Doktore tesian hiru talde armatu alderatu dituzte

ETA, IRA eta FLNC talde armatuez mintzo da Pierre Poggioli bere lanean, eta ohorezko aipamena lortu du

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Pierre Poggiolik ohorezko aipamena lortu du borroka armatuaren inguruko doktore tesiarekin, eta epaimahaiak zoriondu egin du egindako lanarengatik. Bere lanean, ETA, IRA eta FLNC talde armatuak alderatu ditu; Euskal Herriko taldea, Irlandakoa eta Korsikakoa, hurrenez hurren. Hiru urtez gogor aritu da lanean, eta orain jaso ditu fruituak. Horrenbestez, zientzia politikoetako doktoretza lortu du. Paul Cezanne Unibertsitateko ikaslea da.

Lan zail eta mardula egin du Poggiolik. Izan ere, klandestinitatean borrokatzen diren pertsonekin hitz egin behar izan du. Batzuek ez zuten bildu nahi izan; beste batzuk hitz egiteko prest azaldu ziren, baina izena isilpean gordetzearen truke. Milaka kilometro ibili ditu doktore tesia aurrera eramateko, eta gertutik ezagutu ditu Euskal Herriko, Irlandako eta Korsikako gatazka armatuak.

Talde horietako kideekin hitz egin ondotik,alderatu egin ditu. Horretarako, hiru talde armatuen alderdi soziologikoari, historikoari eta politikoari erreparatu die. Tesian, azaldu du historiak eta geografiak erabat baldintzatzen dituztela estatuen aurkako borrokak. Erresuma Batuak, Espainiak eta Frantziak izandako jarrera ere aztertu du tesian. Zapalkuntza aldiak eta konponbide negoziatuak lortzeko saioak txandatu egiten dira, haren esanetan.

Era berean, berdintasunen eta ezberdintasunen adibideak ere eman ditu. Aldeen artean, estrategia politikoa eta militarra uztartzeko moduak aipatu ditu, baita atentatuak egiteko erak ere.

Liburu batean bilduko du Poggiolik 1.200 orrialdeko tesi horretan aztertutakoa, Corse Matin egunkariak esan duenez. Euskal Herriko editoreekin hitz egiten hasi dela esan dio egunkari horri, nahiz eta horrek «berridazketa lan mardula» eskatuko dion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.