Hezkuntza. Herritartasunerako Hezkuntza

Doktrinatik dotrinara

«Doktrinatzailea» delakoan, Herritartasunerako Hezkuntzako curriculuma aldatu egingo du PPk. Neurrira egokitu du, diskriminazioari buruzko atalak kenduz eta Espainia goratzekoak gehituz.

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Espainiartu egin nahi du hezkuntza PPk, agintera iritsi bezain laster iragarri zuenez, eta horretarako bideak zehazten hasi da: Herritartasunerako Hezkuntza ikasgaiko curriculum berria martxan jarriko du irailetik aurrera. Gaur aurkeztuko die autonomia erkidegoetako kontseilariei, baina BERRIAk eskuratua du dokumentua. Aldaketa nabariak daude, egungo gaitegiarekin alderatuz gero. PSOEren «doktrinamendua» kendu, eta PPren dotrina ezarri diote curriculumari: giza harremanei dagozkien gaiak ezabatu egin dituzte, eta Espainiako Estatuaren eta sistemaren goraipamenez bete dute gaitegia.

Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak agindu zuen «ika-mika sortzen duten gaiak» eskolatik aterako zituela. Ordea, PPren neurrira moldatu du gaitegia azken batean. Presaka, gainera. Irailerako indarrean jarri nahi dute curriculuma; Kongresuan legea aldatzeko betarik ez, eta dekretu bat kaleratuko du Wertek. Egoera berezia sortuko da: gaitegia moldatu du, baina izena aldatu ez —ezin du hori egin dekretu baten bidez—. Datorren urtean jarriko diote izen berria: Heziketa Zibiko eta Konstituzionala.

Ikasgaia begitan hartuta daukate sektore atzerakoienek; bereziki, Eliza katolikoaren ingurukoek. Auzitara jo dute —Espainiako Auzitegi Konstituzionalean dago salaketa—, baina bide politikotik lortu dute gustuko ez dituzten gaiak ezabatzea. Gay eta lesbianei buruzkoak hartu du garrantzia: homofobia aipatzen du oraingo curriculumak, diskriminazioa baztertu beharraz ari dela. PPk ezabatu egingo du aipamena.

Gay eta lesbianak, kanpoan

Homofobiarekiko ikuspegi kritikoaz mintzo da oraingo gaitegia, gay eta lesbianak ez baztertzeaz. «Ez dakit horrek zer daukan doktrinamendutik. Interesak daude tartean, eta Elizaren hierarkiaren presioa»: Gehitu elkarteko koordinatzaile Javier Ormazabal kexu da Madrilgo gobernuaren jarrerarekin. «Joan den astean adierazpen bat onartu zuen, homofobiaren aurkako egunaren harira, diskriminazioaren aurka. Eta, orain, heziketan, lan oinarrizkoenean, kendu egingo ditu aipamenak?».

Gay eta lesbianen gaian soilik ez, giza harremanak ikusteko eta bizitzeko moduan eredu jakin bat du PPren gaitegiak. Oraingo curriculuma familia eredu berriei buruz mintzo da, andreen eta gizonen arteko parekidetasunik ezari, diskriminazioak baztertu beharrari eta heziketa afektibo-sexualari buruz. Wertek aldatu egingo ditu atal batzuk —familiarena, adibidez, Espainiako Konstituzioak barnean hartzen duena soilik aipatuz—, eta beste batzuk, kendu —heziketa afektibo-sexuala—.

Nabarmentzekoa da parekidetasunari buruzko atala. Oraingo gaitegian leku zabala du emakumeen bazterketak. PPk ezabatu egin ditu aipamen gehienak; etxeko lanak partekatzeaz mintzo da, ez andreen eskubideak aldarrikatzeaz. «Zapalkuntzak ezkutatu egingo dituzte. Hori ez da ideologizatzea?», galdetu du Bilgune Feministako eledun Saioa Iraolak.

Gaitegia soilik ez, kontzeptuak eta eskola liburuetan erabili beharreko hitzak ere kontrolatuko ditu PPk. Genero kontzeptua kendu egin du, eta sexu jarri haren lekuan. «Pertsonek jasaten duten bereizkeria ez ikusaraztea nahi dute horrekin», ohartarazi du Iraolak. Bide bereko erabaki gehiago ere badira: feminismoa ageri da oraingo gaitegian, teoria etiko gisara, eta kentzea erabaki du PPk. Gizarte mugimenduak, oro har, curriculumetik at geratuko dira. Iraola: «Ez zaie interesatzen jendarte justuaren aldeko jarduna».

Ikuspegi erabat politikoa

Gizarte taldeei kenduriko garrantzia erakundeei erantsiko die Madrilek. Espainiak hartuko du protagonismoa. Wert: «Espainiako Konstituzioa da gure arau gorena, eta haren balioak ulertarazi eta ezagutzera eman behar dira».

PSOEk hasitako bidean beste pauso bat eman du PPk, sozialisten curriculumean ere bai baitira konstituzioari buruzko edukiak. «Azken urteetako neurrien azken puntua jarri du PPk, sabaia jo du. Hezkuntza politikoki erabili nahi dute, zentralizazioaren mesedetan», salatu du EHBE Euskal Herriak Bere Eskolako kide Ainhoa Larrabek. Sakonago aztertuko dituzte eduki horiek orain: konstituzioko eskubideak eta betebeharrak, konstituzioaren balioak, estatuko erakundeen funtzionamendua, Espainiako sinboloak... Zenbakia: gaitegian, 22 orritan, 32 aldiz aipatzen dute konstituzioa.

Lantzeko gai berrien artean badira Espainiarekin lotutako kontu gehiago ere: zerga sistema, heziketa zibikoa, ordenamendu juridikoa —«bizikidetzaren arautzaile gisa»—... Ikuspegi erabat politikoa duten gaiak ere sartu ditu PPk curriculumean. «Gaur egungo munduko gatazkak» atalean, honako kontzeptuak ageri dira: terrorismoa, huts eginiko estatuak, fanatismo erlijiosoa eta nazionalismo baztertzailea. Keinu bat egin die eutanasiari eta bizitza sortzeko era berriei ere: «Bizitzarekiko eta giza duintasunarekiko errespetua bioteknologia berrien testuinguruan» gaia sartu dute.

Curriculuma, itxita

Mahai gainean dago curriculuma. Ikusteko dago zer jarrera hartuko duten Hegoaldeko erakundeek eta eragileek. Izkin egiteko bideak mugatu ditu PPk: kendu egin du gaiak irekiak direla dioen atala, baita testuinguruaren arabera modu batera edo bestera landu daitezkeela dioena ere. Oinarrizko arau izaera emango diote; bete beharrekoa izango da, beraz.

Bakerako Hezkuntza Planean eraginik badu gaitegia ixteak? Ezetz dio Jaurlaritzak, terrorismoaren gaiarekin landu daitekeela eta ez dutela soilik Herritartasunerako Hezkuntzan lantzen.

Zer gertatuko den zain, atzerapausorik ez emateko eskatu du Gehituko ordezkariak: «Bide bat itxiko du dekretuak, baina ikasleak hezten jarraitu behar dugu». Hala uste du Iraolak ere, Bilgune Feministakoak: «Edukiak ikasgai horretatik kanpo uztea atzerakada da. Irakasle bakoitzaren borondatea behar da balio horiek transmititzeko». Elkar hartzearen garrantzia nabarmendu du beste behin ere EHBEk. Larrabe: «Eragileok atomizatuta gaude; bakoitza bere esparruan ari da. Elkartzeko eta aurre egiteko garaia da. Planto egin behar dugu, eta herri curriculumak garatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.