Donostiako epaitegi batek ebatzi du «zentzua» duela udaleko bi langileri euskara eskatzeak

Aste honetan bertan, epaile berak ebatzi du «diskriminatzailea» dela udaltzainei euskara eskatzea.

Euskararen aurkako sententzia salatzeko protesta
Udaltzainen sententzia dela-eta Donostiako udal langileek egindako protesta, atzo goizean. GORKA RUBIO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko urtarrilaren 11
18:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Funtzio publikoan euskararen erabilera sustatzeko neurrien kontrako ebazpenak ugariak izan dira azkenaldian. Aste honetan bertan, hain zuzen, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko epaitegiak ebatzi du «diskriminatzailea» dela udaltzain izateko euskara maila jakin bat eskatzea. Oraingoan, ordea, kontrako adierazpena egin du: Donostiako Udalaren beste deialdi baten harira, langile baten helegiteari erantzunez, beharrezkotzat jo du Donostiako Udaleko Digitalizazio Kartografikoko bi langileei euskara eskatzea.

Donostiako Udalak bigarren hizkuntza eskakizuna ezarri zien udaltzainei, baita Digitalizazio Kartografikoko langileei ere. Udaltzainen kasuan, epaitegiak ondorioztatu zuen ez zela beharrezkoa «denek euskara jakitea» herritarrei «hizkuntza koofizialean zerbitzua emateko». Digitalizazio Kartografikoko langileen kasuan, berriz, beharrezkotzat jo du B2 maila. Eta honela arrazoitu du: sail horretan bi langile besterik ez dago, eta horietako batek huts eginez gero, besteak bermatu behar du herritarrei arreta euskaraz ematea.

Horregatik bota du atzera langile batek jarritako helegitea. Langileak salatu zuen euskara eskatzeak urratu egiten zuela Espainiako Konstituzioaren 23.artikulua: kargu publikoetan berdintasunean parte hartzeko eskubidea. Epaileak, hala ere, Konstituzio Auzitegiak adierazitakoa gogoratuz, esan du herritarrek eskubidea dutela administrazioarekin euskaraz harremana izateko, eta hori «bermatu» behar dela; «bereziki, gutxiengoari buruz ari garenean».

Digitalizazio Kartografikoko teknikarien eginkizun bat da «herritarren eta profesionalen kontsultei erantzutea», ebazpenak jasotzen duenez. Horregatik, udalaren «betebeharra» da bermatzea arreta euskaraz eskainiko dutela, eta «zentzua du» bigarren hizkuntza eskakizuna ezartzeak. Epaitegiaren arabera, eskubide hori ez litzateke «behar bezala bermatuta» egongo hizkuntza eskakizuna betetzen duen langileak huts egingo balu, «oporrengatik, baimenengatik, gaixotasun batengatik edota legezko beste arrazoi batzuengatik».

Udalean, adierazpena atzera

EAJk eta EH Bilduk adierazpen bat hitzartu zuten atzo, eta Donostiako Udaleko bozeramaileen batzordera eraman dute gaur, baina atzera bota du batzordeak. Euskararen aurkako epaiak gaitzetsi eta bihar Kontseiluak egingo duen elkarretaratzera dei egin dute idatzi horretan —18:30ean, Alderdi Ederren—, baina PSE-EEk eta PPk kontrako botoa eman dute, eta Elkarrekin-eko zinegotziek abstentziora jo dute. Gauzak horrela, adierazpena onartzeko boto baten faltan gelditu dira EAJ eta EH Bildu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.