Iazko abendutik beste aukera bat dute, ordea, egoera horretan aurkitzen diren gurasoek, amek bereziki. Sei hilabete daramatza zabalik Haurtxoak zerbitzu soziosanitarioak, Agipaden -Drogen Abusuak Ikertzeko eta Prebenitzeko Gipuzkoako Elkartearen- ekimenez. Lehenengo erabiltzailea abenduaren 26an iritsi zen Donostiako Zorroaga gainean duten egoitza berrira. Drogak utzi eta ama izaten hasteko aukera eman nahi die Haurtxoak-ek 0 eta 3 urte arteko umeak dituzten amei.
Egitasmoaren lehen helburua amak dira, baina haurrak dira tratamendu guztia baldintzatzen dutenak. «Motibazio garrantzitsua da haurdunaldia», Haurtxoak-eko hezitzaileen koordinatzaile Javier Aranburuk dioenez. Amatasuna, haurren psikoafektibitatea eta haien arteko harremanaren kalitatea landu nahi dituzte. Egitasmoan sartzen den erabiltzaile bakoitzak bere neurrira egindako tratamendua jasotzen du. Guztientzako arau eta ordutegi zehatz eta jakinak dauden arren, pertsona bakoitzak ditu behar eta zailtasun bereziak.
Oro har, lan finkorik eduki ez duten eta ordutegi jakinik gabe bizi izan diren pertsonak daude Haurtxoak-en. Hezitzaileek diotenez, oso garrantzitsua da amei arauak eta ordutegiak jarri eta betearaztea, diziplina har dezaten eta bizitzeko ohitura berriak har ditzaten. Zortziak aldera jaiki garbitu, jantzi eta logelak jaso ohi dituzte. Elkarrekin gosaldu ostean zeregin zehatzak ditu bakoitzak. Egoitzan bi lan egiten dituzte: etxearen garbiketa eta sukaldeko lanak. Lana edukitzearen pare omen da hori amentzat. Bazkal ostean parkera joaten dira, eta gero umeak garbitzen dituzte eta afaltzen ematen diete. Errutinak garrantzitsuak dira.
«Haurrei on egin die»
Izena gorde nahi duen erabiltzaile batek berriarekin hitz egin du, «Eguneko 24 orduak nirekin bakarrik egotetik, hona etorri dira haurrak, eta hemen jende asko dago, parkera goaz, ikastolara... Haurrei on egin die eta oso ondo egokitu dira. Lasaitasun handia dago hemen, eta langile talde oso ona, asko laguntzen diguna».
Bi eta hiru urteko bi ume ditu emakumeak eta sei hilabete daramatza egoitzan. Oso pozik dago orain duen bizimoduarekin. «Umeak nola lagundu eta haiekin ditugun egoera zail edo gatazkatsuetan zer egin ikasi dut», dio. «Taldeko terapia, guraso izaten ikasteko tailerrak, asko lan egiten da hemen eta eguna egituratua eta ohitura batzuk edukitzeak ere asko laguntzen du».
Emakumeak «zortea» izan duela dio, bere haurretako batek hiru urte dituelako jada eta, hortaz, justu onartu dutelako. Zerbitzuan sartzeko baldintza gehiago bete behar dira, ordea. Erabiltzaile guztiek onarpen fasea pasa behar dute, hasteko. Amak elkarrizketatu eta haiei buruzko azterketa bat egiten dute terapeutek. Egitasmoan onartzeko derrigorrezkoa da amak, egoitzatik kanpo, heldulekuren bat izatea, egindako lana alferrik izan daitekeelako gainerakoan. «Ikusten dugu hau baliabide mugatua dela», dio Aranburuk. «Iritsiko gara iritsiko garen lekura». Familiarekin, zerbitzu pribatu eta publikoekin, lagunekin, saiatzen dira amentzako erreferenteak bilatzen, «ateratzean ezer ez badute, erori egingo direlako berriz».
Zerbitzu integrala eskaini nahi du Haurtxoak-ek. Taldeko terapia saioak eta banakakoak izaten dituzte, astero, amek. Agipadeko familien zerbitzuarekin tailerrak ere egiten dituzte, ama izateko gaitasuna lantzeko, eta gizarte langileekin ere egiten dituzte saioak. Horrekin batera, amen desintoxikatzea ere behatzen dute 24 orduz erabiltzaileekin bizi diren hezitzaileek. Emakumeak Autoestimu arazo handiekin iristen dira, askotan, zentrora, edo arazoak dauzkate harremanetarako, bai haurrekin, bai bikotekideekin. Arazo horiek denak ere lantzen dituzte hezitzaileek, eta haiekin batera lanean ari diren erizain eta terapeutek.
