komunikabideak

Diru laguntza deialdia "lehenbailehen" argitara dezala eskatu diote euskarazko hedabideek Nafarroako Gobernuari

Exekutiboak azken 23 urteotan aurreneko aldiz laga ditu sosik gabe euskarazko komunikabideak. "Mindu, iraindu eta egoera larrian utzi gaitu", salatu dute Topaguneak, Nafarroako euskal hedabideek eta Nafarpressek.

2009ko abenduaren 28a
17:24
Entzun
Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideak azkeneko 23 urteetan diru laguntzarik gabe utzi ditu lehen aldiz, eta Topagunea euskara elkarteen federazioak, Nafarroako euskal hedabideek eta Nafarpress-ek gobernuaren errespetu falta salatu eta 2010era begira berriro laguntzak emateko eskatu dute, gaur Iruñean egindako agerraldian. "Hedabideen egoera egonkortzeko" asmoz, "noizko hitzarmena?", galdetu dute, deialdia "lehenbailehen" ateratzeko beharra azpimarratuz. "Mindu, iraindu eta egoera larrian utzi gaitu Nafarroako euskarazko hedabideak".

Xabier Azanzak Euskarabideaan egindako lana kritikatu dute, "urte osoa eman baitu laguntza etorriko zela publikoki zein pribatuan errepikatzen". Beste era batera jokatzeko galdegin diote: "Ez dadila 'kudeatzaile' figuraren atzean ezkutatu, ematen diotena banatzera mugatuz, eta zuzendari

gisa joka dezala: erabakiak hartuz, proposamenak eginez, behar duena gobernuari exijituz, eta 'porrot' hori gainditzeko urratsak emanez".

Nafarroan aritzen diren euskarazko hedabideen arabera, "2010eko diru laguntza deialdia lehenbailehen argitaratu beharra du" exekutiboak, "aitzakiak alde batera utzita legeak agintzen diona beteta". "Azanzak aztertu eta zehatz dezala zein den euskararen erabilera duintasunez eta eraginkortasunez sustatzeko beharrezko gutxieneko diru kopurua, horren berri eman dezala jendaurrean, eta beharrezko duen hori eska diezaiola Gobernuari, baita Parlamentuari ere". Haiek diotenez, Parlamentuari ere "badagokio esku hartzea".

2009an Ttipi-Ttapa telebistak emititzeari utzi dio, eta Topaguneak, Nafarroako euskal hedabideek eta Nafarpressek uste dute ez litzatekeela harritzekoa izango euskarazko beste komunikabideren batek "bide beretik jarraitu behar izatea. Izan ere, ez da erraza finantzazio bide alternatiboak bilatzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.