Donostiako ospitalera ekarri dute Arkaitz Rodriguez, oinetako gaitz batengatik

'Bateragune auzian' zigortutako presoa ez dute espetxez aldatu; azterketa medikoak egiteko gerturatu dute

Erredakzioa
Donostia
2013ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostiako ospitalera ekarri zuten herenegun Arkaitz Rodriguez presoa, oinetako minez hemezortzi hilabete egon ostean. Duen gaitza egoki diagnostika diezaioten ekarri dute Euskal Herrira. Urte eta erdian okerrera egin du Rodriguezen egoerak, eta ibili ezinda egon da hainbat egunetan, haren gertukoek jakinarazi dutenez. Logroñoko espetxean dago preso (Espainia), Bateragune auziagatik. Zenbait hedabidek argitaratu dutenaz bestera, presoa ez dute espetxez aldatu; azterketa medikoak egiteko ekarri dute Euskal Herrira.

BERRIAk jakin duenez, 2012ko otsailean hasi zen Rodriguez oinetako «min jasanezinarekin». Harrezkero, hainbat aldiz izan da Logroñoko espetxeko erizaindegian, baita Errioxako hiriburuko ospitalean ere. Urte eta erdiz hainbat medikutan izan ostean, Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak Donostian ospitaleratzea onartu zuen aurreko astean, Logroñon hemezortzi hilabetetan ez diotelako diagnostikorik egin.

Rodriguezen gertukoek kazeta honi azaldu diotenez, gaitzak okerrera egin du denbora horretan, eta azkenaldian ibili ere ezin zen egin presoak; martxotik dutxara makuluekin lagunduta joan behar zuen, eta, ondorioz, uko egin zion ziegatik ateratzeari ere. Azaldu dutenez, horrek hainbat buruhauste ere ekarri dizkio. Orain Donostia ospitalean gustura dagoela azaldu dute haren gertukoek, eta, jakinarazi dutenez, medikuek esan ei diote diagnostiko batekin aterako dela handik, nahiz eta hutsetik hasi behar duten, Logroñon espetxeko erizaindegian eta ospitalean egindako azterketek ez dutelako balio.

Aurretik ere eskatua zuen Rodriguezek Donostiako ospitalera ekartzea. Maiatzean egin zuen eskaera, baina Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak ez zuen onartu. Logroñoko espetxea horren aurka agertu zen, tratamendua espetxean jasotzen ari zela argudiatuta. Presoak, ordea, helegitea jarri zuen, eta azpimarratu zuen urte eta erdian medikuarenean hainbat aldiz izan eta hainbat proba egin dizkioten arren, diagnosirik ez zuela oraindik. Espetxe Zaintzako epaileak orain erabaki du Donostian ospitalera ekartzea proba horiek egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.