Bigarrena du. 1999. urtean kazetari berria ataleko Rikardo Arregi saria eskuratu zuen Ainhoa Oiartzabalek. Orain, hamabi urteren itzulian, aipamen berezia. Oraingoan, bereziki, erreportaje saritua lantzeko izan zuen «denbora» eskertu du, kazetaritzan, sarri, hain preziatua izaten den lehengai hori. Erreportaje sarituan 1960an Donostian Begoña Urroz umea hil zuen atentatua nork eragin zuen argitzen saiatu da. ETAko lehen biktimatzat hartua da, baina tesi horren ahultasuna agerian utzi du idatzitako lanean.
Nork hil zuen Begoña Urroz?' lanagatik jaso duzu saria. Zein esanahi du zuretzat erreportaje honek?
Aukera izan dut gai bat hartu, barruraino sartu, eta gai horren hari mutur guztiak ez baina ahalik eta gehienak behintzat tira, eta ea zer lortzen genuen ikusteko. Asteetan luzatu zen horregatik, ahalik eta pieza gehien eskuratzeko; baina, tira, nik uste dut azkenean lortu genuela. Garaiko jende oso esanguratsua elkarrizketatzea lortu dugu, haien lekukotasuna jasotzea. Aditu askorekin ere hitz egin dugu: historialariekin, kazetariekin, eta haiek ere oso ondo hartu gaituzte. Lana ondo eginaren sentimendua du.
Ikerketa kazetaritza ez da gehiegi lantzen gaur egun...
Aukera gutxi izaten dugu kazetariok honelako lan bat egiteko. Aukera emateko, baten batek, esanez: 'Hartu behar duzun denbora gai hau lantzeko...' Gozamen bat bat da hori egitea. Buruko minak ere izan dira, batzuetan handi xamarrak, ematen zuelako aurrera egin ezinik geratuko zela lana, baina ateratzean denean, eta hartzen duenean abiadura bat, batak bestea dakar, eta luxu bat da honelako lan bat egitea.
Zein sentimendu dituzu orain, idatzi eta hainbat hilabeteren bueltan, erreportaje horren inguruan?
Aste honen hasieran irakurri nuen berriro, aspaldiko partez. Gauza batzuekin harritu egin nintzen. Sarri, hain sartuta zaudenean perspektiba galtzen duzu, eta orain perspektiba pixka batekin zenbat jenderengana jo genuen ikusi dut, eta zer mosaiko osatu genuen. Pena dut hainbat jenderengana ezin izan ginelako iritsi ere. Beste arantza da lan hau euskaraz atera dela, eta badirudi euskal irakurleak irakurtzen duela eta hor gelditzen dela, baina ea balio duen gezur hori [Begoña Urrozen heriotzaren ingurukoa] gelditzeko eta egiari beste aurpegi bat jartzeko.
Hainbat belaunalditako kazetariak elkartu zarete oholtza gainean. Zer gogoeta eragiten dizu euskal kazetaritzaren historia bizi horrek?
Nik ikusi dudana behintzat da hobetuz joan garela: Internet, sare sozialak... Garai batekoek imajinatu ere ez zituzten egingo, ezta guk ere orain dela urte batzuk. Baina hor gaude, ez dugu tren hori galdu, eta ez dugu konplexurik lan horiek egiteko. Ondo ari gara, baliabide gutxirekin oraindik, baina horretan segi beharko dugu lortzeko.
Bigarren saria duzu hau. Lehenengoarekin nola alderatuko zenuke hau?
Lehenengoan uste dut esan nuela azterketa bat gainditzearen antzekoa izan zela hura, eta hau, berriz, aitormen bat egiten dugun lanari, eta nik egin dudan honi zehazki. Erantzukizun handiagoarekin ere hartu dut hau. Lehendabizikoa izan zen: 'Baimena ematen dizugu kazetari izateko'. Oraingo honetan esan nahi du pixka bat luparekin begiratuko dutela egindako lana, eta, ondo, baina, jakina, lana egin behar dela, eta ondo egin behar dela.
Ainhoa Oiartzabal. BERRIAko kazetaria
«Ea egiari beste aurpegi bat jartzeko balio duen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu