Donostiako Gros auzoko Saretxe etxebizitza sindikatuak agerraldia egin du gaur Ategorrieta kaleko 45. zenbakiaren aurrean, Azora funtsak joan den urtean erositako eraikin horretan bizi diren bizilagun batzuk etxegabetze arriskuan daudela jakinarazteko. Oraindik sententziarik ez dagoen arren, bertako etxebizitza baten aurkako etxegabetze agindua datozen asteetan helduko dela ziurtzat jo dute sindikatuko kideek, eta ohartarazi dute «Azorak aurrerapauso bat eman duela bere proiektu espekulatiboan».
Hain zuzen, Kaleratzeak Stop taldeak eta Azoraren Maizterren plataformak joan den ostiralean salatu zuten modura, funtsak Ategorrieta kaleko eraikineko bizilagunen alokairuak %33 igo dituela gogoratu du Saretxek, eta azpimarratu errenta ordaintzeko ezintasuna baliatuta etxetik kanporatu nahi dituztela. Hala, azken hilabeteetan, Azorak, prezioen igoerekin eta epaitegien bidez, «isilpeko kaleratzeak» egin izan dituela salatu dute sindikatuko kideek, eta, horiek amaiarazteko, bizilagunen kontratuak «orain arte eman diren baldintzekin» berritzea exijitu dute.
Horiek horrela, Saretxek uste du Donostiako Udalak, «funts putreen interesak defendatu» beharrean, «neurriak hartu, bizilagunentzat konponbide bat bilatu eta hauen bidelagun izateko» aukera duela, eta bitartekaritza lana egitea eskatu dio. Ildo horretan, udal talde gehienak, PP izan ezik, eginkizun hori betetzeko prest agertu ziren joan den ostegunean, Kaleratzeak Stop taldeko eta Azoraren Maizterren plataformako kideekin eginiko bileran, baina erabaki horren eragina zein izango den ikusteke da. Izan ere, joan den astean Eneko Goia alkateak berriro ere errepikatu zuen kontratu pribatuei buruz ari direla, eta horren aurrean udalak «gaitzespenetik harago ezer gutxi» erantzun dezakeela.
«Ez gaude prest bizilagunak auzotik alde egiten ikusteko»
Saretxeko kideak irmo agertu dira kalteturiko bizilagunen etxebizitza eskubideen defentsan: «Ez gaude prest gure bizilagunak, alokairua ordaintzeko ezintasunaren aurrean eta gazteek emantzipatzeko duten zailtasunaren aurrean, auzotik alde egiten dutela ikusteko». Horregatik, indarrak batu eta Grosen bizi duten egoera salatze aldera, sindikatuak auzoko batzarra egingo du ostegunean, arratsaldeko 19:00etan, eta bertan parte hartzeko deia egin die auzotarrei.
Bestalde, Saretxek jakinarazi du Azorak erositako etxebizitzen %40 hutsik dagoela, eta, horren harira, Grosen hutsik dauden pisuak behatu eta identifikatzeko prozesu bat abia dezala eskatu dio udalari, gerora etxebizitza horiek «publiko bihurtu» eta «bizilagunen beharrak asetzeko» erabiliak izan daitezen.
Ildo horretatik, auzoan hainbat pertsonak zenbait etxebizitza okupatu dituztela nabarmendu du sindikatuak, horren bitartez, «erabilpenik ez duen espazio bati bizitza eman eta beharra duten horiei etxebizitza alternatiba bat eskaini» zaiela azpimarratu. «Gurea zena berreskuratzera gentozela esan genuen, eta hala egin genuen», adierazi dute.