Zergatik eta zein helbururekin antolatu dituzue erizainentzako jardunaldiok?
Antolatzen diren ikastaro, kongresu eta jardunaldiak arlo horretako espezialistentzat izaten dira beti. Iaz, baina, hainbat jarduera antolatu genituen ugalketa lagunduan aritzen ez diren ginekologoentzat. Ginekologo horiek dira lehen arreta eskaintzen dutenak, aholkua ematen dutenak, eta ezinbestekoa da ginekologo hori benetan egin daitekeenaren jakitun izatea.
Aurten erizainei eskainiko diezue prestakuntza. Zergatik?
Batetik, erizainen egitekoa oso garrantzitsua delako ugalketa lagundurako unitateetan, zuzenean parte hartzen dutelako prozesu osoan. Bestetik, lehen arretako zentroetan pazienteak askotan konfiantza handiagoa izaten duelako erizainarekin, ginekologoarekin baino; erizainari egiten dizkiote ginekologoari egiten ausartzen ez diren galdera asko. Beraz, erizain eta emaginentzat dira jardunaldiak.
Zein da jardunaldien helburua?
Ugalketa lagunduari buruzko kontzeptu orokorrak errepasatuko ditugu, azken urteetako aurrerapenen informazioa eman, eta, azkenik, hemen eskaintzen diren teknikei buruzko prestakuntza eskainiko zaie. Finean, erizainak egunean jartzea da xedea.
Ugalketa lagundua aldatu den bezala, pazientearen profila ere aldatu da, ezta?
Hasiera batean, bikote antzuak edo zailtasunak zituzten bikoteak izaten ziren, baina hori asko aldatu da. Bikote antzuak badira, noski; eta gero eta gehiago dira, umeak izateko adina asko atzeratu delako. Baina emakume bikoteak ere asko dira; baita bikotekiderik gabe ama izan nahi dutenak ere.
Zeintzuk dira arlo honetan izandako aurrerapen nagusiak?
Berrikuntza izugarriak izan dira 1978an lehen probeta umea jaio zenetik; pentsaezinak ziren lorpenak egin dira. 1990eko hamarkadan, injekzio intrazitoplasmatikoa [ICSI] asmatu zen, eta kalitate oso baxuko semena dagoenean espermatozoideak banan-banan obuluan sartzea ahalbidetu zuen. Gero, espermatozoiderik gabeko eiakulazioa zuten gizonei espermatozoideak barrabiletatik ateratzea lortu zen, eta pauso handia izan zen. Hamarkada amaieran, ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoak aukera eman zigun gaixotasun genetiko heredagarririk ez duten enbrioiak hautatzeko. Pauso itzela eman da genetikari esker.
Amatasun adina asko atzeratu da. Eragin handia du zuen jardunean?
Gurean 39 urtekoa da emakumeen batez besteko adina. Adin horretan, batetik, zailagoa da haurdun gelditzea; baina, bestetik, obulu hori zahartuta dago, eta enbrioia lortzen denean alterazio kromosomatikoak izateko aukera handiagoa da. Genetika aurrerapenak oso garrantzitsuak dira horretan ere. Ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoaren bidez, Downen sindromea eta antzeko alterazio kromosomikoak ekidin ditzakegu. Semenaren garbiketa ere egiten dugu, hiesa edo hepatitisa duten gizonen espermatozoideak gaitzetik libre uzteko. Izugarria da aurrerapena; duela 30 urte zientzia fikzioa zirudiena egin dezakegu orain.
Aurrerapen horiei erreparatuta, zein da egoera Gipuzkoan?
Oso ona; Gipuzkoan ditugun baliabideak punta-puntakoak dira, bai publikoan, bai pribatuan. Sare publikoan, adibidez, ez da diagnostiko genetikoa egiten, baina gainerakoan oso zerbitzu ona eskaintzen du. Horrez gain, Osakidetzak 40 urtetik gorako emakumeei ez die tratamendurik egiten, eta sare pribatura jotzen dute horiek. Berrikuntza guztiak eskaintzen dituen zentro bat baino gehiago dago sare pribatuan.
Zein dira ernalezintasunaren arrazoi nagusiak?
Bi dira arrazoi biologiko nagusiak. Batetik, gero eta ohikoagoa den arazo bat, semenaren kalitate eskasa; bestetik, amaren eta, ondorioz, obuluen adina. Emakumearen adina dute obuluek, eta horrek eragin zuzena du ugalkortasunean. Horregatik, gero eta gehiago aholkatzen dugu obuluen bitrifikazioa, 25 urterekin obulua gordetzen duenak 40-45 urterekin ere 25 urteko baten haurdunaldia izango duelako. Teknika berria da, 2010ekoa, eta emakume askok jada berandu denean izaten du horren berri, umearen bila hasi denean eta haurdun geratzerik lortzen ez duenean. Garrantzitsua da emaginek eta erizainek teknika horien berri jakitea, emakumeari behar den garaian aholkatzeko.