Doako hezkuntza sistema sozialista aldarrikatu dute ehunka ikaslek kalean

Ikasle Abertzaleek deituta, greba egin dute unibertsitatean, bigarren hezkuntzan eta lanbide heziketan. Ehunka ikaslek parte hartu dute mobilizazioetan, eta haiek isilarazteko saiakerak salatu dituzte.

Ikasleen manifestazioa, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ikasleen manifestazioa, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
aitor biain
2024ko martxoaren 20a
16:00
Entzun

Ikasle Abertzaleek greba egunera deitua zuten gaurko unibertsitatean, bigarren hezkuntzan eta lanbide heziketan; besteak beste, doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntza sistema sozialista bat eskatzeko. Negozioen eta inposizioen hezkuntza borrokatu goiburupean, manifestazioak egin dituzte eguerdian Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta ehunka ikaslek egin dute bat protesta horiekin.

Antolatzaileen esanetan, grebaren eragina agerikoa izan da hezkuntza zentroetan, eta balio izan du erakusteko ezinbestekoa dela antolatzen eta mobilizatzen jarraitzea. Izan ere, hala egin ezean enpresariek eta politikariek hezkuntzaren alorrean ere «nahieran» jokatuko dutela ohartarazi du IAk. Azpimarratu dute gaurko greba eguna «beste aurrerapauso bat» izan dela bide horretan, «kultura politiko berri bat eraikitzen eta borrokarako grina handitzen» lagunduko duelako.

Donostiako manifestazioan, esaterako, jendetza bildu da; baita Gasteizko mobilizazioan ere. Azken horretan, tentsio uneak ere izan dira, higiezinen enpresa bati eta Kutxabanken bulego bati pintura gorria bota dietenean. Hainbat pintaketa ere egin dituzte mobilizazioak iraun duen bitartean, eta goizean goiz sei bat zakarrontzi erre dituzte, Gasteizko Udaltzaingoak jakinarazi duenez. Ez da aparteko istilurik egon, dena den.

Poliziaren «jazarpena»

Autoritarismoan oinarritutako hezkuntza amaitzeko ere eskatu dute. Izan ere, IAk salatu du azken asteetan ikasleak isilarazten saiatu direla, eta «hamaika oztopo» jarri dizkietela antolatu ez zitezen. Unibertsitateko campusetan ikasleak identifikatu dituztela gaitzetsi du, eta gogorarazi Ertzaintzak ehundik gora ikasle kanporatu eta «jipoitu» zituela Gasteizko Letren Fakultatean egiten ari ziren Herri Unibertsitatean.

Gaurko greba egunean ere unibertsitate campusetan Poliziaren presentzia «neurrigabea» izan dela ere nabarmendu du IAk. «Gogor salatu nahi dugu hezkuntzan militantzia politikoak jasaten duen jazarpen itogarria», adierazi dute, eta erantsi EHUko errektoretza dela horren «erantzule nagusia». Errektoretzari egotzi dio «biktima bezala» agertu nahi izatea, eta bere izenean hitz egin ordez agiri baten eta sinadura bilketa baten bidez hitz egitea, erabakien eta ekintzen ardura sinatzaileen gain utzita. «Horren aurrean, guk ere Polizia unibertsitatera ez sartzeko eta Israelekin duen harreman oro eteteko exijitzen diogu», azpimarratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.