25 urtetik gorako eskarmentua du Agipadek Haize-Gain komunitatearekin, eta hasieran bertan egokitu nahi zuten zerbitzua, haurrak zituzten emakumeen arazoei erantzuteko. Baina laster ohartu ziren haurrak komunitatean sartuz gero, hankaz gora jarriko zela zentroaren martxa. Aranburuk azaldu duenez, Europara jo zuten eredu bila, han ibilbide luzeagoa dagoelako droga mendekotasunak dituzten gurasoekin eta haien haurrekin egindako lanean. «Italian 13 urte daramatzate honetan lanean eta esperientzia oso ona dela ikusi dugu».
Bisitatu dituzten zentro batzuetan adin tarte luzeagoekin lan egiten dute. Berlinen (Alemania), adibidez, nerabezaroa arte luzatzen dute tratamendua. Arazoa sumatu zuten Agipadeko kideek, ordea: «Haurrek dena xurgatzen dute, terapietan entzuten dutena errepikatzen dute, eta zentro horietan ikusi dugu umeak guraso bihurtzen direla. Haiek erakusten diote amari zein gauza ez doazen ondo. Erantzukizuna azkarregi hartzen dute, eta hori ez da ona», Aranburuk azaldu duenez. Horregatik erabaki zuten zentroa 0 eta 3 urte bitartean dituzten haurrei mugatzea.
Generoa, oinarri
Gutxi gorabehera, lau toxikomanotik bat da emakumezkoa, Aranbururen esanetan. Droga mendekotasunen munduan baztertuta egon dira emakumeak, are baztertuago ama izanez gero. Gutxitan eskaini zaie arreta berezitua. «Emakumeak ezaugarri propioak ditu eta, horiek kontuan hartu ezean, gizonezko bihurtzen da emakume hori».
Hala ere, ez dute baztertzen zentroa bestelako arazoak dituzten pertsonei zabaltzeko aukera. Aranburuk argi du: «Gure zerbitzuak beste arazo batzuk dituzten pertsonei zabaltzeko aukera ikusten ari gara, droga mendekotasunarekin zerikusirik ez duten pertsonek ere erabili ahal izateko». Haren ustez, droga mendekotasunak dituzten pertsonentzat ez ezik, oro har, honelako zerbitzuen beharra dago.
Italian 13 urtedaramatzate honetan lanean eta esperientzia oso ona dela ikusi dugu»
«Gure zerbitzuak beste arazo batzuk dituzten pertsonei zabaltzeko aukera ikusten ari gara»
Javier Aranburu
Haurtxoak-eko hezitzaileen koordinatzailea
20
Erabiltzaileak. Zentroa ireki zenetik, 20 lagun -11 guraso eta 9 haur- artatu ditu Haurtxoak-ek. Laguntza eske hurbiltzen diren gehienek kokainarekin izan dituzte arazoak eta emakumeak dira, 25 eta 40 urte artekoak. Betetze mailaren % 60ra dago zentroa.3
Faseak. Hiru fase ditu tratamenduak: diagnostikoa, egoitza eta gizarteratzea. Terapeutek baldintza batzuk eskatzen dituzte egoitzan sartzeko: kanpoan heldulekuren bat izatea eta droga kontsumoa uzteko borondatea, batik bat. Egoitzan urtebete eman dezakete gehienez.28 urteko esperientziaren gerizpean sortu da Haurtxoak
Agipad Drogen Abusuak Ikertzeko eta Prebenitzeko Gipuzkoako Elkartea 1980an sortu zen. Bi urte geroago Haize-Gain komunitate terapeutikoa zabaldu zuten Oiartzunen (Gipuzkoa). Zerbitzuak ugaritu dituzte geroztik: prebentzioan eta familiekin lan egiteaz gainera, tratamendu ibiltaria eskaintzen dute.Arazo psikoafektiboak izan ditzakete drogazaleen umeek
Droga mendekotasunak dituztenen haurrek harremanetarako zailtasunak izan ditzakete, eta baita diziplina arazoak ere -jateko eta garbitzeko, adibidez--. «Askotan arazo psikoafektiboak izaten dituzte», dio Agipadeko psikologo Mertxe Sainzek. Haurtzaroa nortasuna egituratzeko oso garai garrantzitsua dela uste du Sainzek. Ez umeek bakarrik, baita amek ere. Bestalde, osasun fisikoan ere eragin diezaieke haurrei, hepatitisa eraginez, adibidez. Haurdunaldian opiazeoak, kokaina edo anfetaminak hartu dituzten amen haurrak abstinentzia sindromearekin jaio daitezke, drogazaleak balira bezala. Jaiotzean 15 egun edo gehiagoz eduki behar izaten dituzte inkubagailuetan haur horiek.«Programa aitzindari eta abangoardista»
Haurtxoak proiektu aitzindaria da Euskal Herrian, sortzaileek esan dutenez. Badaude droga menpekotasunak dituzten emakumeekin lan egiten duten zentroak, eta geroztik bertan haurrak sartu dituztenak ere badaude, baina Haurtxoak da, bai gurasoekin, bai haurrekin, hasieratik eta modu berezituan lan egiten duen zentro bakarra. Europan badira bestelako esperientziak, Agipadeko kideek bisitatu eta eredu moduan erabili dituztenak, Berlingo (Alemania) Tannenhof zentroa edo Veneziako (Italia) Villa Renata komunitatea, besteren artean. Austrian, Belgikan, Espainian, Herbehereetan eta Txekiar Errepublikan ere badira zentro gehiago. Haien lana aztertuta zabaldu du zentroa Agipadek.Ainhoa Nuñez Hezitzailea
Lan gogorra da hezitzailearena, baina aldaketak, «kontu txikietan», segituan ikusten direla uste du Ainhoa Nuñez Haurtxoak zentroko hezitzaileak.
