Dimisioak Konstituzionalean, auzia ebatzi aurretik

Hiru epailek kargua utzi dute: Javier Delgado 'kontserbadoreak' eta Eugeni Gay eta Elisa Perez Vara 'progresistek'

Erredakzioa
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko hiru epailek dimisioa eman zuten atzo. Gutxik espero zuen hori, inoiz ez baita horrelakorik izan. Konstituzionaleko lehendakari Pascual Salak ez ditu onartu dimisioak. Ikusteko dago, ordea, dimisioa eman dutenek atzera egiten duten edo eutsi egiten dioten erabakiari. Dimisioa emandakoei, Javier Delgado kontserbadoreari eta Elisa Perez Vera eta Eugeni Gay progresistei —azkenhori Konstituzionaleko lehendakariordea da—, iragan azaroan amaitu zitzaien karguan egoteko epea, baina haien ordezkoak izendatzeko PSOE eta PP Kongresuan ez direnez ados jartzen, jardunean zirauten. Dimisioen xedea Espainiako bi alderdi nagusiak ados jartzea eta Konstituzionaleko epaile berriak izendatzea den arren, mahai gainean ebazteko dituzten gaien inguruko erabakiak ere baldintza ditzake hiru epaile gutxiago egoteak.

Gai nagusia Sortu alderdia legeztatzeari buruzko auzia da, Iñigo Iruin abokatuak erakunde horretan ezker abertzalearen babes helegitea jarri zuenetik, maiatzaren 18tik, Konstituzionaleko epaileek esku artean dutena.

Balizko berdinketa

Auzitegi Konstituzionalak Bildu koalizioa legeztatzeko erabilitako argudioak Sortu legeztatzeko erabiltzeko modukoak ere badira. Hainbat juristak esana da hori, baita alderdi politiko eta bestelako erakundeek ere. Iruinek aurkeztutako Sorturen babes helegitean ere ez dira falta Bilduren gaineko Konstituzionalaren epaiaren erreferentziak.

Bilduren epaia 11 epailek eman zuten, eta zatituta agertu zen epaimahaia: seik babestu zuten Bildu legeztatzea eta bost kontra azaldu ziren. Atzo dimisioa eman zuten hiru epaileetako bik Bildu legeztatzearen aldeko botoa eman zuten, eta besteak, kontrakoa.

Lau eta lau lirateke orain, alegia Bildu babestu zutenek Sortu babestuko balute eta haren kontra egin zutenek ere Sorturen kontra egingo balute, berdinketa izango litzateke Konstituzionalean. Berdinketa hori Konstituzionaleko lehendakari Pascual Salak hautsi beharko luke, kalitatezko botoa erabilita.

Hori dimisioa eman duten epaileek erabakiarekin bultzatu nahi dutena lortzen ez badute, eta zaila da hainbeste denboran ados jarri ez badira PP eta PSOE orain ados jartzea, kontuan izanda, gainera, popularrek gehiengo absolutua lortzeko itxaropena dutela Espainiako hauteskunde orokorretan, eta orduan beren konfiantzazko epaile gehiago izendatzeko aukera izango dutela. Are zailagoa izango da egunotan esaten hasi direna beteko balitz, alegia Espainiako hauteskunde orokorrak azarora aurreratuko balira. Ordurako Sorturen legeztatzeari buruzko epaia eman beharko luke Konstituzionalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.