Azpiegiturak

Donapea ikastetxerako plana onartu du Nafarroako Gobernuak, udala eta parlamentua kontra baditu ere

Udalez Gaindiko Eragina duen Plan Sektoriala onartu du UPNren gobernuak. Parlamentuak aste honetan kritikatu du egitasmoa, eta Iruñeko Udalak joan den astean eskatu zuen plana bertan behera uzteko.

Salmentaren aurkako martxa, otsailean. LANDER F. ARROIABE / ARP
2013ko irailaren 25a
21:36
Entzun

Donapeko lurrak Nafarroako Unibertsitateari saltzeko eta orain leku horretan dagoen Lanbide Heziketako ikastetxea lekuz aldatzeko plana onartu du Nafarroako Gobernuak.

Parlamentuko bozeramaileen batzordeak planaren aurkako iritzia eman du aste honetan, eta Iruñeko Udalak plana atzera botatzeko eskatu zuen joan den astean, tentsio handiko osoko bilkuran.

PSN, Bildu, Aralar-NaBai, Geroa Bai eta Ezkerra planaren aurka agertu dira behin baino gehiagotan. Haien, Iruñeko Udalaren eta parlamentuaren eskarien gainetik, planarekin jarraitzeko urratsa egin du UPNren gobernuak gaur.

Udalez Gaindiko Eragina duen Plan Sektoriala onartu du Nafarroako Gobernuak eta, horrekin, Donapeko proiektuari bidea ireki dio. Aldizkari ofizialean argitaratutakoan, plaza hilabetez jarriko dute ikusgai, helegiteak jarri ahal izateko.

Campus berria Etxabakoitzen, Donapea NUrentzat

Planak aurrera egiten badu, Donapean gaur egun dagoen Lanbide Heziketako zentroa Etxabakoitzera mugituko dute. Nafarroako Osasun Eskola Tekniko Profesionala ere hara eramango dute, campus berri bat sortuz.

1.500 ikasle inguru eta Lanbide Heziketako 28 titulazio hartuko ditu Etxabakoitzeko campus berri horrek, gobernuaren esanetan, eta 32 hilabetean eraikitzea espero dute.

Donapeko eraikinak, berriz, hutsik geldituko dira, eta NU Nafarroako Unibertsitateak (Opus Deirena) erosiko ditu. Horretarako hitzarmena sinatua du UPNren gobernuak unibertsitatearekin.

NUk osasunari lotutako hiru ikerketa zentro eraikitzeko asmoa du Donapeko lur horretan. Hamar urtean 206 milioi euroko inbertsio bat egin eta 395 lanpostu sortuko dituela esana dute.

ELA eta LAB sindikatuek salatu dute, azken egunetan, Donapea NUri "oparitu" nahi diola Nafarroako Gobernuak, eta erantsi dute "ezkutuko asmoak" sumatzen dituztela hirigintza plan horren atzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.