Analisia

EA, ataka zailean

joxerra senar
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Karlos Garaikoetxeak irailean zioen EA eskuzabaltasunez jokatzen ari dela eta ezker abertzalearen estrategia aldaketaren bermatzaile dela. Bide horrek arriskuak hartzera eraman du, baita kontraesanak eragin ere. Egia da irailetik mundu bat pasatu dela eta gizartearen zati bat egindako apustu horren norabidea irudikatzen ari den honetan, zurrunbilo politikoaren erdian kokatu da berriro.

Azken asteetan, toki guztietatik kritikatu dute EA. Troiako zaldia direla, trapezistak direla, euren burua argitu dezatela... Akatsak ez dira falta —Uxue Barkosen inguruko erabakia tarteko—, baina NaBaiko beste hiru eragileek ataka estuan jarri dute, eta hurrengo orduetan erabaki zaila hartu beharko du: onartuz gero akordiorako baldintzak—edo «NaBairen aldeko konpromisoaren berme fidagarria», Zabaletaren hitzetan— , ezker abertzalearekin hitzartutako akordio estrategikoak airean geratuko dira, eta lurrikara politikoa eragingo du. Bestalde, kontrakoak esan nahi du NaBaitik at geratzea eta Nafarroako bere militanteen artean zatiketa bati aurre egitea. Hots, beste lurrikara politiko bat.

Haatik, ez da EA arriskuak hartuko dituen bakarra. Azkenik, EA koaliziotik at geratuz gero, Aralar EAJrekin batera aurkeztuko da NaBain eta errealitateak oso zail bihurtuko du Nafarroan lehen indarra izateko helburua. EAEn, berriz, erabaki hori ulertua izan ez daitekeelako, boto-emaileek zigortzeko arriskua du Aralarrek. Emaitzek argituko dute asmatu duen edo ez.

Eroso EAJ dago. Ezker abertzalea NaBain sartzeko aukeraren inguruan bere presentzia arriskuan ikusi du azken hilabeteetan, baina bere esku-hartzeak eraginik izan du. Azalpenak ematearen zama eta ardura, gainera, Aralarri egokitu zaio. Atzo bertan, Zabaleta eta Barkos izan ziren azalpenak ematen.

Agerian geratu da Euskal Herrian estrategia abertzale bateratu bat izateko zailtasuna, eta badela Nafarroan sektore bat EAEko esku-hartzerik gabe jardutea nahi duena; ikuspuntuen urruntzea izan liteke kezkagarriena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.