Turistifikazioa

Donostiako Udalak hiri ordenantza egokitu du, pisu turistikoen mesedetan

Udal gobernuak argudiatu du arautu beharreko gaia zela, eta Elkarrekin-Podemosek eta EH Bilduk egotzi diote «gutxi batzuen interesen alde egitea»

SOS Alde Zaharra taldeak pisu turistikoek auzoan eragiten duen kaltea azaltzeko ekitaldi bat, iazko otsailean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2021eko apirilaren 29a
10:32
Entzun

Arindu egingo dira pisu turistikoen arauak Donostian. Besteak beste, lehen solairutik gora pisu turistikoak ezartzeari ateak ireki dizkio udalak. Orain arte, lehen solairuan baino ezin ziren egon, eta auzitegiek debekatu egin zioten lehen pisutik gora etxebizitza turistikoak jartzea. Donostiako Udalean erregistratuta dauden erabilera turistikoko 1.272 pisuetatik ia erdiak daude lehen solairuetatik gora: 559 etxe turistiko, hain zuzen. Hirigintzaren plan orokorrean proposatutako aldaketaren ondorioz, ateak ireki ahal izango dituzte lehen solaiturik gorakoek ere. EAJz eta PSEz gain, PPk ere babestu du aldaketa. EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek aurka bozkatu dute.

Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak argudiatu du «zenbait egoera bizkor arautzea komeni» dela eta horregatik proposatu dutela ordenantzaren egokitzapen bat. Halaber, oposizioari erantzunez, esan du udal gobernuak itxi izan dituela etxe turistikoak, arauak betetzen ez zituztelako, eta arautzeko zegoen eremu bat arautzea zutela helburu.

EH Bilduk udalari gogorarazi dio EAEko Auzitegi Nagusiak 2020ko urtarrilean atzera bota zuela Donostiako Udalak egindako ordenantza, eta onartu berri den egokitzapenaren bidez, auzitegiek atzera botatakoari atea ireki nahi diotela egotzi dio. «Aldaketa hauekin nori egin nahi diote mesede? 559 pisu turistiko daude ordenantza onartu baino lehen ilegalak zirenak, eta gehienak enpresa pribatuenak dira, eta zenbait pertsonarenak, eta haiek baino ez dira aldaketa hauen onuradunak izango», esan du Reyes Karrere EH Bilduko zinegotziak. «Herritar askok joan beharko dute hiritik ezin dutelako etxe bat erosi, alokairuaren eta etxebizitzen prezioa garestitzen dutelako halako neurriek. Ez dugu babestuko herritarren aurka egiten duten neurririk, gutxi batzuen mesedetan eginikoak».

Elkarrekin-Podemosek uste du «egokitzapen puntual» honen bidez pisu turistikoen jabeak aterako direla onuradun. «Auzitegiek bertan behera utzi zutenak egokitzapen batekin aurrera egitea lortu nahi duzue». Egotzi diote «interes espekulatiboen» mesedetan aritzea, eta negozioa lehenestea «mobilizazio sozialari entzungor eginda». Izan ere, etxebizitza turistikoen aldeko neurriak sustatuz Donostiako etxebizitzen prezioa eta alokairuena are gehiago igotzea ekarriko duela uste dute. «Putre funtsen mehatxupean gaude, eta halako neurriek interes orokorraren kontra egiten dute». Eta erantsi dute: «Etxebizitzak bizitzeko daude, eta ez negozioa egiteko».

Pisuen %44 lehen solairuaren gainetik daude, eta EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek egotzi diote hiri ordenantza aldatzea «gutxi batzuen interes partikularren mesedetan», eta hiri ordenantza babes ofizialen mesedetan aldatu beharrean pisu turistikoen mesedetan aldatzea egotzi diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.