Donostiako Udalak iragarri du babestuak izango direla Loiolako kuartela dagoen tokian eraikiko dituzten etxebizitzak

Ziurtatu du ez dela egingo salmenta libreko etxebizitzarik, eta «espekulazioa saihesteko» neurriak hartuko dituela.

Donostiako Udalak aurkeztutako proiektua. BERRIA
Donostiako Udalak aurkeztutako proiektua. BERRIA
jokin sagarzazu
2025eko maiatzaren 23a
11:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako Udalak ostiral honetan iragarri duenez, Loiolako kuarteleko eremuan eraikiko diren etxebizitza guztiak «babes ofizialekoak edo tasatuak» izango dira, eta ez da salmenta libreko etxebizitzarik izango. 1.500-1.700 etxebizitza egiteko asmoa du udalak. Oraindik ez du zehaztu zenbat izango diren babes ofizialekoak eta zenbat tasatuak.

«Donostiarrentzako etxebizitzak izango dira, klase ertainarentzat. Etengabe babestuta egongo dira espekulazioa saihesteko». Hala mintzatu da Nekane Arzallus Hirigintza Plangintza eta Etxebizitza zinegotzia, EH Bilduk egindako galdera beti erantzunez, etxebizitzari buruzko bilkura monografiko batean.

Udalak eta Espainiako Gobernuak oraindik ez dute sinatu lurren salerosketa kontratua, baina urte hasieran desblokeatu zuten auzia. 2023an sinatu zuten akordioa, baina behin-behinean eten zuten, udalaren egitasmoak Kosta Zuzendaritzaren baimen bat behar zuelako. 17,5 hektarea inguruko eremua da, eta 73,3 milioi euroren truke eskuratuko du udalak.

Udala, banatuta

Osoko bilkura monografikoa EH Bilduren ekimenez egin da, eta 21 proposamen aurkeztu ditu. Bederatzi onartu dira, Elkarrekin eta PSEren babesarekin ―zazpitan alde bozkatu du, eta bitan abstenitu da―. EAJk eta PPk aurka egin dute.

Besteak beste, EH Bilduk egitasmo hauek proposatu ditu: eraikuntza eta higiezinen enpresen irabazi marjinak berrikustea; etxebizitza tasatua «batez ere alokairura» bideratzea, eta hori «bizikidetza unitatearen diru sarrerekiko proportzionala izatea, diru sarreren %35 gainditu gabe»; eta lurren kalifikazioan zenbait moldaketa egitea, «gaur egun dauden eraikinetan etxebizitzen kopurua handitzen denean horren zati bat babestutzat kalifikatzeko».

Ana Oiarbide PSE-EEko alkateordeak esan du proposamenek ez dutela «behar den zorroztasuna», eta EH Bilduri elektoralismoa egitea leporatu dio. «Ez nahastu: herri honetan PSEk du etxebizitza politiken lidergoa», azpimarratu du. Aitzitik, EH Bilduko Juan Karlos Izagirrek esan du alderdi sozialista ez dela ausartzen Donostian pauso gehiago ematera EAJrekin koalizioan gobernatzen duelako. EAJko Nekane Arzallusek adierazi du udala «oso kontziente» dela hirian dagoen etxebizitza arazoaz, baina gaineratu du nahi baino eskumen gutxiago dituztela horri aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.