«Amak etortzen dira ibiltzen ez dakien umea legez, eta oinarria hartzen dute»
M. P. A. DonostiaHaurtxoak zentroko hezitzaileek 24 orduko lan jardunak egiten dituzte zentroan, txandaka. Beharrezkoa da etxean beti norbait egotea. Ainhoa Nuñez (Zarautz, 1983) da hezitzaileetako bat.
Nondik iristen dira Haurtxoak-en erabiltzaileak?
Gehienak Diputazioaren gizarte zerbitzuetatik etortzen dira, han haurrekin zer gertatuko den kezkatuta daudelako. Oso egoera zailak dira, amek askotan ez daukatelako inolako oinarririk, ez familiarik, ez kargu egingo den inor. Hasieran eskatzen dugu norbait edo oinarri bat edukitzea. Nahiz eta lan bat egin, gero ez badago oinarririk kanpoan, alferrik da. Hau bizitza osorako egoitza bihurtuko litzateke, eta Agipaden helburua ez da hori, baizik eta gizarteratzea. Diagnostikoa egiten diegu, eta hor ikusten da zein aukera dituzten, eta gutxienekobatzuk ez badira ematen, gizarte zerbitzuetar itzultzen ditugu atzera.
Zeintzuk dira eskatzen dituzuen gutxieneko horiek?
Eskatzen dugu kontzientzia edukitzea tratamendurako, aldatzeko borondatea edukitzea, ez kontsumitzeko konpromisoa eta, gero, familia edo norbait edukitzea. Oso garrantzitsua da erreferentziaren bat egotea.
Urtebete irauten du egoitza faseak. Nahikoa da?
Uste dut inoiz ez dela nahikoa. Hemen hartzen dituzte oinarri batzuk, garatzen hasten dira tresna batzuk. Amak etortzen dira ibiltzen ez dakien umea legez, eta oinarria hartzen dute, eta ibiltzen hasten dira. Guretzat hori da garrantzitsua, gero ibiltzeko oinarri hori hartzea pixkanaka. Egoitzako aldiaren ostean jarraipena egiten dugu gizarte langileekin. Haiek eramaten dute gizarteratzea, emakume horiek kalean nola egongo diren, prestakuntzarik behar duten, lana egingo duten, aisialdia nola antolatuko duten, haurrekin zer gertatuko den...
Egoitzatik irten eta gero nola laguntzen du Agipadek?
Ahal den neurrian laguntzen dugu. Emakume batzuek familiarengana itzultzeko aukera dute, beste batzuek ezin dute. Gainera, zerbitzu asko ere ez dago emakumeentzat. Harrera etxebizitza bat edo bi bakarrik daude kasu hauetarako.
Zein arazorekin iristen dira erabiltzaileak?
Autoestimu arazoak izaten dituzte, ez dute batere maite beren burua, ez daukate inongo segurtasunik, ez dute sinesten beren gaitasunetan... Bizitzak gogor egin dien emakumeak dira. Batzuek, gainera, sexu gehiegikeriak edo bikotekideen tratu txarrak jaso dituzte, nahiko egoera latzak. Haiengan ikusten diren gaitasunak baloratzen eta dituzten abileziak pixkanaka lantzen saiatzen gara.
Bakarrik etortzen dira amak?
Gehienak bai. Hona ezin dute aitek etorri, normalean behintzat, nahiz eta orain aita bat ere badugun. Emakumeek ekartzen dute, Diputazioak zehaztutakoaren arabera, umearen aitak bisitak zenbatero eta non egin ditzakeen. Aitak, hemen arazo bezala azaltzen dira kasik. Emakume asko oso kateatuta daude bikotekideekin, ez dakite mozten harremana, arazo asko sortu dizkion pertsona bat izan arren. Mendekotasun emozional handia dute.
Nola ikusten dituzue lanean emandako sei hilabeteak?
Balantzea ona da. Gogorra da, baina nahi izanez gero badago aurrera egiterik. Beren aldetik jarriz gero, aukera bat da emakume hauentzat. Beharrezko dute etenaldi bat egitea beren bizitzan, eta ordena pixka bat jartzea. Jabetu behar dute erantzukizun bat dutela umeekiko eta zer egingo duten erabaki behar dute. Hau da tresna bat umeekiko harremana lantzeko, amak ikas dezan bere haurrak zer behar dauzkan, nola aurre egin behar horiei.