DIPCren HAMAR URTEAK

Robert Langer ingeniari kimikoak gaitz anitzekin borrokatzeko urte gutxian erabiliko diren biomaterialak aurkeztu ditu. Etorkizuneko medikuntza nolakoa izango den iragarri zuen Aaron Ciechanoverrek

Irune Lasa.
Donostia
2010eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Medikuntzarena eta gaitzen kontrako sendabideena da, beharbada, zientziaren aplikazio hurbilenetako bat herritar arruntentzat, nahiz eta gure eguneroko bizitzan oinarrizko zientziaren lorpenen ondorio diren hainbat eta hainbat gailuz erabat inguratuta egon.

Beharbada, osasunak edonorentzat duen garrantzi hori aintzat hartuta gonbidatu zituen atzo DIPCk Passion for Knowledge hitzaldi sortari hasiera ematera Robert Langer eta Aaron Ciechanover.

Robert Langerrek bera ez dela medikua argi utziz hasi zuen biomaterial berriei buruzko bere hitzaldia. Izan ere, ingeniaria da Langer, ingeniari kimikoa, baina berak kontatu zuen bezala, ikaskideak lanera petrolio konpainia handietara joaten ziren bitartean, berak ez zuela halakorik nahi erabaki zuen. Horri esker, eta bere ingeniari abileziak baliatzen jakin zuen zirujau bati esker, medikuntzan eta irakaskuntzan egin ditu bere ekarpen nagusiak Langerrek.

Botikak, nanoesferetan

Botikak giza gorputzean sartu eta gaitzak maila lokalean tratatzeko moduen historia errepasatu zuen nolabait Langerrek. Eta etorkizuna ere iragarri zuen. Hala, adibidez, gorputz osoan nahi gabeko ondorioak dituen kimioterapiaren ondoan, minbizia modu eraginkorrean artatzeko botika tumorean bertan eta denboran zehar askatzen dituzten nanoesferez hitz egin zuen zientzialari estatubatuarrak. Polimerozko mikroesfera edo nanoesfera batek bere botika txip kimiko batek esandakoaren arabera aska dezake hala egiteko agindua ematen zaionean, Langerren arabera; adibidez, kanpotik eragindako pultsu elektriko baten bidez. «Beharbada blackberrya edo sakelakoa erabiliko da horretarako». Polimeroek beren erabilerari buruzko zalantza guztiak nola gainditu dituzten ere azpimarratu zuen.

Polimerozko aldamio biodegradagarriak ere aurkeztu zituen ingeniari kimikoak, gizaki sudurra zuen sagu baten argazkiarekin. Norberaren zelulak aldamio horiekin batuz organoak osa daitezkeela azaldu zuen, adibidez, sudurra edo belarria galdu duten soldaduei transplanteak egiteko, edo azala eraikitzeko erredurak izan dituztenentzat.

Etorkizunera begira jarri zen Aaron Ciechanover israeldarra ere. 2004ko Kimikako Nobel saridunak etorkizunean gaitz guztiak sendatuko diren galdetu zion bere buruari. «Gizakiak hori nahi du, ezta? Ahalik eta gehien bizi, eta ahalik eta osasuntsuen». Tamalez, etorkizunean ziurrenez gaitz berriak agertuko direla aurreratu zuen Ciechanoverrek. Herrialde garatuetan 120 urte arte bizitzea lortuko da, baina ez dakigu zer ezkutatzen den hor. Esaterako, azaldu zuen, Alzehimer gaitza ez zen agertu gizakiak adin jakin batetik aurrera bizitzea lortu zuen arte.

Etorkizuneko medikuntzak pertsonalizatua, prediktiboa, prebentiboa eta parte-hartzailea izango da. Giza genomaren sekuentziazioaren ostean, eta haren ulerkuntza aurrera egiten den heinean, gauza horiek guztiak lortuko dira, baina aldi berean zalantza etikoak ere sortuko dira, Ciechanoverren ustez; besteak beste, oso informazio sentibera eskatu baitu gizabanakoak eta hura artatzen duen medikuak. Eta «betiere gizakiaz ari gara, ez gara mikrobio bati buruz hitz egiten ari.»



Zientifikoki informatua dagoen gizartea izan behar

«Zientziaren funtzionamendua ulertzen duen, zientifikoki informatua dagoengizarte bat; zientzia ederra, kulturalki garrantzitsua eta ekonomikoki erabakigarria dela dakien gizarte bat prestatuagoa dago bere etorkizuna moldatuko duten erabakiak libreki eta arduraz hartzeko», azaldu zuen atzo Pedro Miguel Etxenike DIPCko buruak, Passion For Knowledge hitzaldi sortari hasiera emateko ekitaldian. «Zientzialariok gizartearenarazoak detektatzen lagundu behar dugu, haiek zientifikoki formulatuz eta irtenbideak bilatuz», gaineratu zuen, «horretarako arazoak konpon daitezkeen baikortasuna erabiliz». Zientzia, Etxenikeren ustez, «gizateria elkartzen duten indarretako bat da» eta «Euskal Herriaren erronka abanguardiako zientzia ekoiztea da».

Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak azaldu zuen bere sailaren erronka nagusia krisiaren gainetik «zientzia eta ikerketa politiken jarraitutasuna bermatzea» dela. «Baliabideak optimizatu behar dira», Zelaaren ustez, «Euskal Herria zientziara berandu iritsi den herri txikia dela ahaztu gabe».





Ikasleak eta Nobel saridunak aurrez aurreko topaketetan

Jaialdiaren xedeetako bat zientziarako eta teknologiarako zaletasuna sustatzea da, eta ikasleek zientzialariak hurbiletik ezagutuko dituzte goizetan: gaur, Kutxagunean, Hoffman, Wilczek eta Ciracekin; bihar Kutxagunean Herscjbach, Rohrer eta Cohen-Tannoudjirekin eta etzi Aquariumean Earle eta Yonathekin.





