stekabean, UAko legebiltzarkide bakarraren babesa lortu du Eusko Jaurlaritzak 2005eko aurrekontu proiektua onartzeko. Hala ere, ez zaio nahikoa izango oposizioari aurrea hartzeko. Ezinbestean, hortaz, bestelako laguntza ere beharko du. Legealdi osoan proiektu bakarra atera dute aurrera EAJk, EAk eta EB-Berdeek: 2003ko aurrekontuak. Oposizioko zenbait legebiltzarkide tartean PPko Jaime Mayor Oreja falta zirela baliatu, eta ganberak bere kontuak onartzea lortu zuen hirukoak.
2005eko proiektua da legealdiko azkena. Urtez urte, kopuruak igo ala jaitsi, antzeko egitura izan dute. ELA eta LAB sindikatuen edo Elkartzen gizarte eskubideen aldeko taldearen kritikak jaso dituzte proiektuek. Erakunde horiek bat datoz neoliberalak eta atzerakoiak direla salatzeko orduan. Gobernuak, aldiz, gizarte gastua indartu duela argudiatu du, eta ehun eurotik 72 gizarte politikak ordaintzeko erabiltzen dituela azpimarratu du behin eta berriro.
-finantza Oreka: Proiektuetan orpoz orpo jarraitu die Jaurlaritzak Europako Batasunak markatu dituen irizpideei: finantza oreka eta defizitik ez. Politika horren arabera, gastu ez-finantzarioek ez dute diru sarrera ez-finantzarioen kopurua gainditu behar. Soilik 2003ko aurrekontu proiektuan gainditu zuen aurreikusitako defizitak milioi bat euro (10,3 milioi ziren). Are gehiago, superabita lortu du hainbat urtez. Aurtengo kontuetan, ohiko gastuak (langile gastuak, funtzionamendua, finantza gastuak eta gastu arrunta) aurrekontu osoaren %80tik gora dira. Inbertsio errealak eta diru laguntzak, eta kapital eragiketarako transferentziak %12,4 dira.
-Azkarragaren saila, indartuta: 2002. urterako prestatu zuen proiektua oinarritzat hartuta, EAEko administrazio orokorreko aurrekontuak ia %20 handitu dira lau urtean. Gutxi dira, ordea, horrenbeste igo diren departamentuak. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailera, esaterako, duela lau urte baino %28,7 diru gehiago bideratzea espero du Jaurlaritzak 2005ean. Osasunari, berriz, %21,54ko hazkundea dagokio, eta Herrizaingo Sailari, %20,1ekoa.
-Garraioa, behera: Hainbat departamentutan gastua ia ez da aldatu, edo jaitsi egin da. Garraio eta Herri Lan Sailaren aurrekontua ia %8 jaitsi da lau urteotan. Errepide inbertsioetarako dirua ia desagertu izana da horren arrazoia. Industria, Merkataritza eta Turismoko aurrekontuaren hazkundea, halaber, %5etik behera dago, eta Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailekoa ez da %1era iristen.
-azpiegiturak eta inbertsioak: Sailkako egituratik kanpo dauden gastuak igo dira gehien. 2002ko proiektuan ez zeuden zenbait ekimen berezi kapitulu horietan sartzea erabaki du gobernuak. Esaterako, 2004 eta 2005erako proiektuetan Inbertsio Plan Berezia dago: 75 milioi euro era askotako helburuekin (Energiaren Garapena, Etxebizitza, Euskadiko Agiritegi eta Liburutegi Nazionalak, edo Osasun Finantzak). Halaber, 2003tik urtero oinarrizko azpiegiturak ordaintzeko 84 milioi euro bideratu dira. Atal horietan atxiki du gobernuak, bestalde, udalerriei Jarduera Ekonomikoen Zerga kentzeagatik eskaini dien kalte-ordaina (43 milioi euro datorren urtean).
-osasuna eta hezkuntza: 2002ko proiektuan baino 1.185 milioi euro gehiago izan nahi ditu gastatzeko Jaurlaritzak datorren urtean, eta ia %60 (693 milioi), Osasuna eta Hezkuntza ataletara joan doa. Aurrekontua osorik aztertuta, biek dute pisu handiena (%32,2 Osasunak, eta %26,7 Hezkuntzak). Laburbildurik: bi eurorik bat baino gehiago osasunean edo hezkuntzan gastatzen du Jaurlaritzak.
-euskalduntzea: Administrazioak hizkuntza normalizatzeko bideratzen duen dirua ia %3,2 gutxiago izango da 2005ean, 2002ko datuak parez pare jarrita. Irakasleak euskalduntzeko Hezkuntza Sailak duen dirua, era berean, duela lau urte baino %13,5 gutxiago da. Justizian, berriz, langileak euskalduntzeko HABErekin du ituna, eta kopurua ez da 2002tik aldatu (720.000 euro).
-Teknologia : Industria Sailean teknologia atala garatu da gehien. 2002ko egitasmoan departamentuko aurrekontuaren %20 izatetik ia %30 izatera igaro da. Diru horrek finantzatzen ditu, besteak beste, Intek edo Etortek laguntza programak, eta duela lau urte baino %48,8 diru gehiago da. Aldaketa ohiko industria politikara bideratutako kopuruaren kalterako izan da. Atal horretarako dirua %17,4 jaitsi da legealdia hasi zenetik.
-Gizarteratze politikak: Gizarteratzeari eta familiari zuzendutako politikak ordaintzen dira Justizia, Lan eta Gizarte segurantzako aurrekontuaren erdiarekin. Igoera esanguratsua izan du partidak: %43,96. Horren barruan daude, besteak beste, Oinarrizko Errenta, Gizarte Larrialdietarako Diru Laguntzak eta Familia Plana. Enplegu politiketarako dirua ere gehitu da, nabarmen (%36,44).
-Etxebizitzak, antzeko pisua: Javier Madrazoren departamentuak etxebizitza politika egiteko erabiltzen du bere aurrekontuaren %72. Ia kopuru osoaren pare handitu da atal hori lau urtean (%19). Etxebizitzako 150 milioi eurotik 64 inbertsio errealak gauzatzeko dira: 43 milioi euro etxebizitzak, garajeak eta eraikin erantsiak egiteko; eta beste 21 milioi lurrak erosi eta egokitzeko. 2002an 58 milioi euro ziren, guztira, orain baino %8,6 gutxiago.
-Eskualdatu gabeko politikak: Azken hiru aurrekontu egitasmoetan eskualdatu gabeko politikak finantzatzeko dirua identifikatu du Jaurlaritzak. Sei atal dira: nekazaritza eta arrantza; hezkuntza eta ikerketa; lana eta enplegua; justizia; azpiegiturak eta ingurumena; eta kultura. Orotara, 200 milioi euro datorren urterako. Kopururik handienak teknologiara (84 milioi) eta enplegura (41 milioi) zuzendutakoak dira.
EUSKO JAURLARITZAREN AURREKONTUAK
Diruaren norabideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu