«Dispertsio politikak hil du»

Ehunka pertsona bildu dira Galdakaoko beilatokian, Kepa de Hoyo astelehenean zendutako euskal presoari azken agurra eman eta haren heriotza salatzeko.

Kepa del Hoyo zena agurtzeko ekitaldia, atzo, Galdakaon. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Peru Azpillaga Diez.
Galdakao
2017ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Astelehenean zendu zen, Badajozko espetxean (Espainia), Kepa del Hoyo euskal presoa. Ia hogei urte zeramatzan preso. Zigorraren bi herenak beteak zituen, eta Espainiako legedia aplikatuta, kalean behar luke. Bihotzeko bat jota hil zen, etxetik 700 kilometrora, bakarrik.

Bakarrik eta urrunduta hil zen Del Hoyo, baina jendez inguratuta egon da Galdakaoko (Bizkaia) beilatokian. Ikurrinez inguratuta. Jende ezagun, kide eta lagunen artean. Guztiek helarazi nahi izan diete beren elkartasuna eta babesa Del Hoyoren senideei, Maite Sanchez bikotekideari eta Peru del Hoyori semeari. Salaketa ere egin dute, heriotza «sakabanaketa politikari eta PPri» egotziz.

Senideak izan dira ekitaldiaren muina. Erdian jesarrita, besarkatuta. Hunkituta. Mina agerian zutela. Del Hoyoren seme Peru urruntze politika bizi izan duten ume horietako bat izan da: hilabete zuenean atxilotu zioten aita, eta ez du inoiz libre ezagutu. Peru del Hoyok esana du, 7K astekarian egindako adierazpenetan, urruntze politikak «hainbat gauza» kentzen dizkiola ume bati. Oraingoan, aita ere kendu dio.

Ekitaldian, Del Hoyoren lagun batek hartu du lehenengo hitza,1980ko hamarkadan borroka ekologistan haren kide izandakoak. Bera izan zen presoa bizirik ikusi zuen azkena; hemeretzi urte zeramatzan hura ikusi gabe, eta larunbatean egin zion bisita. Kostata mintzatu da, minduta. «Gu bezalakoa zen Kepa, borrokalaria, langilea, herrikoa», adierazi du. «Kepak herriarekiko lotura sentitzen zuen, eta lotura horri eutsi behar diogu, lepoan hartu eta aurrera segi», jarraitu du, arnasa hartu ezinik ia. «Dolua egin, mina atera eta bizi. Bizi, maitatu eta borrokatu», erantsi du txalo eta malko artean.

Ondoren, Ines Osinagaren trikitiak jarri dio doinua ekitaldiari. Eta hark lagunduta irakurri du Mikel Etxaburu, Del Hoyok Ametsen Liburua-n plazaratutako abestia —presoen idazkiak jasotzen dituen argitalpena da Ametsen Liburua—: «Aukera hau toki ilun honetan bidea argitzen didaten kriseiluei nire maitasun eta esker ona helarazteko baliatu nahi baitut. Eta nola ez, kriseilu hau nire bikotekide Maite eta Peru gure semea dira, arnasa galtzen uzten ez didaten heroi handiak...».

«Heriotza naturalik» ez

Arkaitz Rodriguez Sortuko bozeramailea mintzatu da, ondoren, ezker abertzalearen izenean. Rodriguezen ustez, presoaren heriotzak ez du «ezer» izan naturaletik. «Ez dago sakabanaketa etapolitika baino gauza antinaturalagorik. Ez dago osasun arreta falta, jipoiak edo mehatxuak baino gauza antinaturalagorik», esan du: «Keparen heriotzak izen-abizenak ditu, eta horiek sakabanaketa politika eta PP dira».

Ondoren, mezu bana helarazi die PPri zein EAJri. Lehenengoari ohartarazi dio, «krudelkeria eta bihozgabekeria erakustaldiak» egin arren, ezingo duela «herri hau gelditu». EAJrekin, bestalde, «gogaituta»azaldu da Rodriguez: «Urkulluren hitzak bereziki mingarriak egin zaizkigu. Ezker abertzalea egin du sakabanaketa politikaren arduradun, eta, beraz, Keparen heriotzaren arduradun». Alta, alderdi jeltzaleari aurpegiratu dio sakabanaketa politika «diseinatu» izana, PSOEren laguntzarekin; «beraz, haren ardura da, inorena baino gehiago, sakabanaketa amaitzea», erantsi du.

Del Hoyoren familiaren adibidea nabarmendu du Rodriguezek, azaldu duenez, «duina eta tinkoa, mendekuaren gainetik, Kepa espetxean hildako azken presoa izatea espero dutelako».

Giroa lasaia eta hunkigarria izan da. Senideak besarkatuta egon dira une oro, elkarri eutsi nahian bezala, eta batek baino gehiagok ez die malkoei eutsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.