Diputazioak ez du bidesaririk jarriko Etxegaraten

Hiru sindikatuarekin bilera egin ostean eman du erabakiaren berri Gipuzkoako Foru Aldundiak

Donostia
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du bidesaririk jarriko Etxegaraten. Hala adierazi zuen Larraitz Ugarte Bide Azpiegitura eta Mugikortasun diputatuak Hiru garraiolarien sindikatuarekin atzo egindako bileraren ostean. Bertan, Foru Aldundiaren jarrera eta garraiolariekiko «konpromisoa» erakutsi zien sindikatuko kideei. «Bilduk hasieratik izan zuen bidesarien aurkako jarrera, eta bide horretatik jarraituko du, Etxegaraten halako neurririk hartu gabe», azaldu zuen Ugartek.

Joan zen astean Gipuzkoako Diputazioak iragarri zuen hainbat bilera egingo zituela bide azpiegiturekin zerikusia duten eragileekin. Helburua errepideen egoera aztertzea eta iritziak trukatzea zen. Bilera horien harira, diputazioko ordezkariek bilera egin zuten atzo Hirurekin.

Lehenik eta behin, aldundiko kontuak eta Bidegiren zorra aztertu zituzten, eta Bilduk hauteskunde kanpainan hartutako «konpromisoari eusteko asmoa» ere azaldu zuten. Aurreko gobernuak A-8 eta AP-1 autobideetan eta Deskargan bidesariak jartzea aurreikusi zuen zorrari erantzun ahal izateko; ez, ordea, Etxegaraten. Horregatik, hauteskundeen ostean, Bilduk eta aldundiak ere jarrera berari eutsi nahi ziotela adierazi zuten.Orain, dena den, Batzar Nagusiek dute erabakia hartzeko ardura. Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan gehiengo nahikoa izatea espero du, proiektua geldiarazteko eta orain arte bezala Etxegarate bidesaririk gabe mantentzeko.

Bidegiren zorrari aurre egiteko beste hainbat bide aztertzen ari direla azaldu zuen Ugartek. «Gainerako eragileekin bilerak egiten jarraituko dugu errepideen gaia aztertzeko; Guitrans sindikatuarekin hitzordua egin dugu dagoeneko, eta A-8 Doan taldearekin eta hainbat udalekin ere ados jarri nahi dugu».

Etxegarateko bidesaria, ostera, aspalditik datorren auzia da. 2010eko martxoan Gipuzkoako errepide nagusietan bidesariak jartzea onartu zuten Batzar Nagusiek. EAJren, Hamaikabaten eta PSE-EEren aldeko botoekin atera zen aurrera proposamena. Ebazpenak ez zuen zehaztu zein errepide bihurtuko ziren ordainpeko, baina ondoriozta zitekeen N-1, A-15 eta Beasain-Durango autobietan jartzea zutela helburua. Erabiltzaile guztiek ala soilik kamioilariek ordaindu beharko ote zuten ere ez zuten argitu.

Gipuzkoako Diputazioaren esku geratu zen bidesariak ezartzeko foru araua egitea, baina Batzar Nagusietako oposizioak erabakia salatu zuen. Neurriaren bidez Gipuzkoako azpiegituren «zama» erabiltzaileen esku utzi nahi izana egotzi zieten gainerako oposizioko alderdiek, eta, beraz, bidesariak ez ziren orduan ezarri.

«Pozik» erabakiarekin

Aralarrek foru arau hori ezeztatzeko eskatu zuen iragan astean. Ebazpen proposamen bat aurkeztu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta oraindik indarrean dagoen araua bertan behera uzteko eskatu zuen, edo gutxienez «berregitura sakona» egiteko.

Etxegaraten bidesaririk ez jartzeko erabakiaren berri jakin ondoren, halaber, «pozik» daudela adierazi du Rebeka Ubera Batzar Nagusietako Aralarreko bozeramaileak. «Urrats hau ondoren etorriko diren beste askoren aurrekaria izan dadin nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.