17 eta 18 urte dituzte joan den astean atxilotu zituzten bi mutilek; Donibane Garaziko Nafarroa lizeoko bi ikasle adingaberen bortxaketarekin zerikusia dutelakoan atxilotu zituzten. Jendarmeriak libre utzi zituen ustezko erasotzaileak —Nafarroa lizeoko ikasleak horiek ere—, baina lizeotik kanporatu dituzte behin-behinean; hamar eguneko epean diziplina batzordearen aitzinean pasatuko direla iragarri du France Bleu Pays Basque irratiak, Hezkuntza Nazionalaren iturriak aipatuta. Frantziako irrati publikoaren arabera, momentuko ikerketapean dira, eta ez dute abiatu haien kontrako auzibiderik.
Gertakariak joan den astekoak izanik ere, atzo goizean zabaldu zuten berria. Marc Marie Baionako prokuradoreak baieztatu du bi neskek salaketa ezarri dutela, baina ez du xehetasunik eman nahi izan, ikerketa Donibane Garaziko Jendarmeriaren esku dagoela argudiatuta. Ez du gehiagorik esan nahi izan kasuari buruz. «Afera honetan zuhurki jokatu behar dugu, eta pertsona horiek eman diguten informazioa egiaztatzen jardun behar dugu», adierazi dio Baionako prokuradoreak BERRIAri.
Euskal Irratien arabera, iragan ostegunean lizeo bereko beste lau ikasle atxilotu zituzten, bortxaketarekin zerikusia zutelakoan. Herriko Jendarmerian entzunak izan ondotik, aske utzi zituzten ustezko erasotzaileak: hiru, ikerketapean, eta beste bat, aske. Marc Marie prokuradoreak ez du zehaztu zenbat diren atxilotutako gazteak, eta horien kontrako kontrol neurririk hartu ote duten.
Gainerakoan, isiltasuna da nagusi. Ikastetxeko zuzendariak ez du azalpenik eman nahi izan, eta Hezkuntza Nazionalaren zerbitzuen esku utzi du aferari buruzko adierazpenak egiteko ardura. BERRIAk akademia ikuskaritzara jo du, baina ez du erantzunik jaso. Donibane Garaziko Jendarmerian ere ez dute adierazpenik egin nahi izan. Euskal Irratiek sare sozialetan zabaldutakoaren arabera, ikastetxetik kanpo gertatu zen bortxaketa, joan den astean. Bi neska adingabeak eta ustezko bortxatzaileak lizeoko barnetegiko ikasleak dira.
Gertatutakoa salatu du, besteak beste, Aitzina gazte erakundeak: «Hezkuntza sistema heteropatriarkalaren fruitu da bortxaketa hau, gizonezkoei inpunitatea bermatzen dien sistemaren ondorio». EH Baik ere salatu ditu gertakariak, eta Ikasleon Borroka dinamikak Euskal Herriko ikastetxeetan protestak iragarri ditu.