euskal presoa eta, oro har, sakabanatuta dauden presoak.