Donostiako

Saguestik Mompasko muturrera 700 metroko pasealeku bat egin nahi dute Espainiako Gobernuak eta Donostiako Udalak. Jaurlaritza eta ekologistak proiektuaren aurka azaldu dira.

inaki petxarroman
2008ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Donostiako alkate Odon Elorzaren (PSE-EE) ikur bilakatu da kasik: Gros auzoko Saguestik Monpasko muturrera iritsiko litzatekeen pasealekua. Duela bi aste, Elorza bera Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioko ordezkariekin agertu zen prentsaren aurrean, proiektua aurten bertan egiten hasiko direla iragartzeko. Eusko Jaurlaritzak haserre hartu du iragarpena, eta aurrera segitzen badute, epaitegietara joateko aukera aipatu du.

Auzia aspalditik dator. Elorzak eskatuta, 2005ean pasealekuaren lehen proiektua aurkeztu zuten Fernando Ruiz Lacasa arkitektoak eta Javier Errea ingeniariak.Orain proiektu berritua aurkeztu dute, aurrekoak zituen hainbat ezaugarri aldatuz, ingurumenean eragin ditzakeen kalteak gutxitze aldera. Funtsean hauxe da egitasmoa: 725 metroko pasealeku bat egitea itsas bazterretik. Zabaleran bost metro izango lituzke, eta itsasotik 15 metroko alturan kokatua egongo litzateke, harkaitzetik zortzi metroko distantzian.

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du egitasmoa, eta 14 milioi euroko aurrekontua eskainiko diola agindu du.

Orain pasealekuaren Ingurumen Eraginaren Azterketa amaitzen ari dira, eta aste gutxiren buruan jendaurrean jarriko dute, zuzenketak eta alegazioak biltzeko. Ingurumen azterketak bideragarritzat joko balu, aurten bertan edo hurrengo urtearen hasieran hasiko lirateke lanean, Espainiako Ingurumen Ministerioko Kostetako zuzendari nagusi Jose Fernandezek iragarri duenez.



IKA-MIKA JAURLARITZAREKIN. Donostiako Udalaren eta Espainiako Gobernuaren iragarpenak hautsak harrotu ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean. Esther Larrañagak zuzentzen duen sailak oroitarazi du proiektu horrek kostaldea babesteko legedia urratzen duela. Hain zuzen ere, Jaurlaritzaren arabera, 2007an onartu zen Kostaldea Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak debekatu egiten du Uliako itsaslabarrean ezer eraikitzea, inguru hori babes berezi eta zorrotzeko gunetzat jotzen duelako. Gainera, Europako Batasunak Interes Komunitarioko Gunetzat izendatua du Uliako itsaslabarra, bertako natur ekosistemaren aberastasunagatik. Uliako itsaslabarrean armeria euskadiensis gisako landare babestuak daude.

Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuak diote proiektuak betetzen duela kosta babesteko plana, eta zorrotz zaintzen duela ingurumena, ez obran eta ez obra egin eta gero ere, kalterik eragin ez dezan. Herritarrek kostaldeko leku horretaz gozatzeko eskubidea dutela argudiatu dute egitasmoaren bultzatzaileek.Jaurlaritzaren Lurralde Plan Sektorialak interes orokorreko izatearen baldintza jarria du babestutako guneetan edozer obra egin ahal izateko. Hala, oztopo hori gainditzeko, pasealekuaren bultzatzaileek interes orokorreko izaera eman diote.

Donostian eztabaida piztu du proiektuak, eta gaur egun haren maketa jendaurrean paratuta dago Okendo kulturgunean.

Jaurlaritzak ez ezik, erakunde ekologistek ere salatu dute Uliako itsaslabarrean egin nahi duten burdin eta altzairuzko pasealekua. Aritzalde eta Eguzkik, esaterako, ingurune hori urbanizatzeko borondatea ikusi dute Donostiako Udalaren proiektuaren atzean. Besteak beste, Saguesen hotel bat egiteko lehen urratsa litzatekeela uste dute. Pasealekua egitea legez kanpokoa eta arriskutsua litzatekeela gaineratu dute. Aldi berean, horretan dirutza gastatzea ere gaitzetsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.