Doluak elkartu ditu

Instituzio guztietako ordezkariek eta hainbat biktimak bat egin dute Donostian eta Iruñean, Terrorismoaren Biktimen Europako Egunarekin.Guztiak aitortzearen eta haien artean sailkatzerik ez egitearen alde agertu dira biktimak

2004ko martxoaren 11ko biktima baten ama Barkosi eskerrak ematera hurbildu zen elkarretaratzera. JESUS DIGES / EFE.
Maialen Unanue Irureta.
2016ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Utzitako hutsunearekin eraiki nahi dugu etorkizuna lelopean elkarretaratzea egin dute Donostian, Pasealeku Berrian dagoen Jorge Oteizaren eskulturaren ondoan. Biktimek eta EAEko instituzioetako ordezkari andanak bat eginda egin dute Donostia 2016ko ekitaldien barruan, Jaurlaritzak antolatuta. Han izan dira Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta alderdi guztietako ordezkariak, batetik, eta ETAk, GALek, BVE Batallon Vasco Español eta bestelako taldeek hildakoen senideak, bestetik. Iruñean, Nafarroako Gobernuko eta alderdi politiko guztietako ordezkariak elkartu dira parlamentuaren aurrean.

Hitz hartzerik gabeko ekitaldia izan zen Donostiakoa, Schuberten Heriotza eta dontzeila pieza jo zuen laukote batekin lagundua. Amaieran, ordea, egin zituzten adierazpenak, bai biktimek, bai instituzioetako ordezkariek. Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak bertaratutakoei eskerrak eman zizkien, eta azpimarratu zuen biktimek eta instituzio eta alderdi politikoetako ordezkariek emandako «batasun irudia». Atzoko ekitaldiarekin «eraikitzeko dagoen etorkizuna irudikatu» nahi izan zuten. «Askotan hitzak sobera daude, eta irudi batek eta isiltasunak mila hitzek baino gehiago balio dezakete: gaurko batasun irudia, ziurrenik, sekula ez bezalakoa».

Fermin Monasterioren alaba Dori Monasteriok —1969an hil zuen ETAk— horrelako ekitaldien garrantzia azpimarratu zuen: «Halako ekitaldiek adoretu egiten gaituzte, terrorismo mota desberdinek eragindako biktimak elkartu garelako: nire ustez, denok gara biktimak, berdin du zein terrorismok eragindakoak». GALek 1983an hildako Joxi Zabalaren arreba Pili Zabalak biktima guztientzako aitortza eskatu zuen: «Beharrezkoa da aitortzarik jaso ez duten biktimei aitortza ematea, denen artean gizarte osasuntsu bat eraikitzeko: bakea, elkarbizitza eta denen arteko adiskidetzea ahalbidetuko dituena, eta bidezkoa izango dena».

Ekitaldi jendetsua izan zen. Iñigo Urkullu lehendakariaz gain, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu izan ziren: Estefania Beltran de Heredia Segurtasunekoa, Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justiziakoa, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorakoa eta Ana Oregi Ingurumenekoa. Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ahaldun nagusi Unai Rementeria, Markel Olano eta Ramiro Gonzalez ere izan ziren, besteak beste. Alderdi politikoetako ordezkariak: EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuaga, Borja Senper Gipuzkoako PPko presidentea, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailea eta Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Nagua Alba.

Hainbat biktima ere bertaratu ziren. ETAren jardunaren ondorioz hildakoen senideak: Katy Romero, Jorge Mota, Mari Carmen Hernandez, Amaia Guridi, Mari Paz Artolazabal, Silverio Velasco, Jose Miguel Gomez Elosegi eta Barbara Duhrkop. GALek hildakoen senide Laura Martin eta baita BVEk hildakoen senide Carmen Illarramendi eta haren alaba Nerea Ijurko ere.

Martxoaren 11koak gogoan

Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako elkarretaratzean gobernuko eta alderdi politikoetako ordezkariak elkartu ziren «terrorismoaren» biktima guztiak omentzeko, Uxue Barkos lehendakaria buru zutela. Horiek eta Madrilen 2004ko martxoaren 11ko atentatuan hildakoak izan zituen gogoan Barkosek: «Nekez ahatz daitekeen data dugu gaurkoa, bizirik jarraitzen baitu gure memorian, sentsibilitatean eta oroitzapen mingarrian». Ekitaldiaren bidez, Nafarroako Gobernuak «terrorismoaren biktimak oroitzeko duen jarrera argi eta garbi» erakutsi nahi izan zuela azpimarratu zuen.

Elkarretaratzean zeudela, martxoaren 11ko atentatuetako biktima baten ama gerturatu zen Barkosengana. Madrilgoa izanik ere, Iruñean zegoen, eta elkarretaratzearekin topo egin zuen. Eskerrak emateko hurbildu zen Barkosengana. «Erakusten digu ez dela aspaldikoa atentatu hura, eta milaka familiak gogoan dutela».

Politikari nafarrez gain, Jean Jacques Laserre Pirinio Atlantikoetako presidentea elkarretaratzean izan zen. Barkosekin biltzekoa zen, eta bat egiteko aukera aprobetxatu zuen. Barkosen arabera, eskerrak eman zizkion Laserrek, «horrelako egun batean eta Parisko atentatuak hain gertu izanik» gaitzespena erakusteko aukera emateagatik.

Madrilen hainbait omenaldi egin zituzten 2004ko martxoaren 11ko atentatuan hildako biktimak gogoratzeko. Hamabi urteren ondoren, lehenengoz elkartu ziren biktimen elkarte guztiak Sol plazako ekitaldi instituzionalean. Han elkartu ziren AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko Angeles Pedraza, Martxoaren 11ko Biktimen Elkarteko Pilar Manjon, Terrorismoaren Biktimen Fundazioko Mari Mar Blanco eta Martxoaren 11ko Biktimen Laguntzarako Elkarteko Angeles Dominguez. Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidentea ere lehenengoz izan zen ekitaldian.

Prentsari egindako adierazpenetan, irmo hitz egin zuen Manjonek, ohi bezala, eta behin eta berriz egindako eskaera egin zien alderdi politikoei. «Ez gaitzazue zuen arerio politikoen aurka erabili, ez baitugu borroka horietan egon nahi. Gortu egiten gaituen ohiko zalaparta desager dadila nahi dugu. Errespetuaren eta umiltasunaren trajea jantzi, eta zeuen buruaren propaganda egiteari utz diezaiozuen nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.