Donostiako Udalak Kote Cabezudo salatu duten biktimen esku jarri ditu erakundearen baliabideak, auzia "hirian ezagutzera emateko" eta, "ahal den neurrian", delituak ikertzeko. Horrez gain, udala "errealitate hau salatzeko mobilizazioetara batuko da, biktimei babesa agertuz eta delitu horiekiko gaitzespena adieraziz". Hala dio EAJk, EH Bilduk, PSEk, Irabazik eta PPk onartu duten adierazpenak.
"Jakitun gara ustezko biktima guztiek ez dutela salaketa aurkeztu eta erabaki pertsonal guztiak errespetatu behar direla. Baina balioa aitortu nahi diogu salaketa aurkeztu dutenen ausardiari", jaso du dokumentuak.
Testuak ohartarazi du adingabekoen kontrako abusu eta sexu erasoen kasuan, denbora gehiago behar izaten dela gertaerak azalaratzeko, bitimak heldu bihurtu eta haien berri eman arte ezkutuan gelditzen baitira askotan. Udal taldeek adierazi dutenez, Cabezudo behin-behineko espetxealdian izateak "erraztu egin du salaketa jartzea erabaki duten biktimen kopurua haztea". Salatu diren gertaerak 30 urtez luzatu direla gogorarazi du testuak.
Adierazpenak nabarmendu du ohikoa izaten dela "errealitate doilor eta mingarri batera" hurbiltzeak "sinesgaiztasuna, ezintasuna eta erresistentzia" eragitea. Hala ere, ezinbesteko jo du gertaera horiei aurre egitea, "beste alde batera begiratu gabe".
Hainbat andre modelok Kote Cabezudo argazkilaria salatu zuten abusuak egin zizkielako bere estudioan, eta baimenik gabe erabili dituelako irudiak. Gipuzkoan, bereziki, erreferentzia ezaguna izan da. Jasandako sexu abusuen berri eman zuten bi emakumek BERRIAn, ekainaren 15ean.