Maite Ziganda. Hegoak elkarteko gizarte langilea

«Drogak kontsumitzean irudi soziala gehiago axola zaio emakumezkoari»

Drogen kontsumoa aztertzeko hainbat ikerketatan parte hartu du Hegoak elkarteak; ikusi dute gizarteak ezarritako rolek, generoak berak, nolako eragina duten eremu horretan ere.

LANDER F.ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
«Gurasoek, seme-alabak institututik heldu eta motxila botatzen duten moduari erreparatu orduko, berehala jakiten dute haiek nola dauden». Hegoak elkarteko gizarte langilea da Maite Ziganda (Iruñea, 1979). Droga kontsumoaren gaineko informazioa zabaltzen saiatzen dira Nafarroako elkarte horretan, eta, batez ere, gaiari buruzko «ardura» sustatzen. Guraso eta gazte askorekin izaten du harremana bere jardunean. Oro har, norabide egokian ikusten ditu gehienak, baina uste du nerabezaroan, gurasoen partetik, «pazientzia pixka bat» ezinbestekoa dela. Gaiari buruz gero eta gehiago jakiteko, ikerketaren aldeko apustua ere egiten dute Hegoak elkartean. Droga kontsumoari buruzko hainbat azterlanetan hartu dute parte, besteak beste, kokainaren kontsumoari buruzko hainbat ikuspegi argitzen saiatzeko. Ondorio interesgarriak atera dituzte.

Igenus fundazioak egindako hainbat ikerketatan hartu duzue parte, droga kontsumoaren gaineko hainbat irizpide argitzeko. Kokainaren kontsumoa izan da ardatzetako bat. Droga ahaztua dela diozue. Zein zentzutan?

Euskal Herrian 1920ko hamarkadan agertu zen kokaina. Artistek-eta kontsumitzen zuten. Frankismoan desagertu egin zen, eta 1960ko hamarkadan agertu zen berriro; aberatsek-eta kontsumitzen zuten. 1980ko hamarkadan, berriz, heroina gailendu zen, eta izurri baten moduan zabaldu zen, eta horrek ekarri zuen kokainaz ez hitz egitea. 1990eko hamarkadan, halaber, pilulak gailendu ziren, eta berriro ere kokaina ahaztu egin zen. Baina poliki-poliki ikusi da klase ertainetara-eta zabaldu dela kontsumoa. Izan ere, kokaina orain hamabost urteko prezioan saltzen da, ez da igo.

Eta orain ere ahaztuta al dago?

Bai, edo ez da horrenbeste hitz egiten hedabideetan. Gainera, kokainaren eragina igual ez da hain bortitza; drogaren arriskuak argiago ikusten dira speedean-eta... Larritasuna ez da horren nabarmena kokainan. Kontsumitzaileek arriskua ikusten dute kokaina ez denean soilik kontsumitzen jai guneetan, baizik eta kontsumoa zabaltzen denean etxera, edota laneko orduetara.

Zein izaten da kokaina hartzen hasteko modurik ohikoena?

Nerabeak hasten dira, 15-16 urterekin, lagun edo ezagunen baten bidez normalean. Kasurik gehienetan pertsona helduagoren baten bidez hasten dira, horrekin beste estatus bat lortzen dutelakoan. Nerabeek, batez ere, taldeko parte direla sentitzeko kontsumitzen dute; bide batez, hala ere, sentitzen dute zerbait txarra egiten ari direla.

Ikerketa batean kokainaren kontsumoak emakumeen kasuan zein bereizgarritasun dituen aztertu duzue. Zer ondorio atera dituzue? Bada ezberdintasunik gizon eta emakumeen artean?

Bai, emakumeei ez zaie horrenbeste gustatzen kontsumo soziala; nahi izaten dute leku itxietan kontsumitzea, lagunekin eta. Gizonek nahiago izaten dute kontsumitzen dutela erakustea, ligatzeko-eta erabiltzen dute. Erostera ere oso gutxitan joaten dira emakumeak kokaina erostera, gizonezkoak aktiboagoak dira horretan. Nolabait ere, ikusi dugu drogak kontsumitzeko orduan irudi soziala gehiago axola zaiola emakumezkoari eta, ondorioz, ez duela edonon kontsumitzen. Emakumeek, alde horretatik, presio handiagoa dute... Kontsumitu eta hurrengo egunean izaten den beheraldiari ere garrantzi handia ematen diote emakumeek, lanean eta familian eragiten baitie.

Kontsumitzaileek aitortzen al dute kokaina kontsumitzen dutela modu argian, esate baterako, familiaren aurrean?

Gehienak arduratzen dira familia ez jabetzeaz; bai emakume, bai gizon. Alkoholarekin ez bezala, kokainaren kontsumoa ez da hain agerian uzten. Esaterako, kontsumitzaileek diote kalamuaz hitz egin dezaketela familiarekin, baina kokainaz ez. Hain justu, tabu hitza agertzen da hor. Hori bai, gero denek aitortzen dute kokaina uzteko orduan familiaren laguntza oso garrantzitsua izaten dela.

Uzteko orduan zailtasun handiak izaten dira? Zer-nola moldatzen dira?

Kontsumitzaileek aitortzen dute oso droga erakargarria dela. Izan ere, emozioetan eragiten du bete-betean. Oso ondo pasatzen duzu kokainarekin, eta eragina, berez, ez da oso bortitza, baina mendekotasun psikikoa oso handia da. Igotzen ari da kokainarekin arazoak dituzten gazte helduen kopurua; 25-30 urte arteko jendeaz ari gara.

Kezka duzue kokainaren kalitatearekin ere, ezta?

Hainbat ikerketak erakutsi dute substantzia arriskutsuak agertzen direla sarritan kokainan. Esate baterako, levamisole izenekoa; albaitaritzan-eta erabiltzen da, eta globulu zuriak jaistea eragiten du, eta, ondorioz, jendea ahulagoa izatea infekzioekiko. Kezka handia eragiten ari da. Beste hainbat substantzia ere agertzen dira, adibidez, eragin anestesikoa dutenak eta toxikoak direnak.

Nerabeekin-eta izaten dira askotan kezkak, drogak kontsumitzen has daitezkeen beldur. Gurasoek asmatzen al dute zer esan?

Gurasoek zenbaitetan oso gauza irrealak esaten dituzte. «Drogek hil egiten dute», esaten dute. Baina gaztetxoek, ateratzen direnean, ez dute hildakorik ikusten. Garrantzitsuena seme-alaba arduratsuak heztea da, hain zuzen ere, pertsona arduratsuak. Egunen batean erratuko dira, nerabe guztiei gertatzen zaie hori, baina pertsona arduratsuak badira, ikasiko dute.

Sarri askotan ez da jotzen haur eta gaztetxoak gehiegi babestera, ordea?

Bai, askotan babestu ditugu pertsonak eta ardura eman diogu drogari, eta ez, norbera da egiten duenaren arduraduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.