Nazioarteko zientzialarien bilkura teknikoak ere badira

DIPCk garatutako ikerketa lerro nagusiak ardatz hartuta, bihartik ostiralera artean nazioarteko zientzialarien bilkura teknikoak ere egingo dira Kursaalean. Honako hauei buruz izango dira lantegiak: elektroien dinamika ultraazkarra; gainazalen fisika; material polimerikoen fisika eta fotonika eta plasmonika.





Hitzaldiak jarraitzeko, Kursaalean bertan edo sarean

Ezagutzaren Jaialdiko hitzaldiak doan eta nahi duenarentzat irekiak dira, baina derrigorrezkoa da izena ematea: Internet bidez egin daiteke izen ematea www.dipc10.eu webgunean. Donostiara joan ezin duenak hitzaldiak zuzenean jarrai ditzake www.dipc.tv web orriaren bitartez.





Egitaraua

GAUR

17:00. Juan Ignacio Cirac (Asturiasko Printzea saria, 2006).Fisika kuantikoa: Naturaren ikuspegi berri bat eta askoz gehiago.

18:00. J. M. Lehn (Kimikako Nobel saria, 1987). Materiatik bizitzara. Kimika? Kimika!

19:00. Richard Ernst. (Kimika Nobel saria, 1991).Grina eta erantzukizuna. Hezkuntza, erresonantzia magnetikoa eta Asia Erdiko pinturaren artea.20:00. Sylvia A. Earle (TED saria 2009).Muga sakona aztertzeko premia.

BIHAR

17:00. D. Herschbach (Kimikako Nobel saria 1986).Molekula basatiak etxekotzen.

18:00. Theodor Hansch (Fisikako Nobel saria 2005).Zehaztasunaren aldeko grina.

19:00. F. Wilczek (Fisikako Nobel saria 2004).Urrezko aro berri bat aurreratzen.

20:00. Bernardo Atxaga. Poema bat Lazkano lagunari.

IRAILAREN 30A

17:00. Roald Hoffmann (Kimikako Nobel saria 1981).Oinarrizko tentsioak kimikan: zientzia baten hiru ikuspegi.

18:00. Claude Cohen-Tannoudji (Fisikako Nobel saria 1997). Atomoak manipulatzeko argia erabiliz.

19:00. Luis de Pablo.Musikarekiko grina: 'bestelako' ezagutza.

URRIAREN 1A

17:00. Sir John Pendry (Fellow of the Royal Society).Ikusezintasun kapak eta lente perfektu bat.

18:00. Ada Yonath (Kimikako Nobel saria 2009). Everest mendiak, hartz zuriak, asfaltatu gabeko errepideak eta erribosoma ebolutiboa.

19:00. Heinrich Rohrer (Fisikako Nobel saria 1986). Zientzia, lilura eta grina.





Irudia.

Donostia

DIPC-REN BABESLEEN OMENALDIA

Donostiako Udalak omenaldia egin zien atzo DIPCren babesle pribatuei. Aurten hamar urte bete dituen zentroaren fundazioan babesle publikoez gain, hots, Donostiako Udalaz, Jaurlaritzaz, Gipuzkoako Aldundiaz eta EHUz gain, bost enpresa edo entitate pribatuk jartzen dute dirua zentroa sustengatzeko. Kutxa da laguntzaile nagusia, eta harekin batera CAF Beasaingo tren egilea, Mapfre aseguru etxea, Naturgas energia konpainia eta Telefonica. Pedro Miguel Etxenikek bere ondarea DIPCri utzi zion Josebe Olarra ere izan zuen gogoan. Dudley Herschbach Kimikako Nobel sariak, berriz, DIPCk urteotan nazioartean lortutako itzala goraipatu zuen.





Pedro Miguel Etxenike.DIPC zentroko lehendakaria

«DIPCk ez du krisia nabaritu,berdin laguntzen digute»

I. Lasa. Donostia

Donostia International Physics Centerren aurpegia eta bihotza da Pedro Miguel Etxenike. Hamar urte bete ditu zentroak, eta babesle pribatuei egindako omenaldian protagonista izan zen Etxenike: omentzaile eta omendu guztiak ados agertu ziren, DIPCk sortu bazen eta orain arteko bidean egin badu, Etxenikeren bultzadari eta grinari esker izan da.

Urteetako lanaren emaitza izan da DIPC eta orain arteko ibilbidea. Unerik zailena zein izan zen gogoratzen duzu?

Zailtasun bakarra? Gauza asko izan ziren zailak hasi nahi izan genuenean. Baina, egia esanda, hain pozik nago orain, ahaztuta dauzkadala guztiak.

Baina orain krisia nabarituko zenuten DIPCn.

Bada, ez. Guk ez dugu nabaritu krisia. Bai babesle publikoek bai pribatuek berdin jarraitzen dute gu laguntzen.

Beste hainbat zentrotan murrizketak izan dira.

Ikusi ditut, bai; baina gurean ez, eta horrekin oso pozik nago.

Eta nola ikusten duzu DIPC beste hamar urtera?

Ondo ikusten dut. Dena den, hurrengo hamargarren urteurrenaren ospakizuna beste batek egingo du. Ni jendartean egongo naiz(kar, kar).

Dudley Herschbach Nobel saridunak liderren mailaz hitz egin eta Superpedro deitu zaitu.

[Erdi lotsatuta] Polita, eskertzen diot.

Hawkingen ondoren, fisikari ezagunena izango zara Euskal Herrian.

Jaungoikoari buruz ezer esango banu, ziur ezagunagoa nintzatekeela (kar, kar)...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.